165. Umetzen

Amos Oz idazleak (1939-2018) esana da honako hau: “Agian, globalizazioaren alderik txarrena da gizakiaren umetzea. Haurtzaindegi globala, jostailuz eta trastez, gozokiz eta piruletaz betea” [Tal vez el peor aspecto de la globalización sea la infantilización del género humano. El jardín de infancia global, lleno de juguetes y cachivaches, de caramelos y piruletas]. Gaur goizean, udaletxe aldera nindoala, zigarrokin piloa lurrean zabal-zabal botata ikusi ditut taberna eta etxe atari batean, eta beste taberna baten atarian, berriz, artalde batentzat nahiko azpigarri egiteko adinako pipa-azal mordoa. Orduantxe etorri zait burura Amos Oz-en esaldia. Zeharo umetzen ari gara.

Umeei, zerbait jaten edo zerbaitekin jolasten ari direnean eta gauzak lurrean botata uzten dituztenean, “aizu, eraman ezazu hori bere lekura” edo “bota ezazu hori behar den lekuan” esaten diegu, horrela, hazten direnean pertsona hezitakoak izan daitezen. Amorratuak izan ohi dira umeak –eta ez hain umeak– galtzerdiak, galtzontziloak, oinetakoak nonahi uzten eta han ibili behar izaten dute –gehienetan emakumeek, gutxiagotan gizonezkoek– bestek utzitako “kakak” garbitzen.

Jakina, umeek egingo luketen bezala, orain (helduren) baten batek esango dit: “Non da ba udaletxea, behar den lekuan hautsontziak eta zaborrontziak jartzeko?”. Eta ausartago batek esango du, berriz: “Zertarako daude ba garbitzaileak?”. Eta lasai demonio geratuko gara, luzea bete zabal. Horixe bada, haurtzaindegi globala. Gero, hori bai, hitzetik hortzera darabilkigu zabor kudeaketa egokia, birziklatzea, aldaketa klimatikoa, itsasoko plastikoa eta arrosario santua. Baita zera ere, zakurraren potroak!

Norberak hori baino ardura gehiago behar du, eta enpatia pixka bat daukanak berehala konturatu behar du kaka horrela kalean botatzeak dakarren lana (besterentzat), dakarren gastu publikoa eta garbitzaileak beste zeregin batzuetan ezin jardun izana. Herria zikina omen dagoela? Berriz ere egongo duk guk buru gehiago ez badugu. Garbitzaileek ez lukete ibili behar bestek egindako kakak eta botatakoak garbitzen; garbitzaileek “zikinkeria” naturalak garbitzen egin beharko lukete lan: zuhaitzetako hostoak, adaxkak, hautsa, lokatza… ez gizakiok sortutako zaborra. Pentsa zenbat gauza eder egin ahal izango lituzketen gure garbitzaileek guk botatakoak jasotzen jardun beharko ez balute.

Gero hemen beste kontu bat dago: ez dugu uste kalea geurea denik. Inork gutxik botako ditu pipa-azalak bere etxeko sofa ondoan –narras konpleto bat ez bada– baina kalean, norbere etxea ez nonbait, eta guztiz zilegi dela dirudi. Bada, nik esango nuke herriko kaleak eta txokoak geureak balira bezala hartzen ez ditugun bitartean, ez garela benetako herritarrak izatera iritsiko. Herria maite duena herria zaintzen ahalegintzen da, ez dena kakaz brastiatzen.

Katuak edo beste edozein animaliak ez du behin ere kakarik egiten bere habian, eta kanpoan egiten duenean ere –etxekotutako animalia maskal horietako bat ez bada– lurrez edo belarrez ezkutatzen saiatzen da bere zaborra. Hemen, ordea, kalean zabal-zabal, trofeoak balira bezala, uzten ditugu geure miseriak, kakak, zigarrokinak eta pipa-azal eta bestelakoak. Laster lehiaketak egiten hasi beharko dugu zein baino zein narrasago, zein baino zein urdeago. Erakusketa bikain bat ere antola dezakegu jendeak kaka bezala kalean lagatako hondakinekin. Beste behin ere, apropos datorkigu beste esaldi hura, “Cosas de Cestona, ora pro nobis”.

PD. Pixka bat erretxintzen naizenean, amaren bat beti etorri ohi zait xehetasunen bat kritikatuz, umeei buruzko aipamen hau edo hura, irudi hau edo hura dela eta. Esan dezadan ezer baino lehen, umeak aipatzen ditudanean, guztiz errespetuz hitz egiten dudala, haien jokaera ulertuz, ikasten eta heziketa jasotzen ari dira eta. Helduez ari naizenean, ordea, zentzurik txarrenean esaten dut, ikasi eta heziketa jaso eta gero umeen antzera jokatzea kritikagarria iruditzen zaidalako.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide