168. Maurilia eta teilatuak

Gaur egun, dena ikusia dago Google Maps eta antzekoak direla medio eta, zer esanik ez, Street Wiew delako hori zure etxe ondotik pasatzeko “zortea” (txarra edo ona bakoitzak esango du) baldin badaukazu. Geure etxe-jira guztia miatu dezakezu street hori dela medio, eta ederki asko ikus ditzakezu gure aita, atarian eserita, ama eta auzoko Joan Joxe zena bere Suzukian, leihotik hizketan, gerriz goia gorririk duela. Norbere intimitatea txakurraren salan! Google-buruak eurak jarriko nituzke, ipurdi bistan, beste zera horretan, pare-parean, laino moduko difuminatu hori ipiniz, puzkerra botatzen ariko balira bezala. Tira, kristaurik bareena ere pipertuko lukete demonio lerdo horiek!

Baina hel diezaiogun gaiari. Gaur oso erraza da, teknologiari esker (internet, dronak…) bazter guztiak gainetik, txori-bistaz, ikustea baina orain gutxi arte mendi gain edo goietara igo behar izaten zen argazki honetan bezalako bistak ikusteko. Ertxiñatik, Izarraiztik, Agidotik edo Endoiatik ikus zitekeen Zestoaren edertasuna –batez ere, orain baino txikiagoa zenean; herria esan nahi dut– eta kanpandorretik gure gune historiakoaren gainaldea. Oraindik ere gogoan dut zer zirrara eragin zidan umetan, Zestoa Ertxiñako gure saletxetik lehenbiziko aldiz ikusi nuenean.

Honako argazki honek 30en bat urte dauzka eta Vicente Davilak egina da “Zestoa Patrimonio Histórico-Artístico” ikerketarako. Argazki bezala oso ederra da nire iritziz, eta esanahi franko bilatu diezazkiokegu. Ikusten den bezala, kanpandorretik ateratako argazkia da eta elizaren teilatua ageri zaigu beheko eskuin aldeko izkinan. Horren ondokoak, Elizkalekoak alegia, desagertuta daude etxe berri baina interes gabe batzuen mesedetan. Iriondo dago zutik, zorionez (eta zorionak oraindik orain edertu eder hori ematea erabaki dutenei). Kaleokerra, “karkaba” aldekoa, berriz, Heriok mehatxatuta (Baroja bizi izandako etxeak luzarorako bizia izango al du behintzat!) eta beste aldea –Martintxiki eta abar– zeharo eraitsia (berriro ere etxe berri baina interes gabe batzuen mesedetan). Hau da, hau, panorama! Asko eztabaida daiteke etxe horiek ez zeudela zutik egoteko modukoak, eta horretan arrazoia eman diezaioket edonori, baina etxe horiek halako estetika tipiko bat bazuten –gaur egun Erdikalekoek oraindik badaukatena– eta herri turistiko xarmant baten irudia ematen zutena, baina gaur egungo horiek arruntasuna dutela nagusi esango nuke. Ez da hori, ordea, gaurko aztarka honetarako gaia.

Argazki honetan nabaritzen den kontu bat zera da, etxe batek izaten duen gauzarik garrantzitsuena, alegia “txapela”; hori ondo jarrita ez daukanak lanak izango ditu bizirauteko. Hemen ikusten denez, Koiote eta Lokatzaren artean dagoena da zaharrenetakoa, eta gauza interesgarri bat dakarkigu gogora: garai haietan, duela 30 urte gutxi gora-behera, hasi ziren teilatuetan teilei eusteko harri horiek kentzen; ikusten den bezala, beste gehienek erreteila egin berria dute eta, jada, hormigoiz itsatsita dituzte teilatu ertzetako teilak, harriak erabili ordez. Baserrietan ere garai bertsuan izan zen aldaketa hori.

Teilatuez gain, beste gauza batek ematen dit atentzioa: barruko egitura edo “hezurdura” irudikatzeak. Garai batean, etxe denen egitura egurrezkoa zen. Beldurtzekoa da pentsatzea nola erreko ziren egitura horiek, pospoloak bezala, suteren bat izanez gero. Gauza jakina da sute ikaragarri bat izan zela herrigunean duela ia 500 urte eta jakina da, baita ere, herri gehienetan bezala, hemen ere iluntzeko ordu jakin batean kanpaiak jo ohi zirela, handik aurrera etxeko suak zeharo itzaltzeko eta gauari begira su-arriskua uxatzeko.

Bada beste xehetasun bat oharkabean pasatzen ez dena: dena oso xumea da, ez dago aberastasunik edo norgehiagokarik adierazten duen ezer; erreteilak xumeak, tximiniak funtzionalak, luzeroak dotoreziarik gabekoak, teilatu-hodiak oinarrizkoak… Bista-bistakoa da jende xumearen etxeak direla, langile etxeak.

Itzalak erakusten duenez, goiz partean ateratako argazkia da, seguruenik neguan, argi hotz horrek salatzen duen bezala. Hor irudika ditzakegu etxekoandreak, etxe barruetan, eguneroko lapikoak prestatzen, nahiz eta tximiniek ez duten kerik botatzen.

Azkenik, goiko izkinan, urrutiko protagonista izan nahiko balu bezala, pintada bat; hark adierazten digu zein garai zailak bizi genituen orduan: “3an Greba Orokorra. E.M.K”.

Malenkoniaz, edertasunez eta xumetasunez betetako argazkia, Bizenteri esker. Ez dugu garai haietara bueltatzerik nahi, ordea, kontuz! Italo Calvinok “Hiri Ikustezinak” liburu bikainean Mauriliaz esaten zuena datorkit gogora. Ez da erraza euskarara itzultzeko eta nik irakurri nuen hizkuntzan utziko dizuet. Tira, bada, hurrengora arte.

* * *

Las ciudades y la memoria. 5. Italo Calvino, Las Ciudades invisibles

En Maurilia se invita al viajero a visitar la ciudad y al mismo tiempo a observar viejas tarjetas postales que la representan como era: la misma plaza idéntica con una gallina en el lugar de la estación de autobuses, el quiosco de música en el lugar del puente, dos señoritas con sombrilla blanca en el lugar de la fábrica de explosivos. Puede ocurrir que para no decepcionar a los habitantes, el viajero elogie la ciudad de las postales y la prefiera a la presente, aunque cuidándose de contener dentro de límites precisos su pesadumbre ante los cambios: reconociendo que la magnificencia y prosperidad de Maurilia convertida en metrópoli, comparada con la vieja Maurilia provinciana, no compensan cierta gracia perdida, que sin embargo se puede disfrutar ahora sólo en las viejas postales, mientras que antes, con la Maurilia provinciana delante de los ojos, de gracioso no se veía realmente nada, y mucho menos se vería hoy si Maurilia hubiese permanecido igual, y que de todos modos la metrópoli tiene este atractivo más: que a través de lo que ha llegado a ser se puede evocar con nostalgia lo que fue. (…)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide