171. Paradisua… hementxe

Hemen duzue Lasao, duela ehun urte, argazki xume baina eder eta bakan batean. Aspaldi, Barojari buruzko liburu bat zela medio, Daniel Ramirez kazetariak lotsatzeko moduko loreak bota zizkidan; zilegi bazait hona ekartzea –pedanteak bakarrik ausartzen dira bere burua horrela denen aurrean aipatzen baina tira– hau zen lorea: “Fernando es de esos timoneles capaces de revivir en el presenre los lugares tal y como fueron hace ciento veinte años. Lo hace borrando y colocando casas con las manos, entornando los ojos y dejando a quien le escucha varios segundos para imaginar. ‘¡Merece la pena!’, justifica sus ejercicios de brujería”. Egia esan, batzuetan ez da ariketa zaila; esate baterako, zenbat argazki ote dauzkagu buruan Zestoako herrigunearenak? Mordo bat. Material horrekin ez da zaila lehen nola zen irudikatzea. Ez du batere meriturik. Benetako meritua litzateke orduko bizimodua, ohiturak, giroa… orain gogora ekartzea. Orain dela ehun urteko bizitza…

Gaur gaurkoz argazkiarekin konformatu beharko dugu. Kanpotarren batek ateratakoa izango da seguruekin. Datak hala ematen du aditzera, 1920ko abuztua. Artasoroak nagusi dira, orain kiwi eta burdinazko eta argindar kablezko baso den tokian. Pixka bat handiagotuz gero (horretarako irudian sakatu besterik ez dago) belar metatxoak ere ageri dira arto bazterretan. Ibaiaz alde honetara, berriz, ez dakit galsoroa den, zelaia edo soroa. Hesia ere ondo erreparatzekoa da; orduan ez zegoen edonoren esku alanbre-garrotxa, eta itxiturak landarediaz baliatuz (elor-arantza aproposa da leku lehorretan) edo, hemen bezala, egurrezko hesien bidez egiten ziren. Bide batez esanda ez gara bakarrak; Europa osoan antzeko sistemak erabili ohi ziren burdinazko hesiak zabaldu ziren arte (gauza horietaz jakin nahi duenak badu liburu zoragarri bat: Artes y oficios de ayer. John Seymour).

Etxeei dagokionez, ez da oraingo ugaritasunik nabarmentzen. Alde batetik, Olatxo. Ez da ondo ikusten gerora estankoa izandako etxea hor ote zegoen; baietz ematen du. Atzerago, San Millan jauregia eta Tourseko San Martinen kapera neogotikoa. Zerbait arrarorik nabaritzen? Bai horixe! Jauregiak bi solairu ditu, ez hiru gaur egun bezala. Erreparatu kaperaren eta jauregiaren teilatuek altuera berdintsua dutela; gaur egun, berriz, ia kaperaren kanpai-hormaraino iristen da. Esplikazioa… Lasaoko markesaren azken oinordekoa Basilia Maria de la Blanca Porcel y Guirior hil eta gero (1940), mojak jarri eta jauregia nobiziatu (Noviciado de las Hermanas de la Caridad de Santa Ana) eta eskola bihurtu zenean altxatuko zen hirugarren solairua. Han ikasitakoak dira Lasao aldeko eta inguruetako makina bat andre, garai hartan neska gazte.

Lasaitasuna nabaritzen da inguruan, paradisu txiki bat dirudi, bere ibai bazterreko hondartzatxoekin eta guzti. Mendian, berriz, Palankadi edo Trukuman ageri dela ematen du, txuri-txuri. Bai, alajaina, paradisua! Ezagutuko duzue Barnardo Atxagak “Paradisua eta katuak” errezitaldi ederrean esan zuena: Arantzazun hamaiketako ederra egiten ari omen zen Don Eulogio apaiza, Margaritarenean. Non dago paradisua, Don Eulogio? galdetu, eta “hementxe, Margarita, hementxe” erantzun omen zion. Horixe ba… hementxe bertan paradisua.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide