167. Zestoa, uste baino gehiago

Ramon Cortazar arkitekto ezagunak esana da honako hau: “Zestoa Gipuzkoako beste nekazari-herrixka bat gehiago izango zen, ia batere hazkunderik gabekoa, bere lurraldean sortzen diren ur sendagarrien ustiapena eta aberastasunarengatik ez balitz. Espainian oso ezagunak eta goraipatuak dira eta uda garaian milaka lagun erakartzen dituzte eta denboraldi luzea egiten dute bertan.

Horrek ekarriko zuen, besteak beste, gure udalerrian hain merkataritza eta ostalaritza eskaintza aberatsa izatea, baina kontu horrek beti sortu du hizpidea gure artean eta lerro hauetara ekartzea pentsatu dut. Betiko eztabaida izaten da: ordukoa edo oraingoa, zein zen herri osatuagoa, denda, taberna eta zerbitzuei dagokionez? Egia esan, gaur egungo jendearen joerak, alegia, kanpoko merkataritza-zentroetara joateko ohiturak asko baldintzatzen du herriko zerbitzuen zabaltasuna eta errentagarritasuna baina, tira, 1947ko establezimenduen gidatik ateratako datuak ekarri nahi izan ditut hona, pixka bat hizpidea sortzeko.

Tamalez, gidak ez du establezimenduen helbiderik jartzen eta lan nekez samarra iruditu zait lerro gutxi hauetarako helbide horiek neuk ikertzea eta, ondorioz, horrelaxe utzi dut, hutsik. Nolanahi ere, irakurleak berehala igarriko dio garai batean kasko historikoan, alegia, Erdikalea, plaza, Elizkalea, Kaleokerra, Portale eta inguru horietan kokatzen zirela dendak eta gaur egun Gesalaga eta Gurutzeaga aldera zabaldu direla. Bestalde, gazte jendeari zaila egingo zaio establezimendu asko gaur egun identifikatzea baina oso aspergarria iruditu zait denda bakoitza non zegoen edo zeinena zen adieraztea. Hutsune hori konpondu nahi izanez gero, aukera ederra duzu, irakurle, zure guraso edo aiton-amonekin juntatu eta elkarrekin irakurri eta aztertzea testu hau. Tira, ba, ez naiz luzatuko. Hori bai, 1947ko zerrenda aurkeztu aurretik hausnarketa txiki bat utziko dut hemen. Kaleokerrari begirada bat eman besterik ez dago dendarik gabeko herri bat zer den ikusteko: tristura, bizitzarik gabeko eremua eta dekadentzia. Eutsi diezaiogun eta erabil ditzagun, bada, dauzkagun denda eta tabernak, gure esku dago eta herri bizi eta aberats bat izatea edo lo egiteko leku triste bat bihurtzea.

* * *

Zestoako herriguneko establezimenduen gida

3.375 biztanleko hiribildua. Azpeitiko barruti judiziala. Distantzia Donostiatik, 44 kilometro, eta Azpeititik 8. Herriko jaiak irailaren 8, 9 eta 10ean; ekainaren 26an, Santa Ana, erromeria egiten da Arroan; abuztuaren 15ean Aizarnan; eta San Joan egunean herrigunean; ganadu feria hileko azken asteazkenean, eta azoka ostiralero goizez. Urola trenaren (Zumarraga-Zumaia) geltokiak eta Vascongados trenarena Arroan. Azpeititik datorren errepide bat pasatzen da, eta Iraeta auzoan bitan banatzen da, bat Arroa aldera eta bestea Aizarnazabal aldera; azken errepide honetatik abiatzen da, Amilibiako gainean, Aizarnan bukatzen den beste bide bat. Garia, artoa, sagarra, tuberkuluak eta abar ekoizten ditu; behi eta txerri-ganadua hazten du. Honako auzo edo entitateak ditu: Aizarna, Arroa, Txiriboga (“Chiguaya” dio agiriak), Ibañarrieta, Iraeta eta Lasao. Telefonoa. Udaletxea, 410 telefonoa.

AGINTARIAK: Alkatea, Luis Suso Diaz. Idazkaria, Francisco Javier Aramburu. Bake epailea, Jose Manuel Sorazu. Epaitegiko idazkaria, Pedro Trueba. Fiskala, Jesus Odriozola. Udaltzainburua, Antonio Cestona.

LANBIDEAK: Aseguru-ordezkaria, Eustasio Zunzunegui (La Catalana). Merkataritza-ordezkaria, Miguel Lizaso. Igeltseroak (maisuak), Antonio Alberdi, Francisco Alberdi, Barrena Hermanos eta Carlos Goya. Obra kontratistak, Luis Galarraga eta Juan Jose Vergara. Bikarioa, Jose Azcoitia. Bikario-ordea, Nicolas Apaolaza. Ferratzaileak, Jose Ostolaza eta Juan José Ugarte. Maistra, Luisa Moronati. Maisua, Juan Sanchez Corral. Medikuak, Juan Arrazola Echeverria eta Fernando Trueba. Jostunak, Isidra Arizti, Patrocinio Bengoechea, Benigna Echave eta Jovita Saezmiera Uyarra. Praktikantea, Miguel Tamayo. Ondasun-jabe nagusiak, Aguas y Balneario de Cestona, S. A.; Felix Aramburu, Condesa de Alacha, Joaquin Elorza, Hijos de Blas Alcorta, Miguel Irure, Lizaso Hermanos eta Oyarzabal Hermanos. Albaitaria, Jose San Juan Lafita.

MERKATARITZA ETA INDUSTRIA: Ongarriak, Hijos de Viuda Zunzunegui. Abarketak, Antonio Larrañaga. Tresna elektrikoak (salmenta), Maria Cortadi eta Roque Gaztañaga. Ehiza, arrantza eta kirol gaiak (salmenta), Justo Larrañaga. Automobilak (alokairua), Roque Arocena eta Hotel Asuncion. Bizargintza, Jose Andres eta Viuda de Santiago Sagarzazu. Tabernak, Bar Alcorta, Bar Asunción, Bar Buenavista, Bar de la Estación, Bar Choco, Bar Esperanza eta Bar Herrero. Oinetako konponketa, Jose Maria Aramberri, Justo Larrañaga eta Ignacio Orbegozo. Ikaztegiak, Cooperativa de Nuestra Señora eta Hijos de Viuda de Zunzunegui. Harategiak, Lucas Echeverria, Ricardo Inchausti eta Martin Iriondo. Aroztegiak, Luis Galarraga, Jose Ibarbia eta Nicolas Mendia. Aroztegi mekanikoak, Segundo Lili, Juan Jose Ugarte, Casa Alberdicoa (Lasao). Gurdiak (eraikuntza), Juan Jose Hermanos eta Odriozola Hermanos. Zementu fabrikak, Juan Alberdi, Cementos Portland A. B. C. (Arroa), Cementos de Zumaya y Electricidad, S. A. (Iraeta), Cementos Uriarte y Zubimendi, S. A. , Cementos La Concepción eta Corta y Cía. Aleak, Hijos de Viuda de Zunzunegui. Janari-dendak, Cooperativa de Nuestra Señora, Joaquin Elorza, Hijos de Viuda de Zunzunegui eta Micaela Iceta. Puntuzko gaien ehungintza, Mi Tienda de Rafaela Iturbe. Gozogintza, Anastasio Alcorta, Cortadi Hermanos eta Joaquin Elorza. Eraikuntza mekanikoak, Julian Eguiguren. Aizto-salmenta, Maria Cortadi eta Roque Gaztañaga. Txokolategintza, Joaquin Elorza. Sagar eta frutazko dultzeak (lantegia), Hijos de Viiuda de Zunzunegui. Estankoa, Regil-en alarguna. Farmazia, Agustin Arrazola-ren alarguna. Burdin-denda, Maria Cortadi. Burdin eta brontze fundizioa, Echave y Cía eta Julian Egiguren. Gaseosak (lantegia), Antonio Iriondo. Gasolina, Jose Urreta (bainuetxea). Ferratzaileak, Ricardo Azcue, Narciso Odriozola, Jose Ostolaza eta Juan José Ugarte. Hotelak, Alcorta, Arocena (bainuetxe ondoan), Blasa, Cristina, Estación, Irure, Lizaso, Oyarzabal, Querejeta, Urola, eta bainuetxeko hotelak. Lejia, Antonio Iriondo. Nekazaritza-makineria (salmenta), Hijos de Viuda de Zunzunegui. Egurra lantzeko makineria (eraikuntza), Julián Eguiguren. Mertzeria eta kinkilak, José María Bengoechea, Benigna Echave, Joaquín Elorza, Rafaela Iturberen Mi Tienda. Okindegia, Matias Egigurenen semea eta Zabaleta anaiak. Ostatuak, Felix Alberdi, Luisa Alberdi, Javier Aristi, Manuel Errasti eta Miguel Iruretaren alarguna. Erloju-denda, Joaquín Orbegozo. Sastreria, Juan Arbelaiz eta Jose Bastarrica. Zerrategiak, Nicolas Mendia, Juan Jose Ugarte eta Juan Jose Vergara. Sagardoa (lantegia), Viuda de Modesto Echeverria eta Jose F. Urteaga. Tabernak, Alberdiren alarguna, Teodoro Goenagaren alarguna, Jose Ibarbia, Manuel Iceta, Silvero Lizarralderen alarguna, Antonio Unanue eta Francisco Zubimendi. Oihal-dendak, Aldalurren alarguna, Jose María Bengoechea eta Joaquin Elorza. Ardoak, handizkakoa, (salmenta), Cooperativa de Nuestra Señora eta Joaquin Elorza. Zapata-dendak, Jose Maria Aranberri, Justo Larrañaga eta Ignazio Orbegozo.

BESTE JARDUERAK: Alondegia, administraria (hutsik). Bainuetxea, jabea, Aguas y Balneario de Cestona S. A. Bankuak, San Sebastian (zuzendaria, Eustaquio Zunzunegui), Guipuzcoano (zuzendaria, Esteban Olazabal). Aurrezki Kutxa Probintziala, agentea, Fidel Lizaso. Miserikordia etxea, lehendakaria, alkatea. Postetxea, postaria, Carmelo Arrizabalaga. Urolaren tren geltokia, burua, Jose Goñi. F.E.T y de las J.O.N.S., burua, Joaquin Orbegozo. Hiltegia, administratzailea (hutsik). Telefonoa (lokutorioa), arduraduna, Consuelo Arin.

Argazkia: bainuetxeko denda bat: Sucursal de la “Primavera de Zarauz”

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide