175. ‘En la lengua bascongada’

Aspaldiko batean aipatu nuen bezala, Josu Narbarte ikerlari gaztea ibili zaigu 2016az geroztik gure artxibo historikoan bere doktoretza tesirako (Paisaje y prácticas sociales: arqueologia agraria en el Pais Vasco) materiala biltzen. Laster defendatuko du tesia, eta izango dugu bere lan ikaragarria Aztarka honetara ekartzeko aukera.

Paper zaharren artean genbiltzala –bera ikerketan eta ni, artxibozain naizen partetik, berari agiriak ematen– zeharka euskararen erabilera aipagai zuen agiri kurioso bat izan genuen eskuartean, eta horrek eman dit gaurko lerro hauek idazteko aitzakia.

Oro har, handiki euskaldunak, alegia, nobleak, merkatariak, burgesia… ez ziren izan oso euskararen aldekoak Aro Modernoan. Horregatik zenbait historialari eta adituk kritika zorrotza egin ohi diete garai hartako euskararen apologistei eta Espainiako gortean lan egiten zuten euskaldun handikiei, euskara aldarrikatu eta, gero, jo ta fuego gaztelera erabiltzen zutelako. Hori horrela da neurri handi batean, eta horren seinale da, esate baterako, gure artxibo historikoan, 1380tik XX. mendera bitartean, ez dagoela euskaraz idatzitako dokumentu bat bera ere.

Hala ere, kontu horretan ere, komeni da xehetasun batzuk garbi uztea. Ez da zeharo egia euskara erabat baztertzen zuenik handiki jendeak. Berant Erdi Aroan euskara zen Zestoako eta Euskal Herriko toki gehienetako biztanle gehien-gehienen eguneroko hizkuntza, ez soilik nekazariek edo bestelako herri xeheek, baita nobleek, merkatariek eta elizgizonek ere. Eta euskararekiko jarrera baikorraren adibide gisa, Zestoarekin zerikusia daukaten bi aipamen dakartzat hona: Altzolarats familia nobleak jasotako eresi edo bertso sorta bat, eta gure artxiboan aurkitutako agiri bat.

XV. mende bukaerako Bretainiako eresiaren berri Alfonso Otazuk eman zuen, 1975ean. Eresia edo bertso horiek gutun baten hasieran daude, Diego Velez Idiakaizko jaunak Salinas-eko kondeari 1626an bidali zion gutun batean. Diegok Altzolarasko kapilauari agintzen dio bere aita Joan Perez Idiakaizkoak idatziz jasotako bertso sorta bidal diezaion Altzolarats jauregitik gortera. Hala egiten du kapilauak eta Diegok garbi esaten dio Salinas-eko kondeari bertso horiek bere aitaren letrarekin daudela (está de letra de mi padre), alegia, aitak berak jaso zituela idatziz. Euskaraz dago jasota bertso sorta. Luze egingo litzaiguke bertso sorta eta gainerakoei buruzko xehetasun gehiago ematea baina, tira, garrantzitsuena esanda geratzen da, alegia, Altzolarasko jaunak interes handiz jaso zuela eta bere letraz idatzi, euskaraz idatzitako XV. mende bukaerako bertso sorta hura. Euskarazko gauzekiko interes pixka bat adierazten du jarrera horrek, besterik ez bada ere. Altzorasko jauna ez zen

Beste agiria, Zestoako Udal Artxibo Historikoan gordeta dagoena, 1552. urtekoa da eta oso interesgarria. Señalamiento y visita de los montes que habían de quedar para bravos y de los que debían ser trasmochaderos en la villa de Cestona, du izenburua agiriak. Herriak izendatutako batzorde batek, tartean San Joan Perez Idiakaizkoa alkatea zelarik, herriko hainbat mendi behatu zituzten hango zuhaitzen erabilera erabakitzeko eta arautzeko; izan ere, lursail horiek saldu egin baitzituen herriak baina bertako egurra herriarentzat geratu behar zuen.

Agiria XVI. mendekoa denez, paleografia jakin gabe ez dago irakurtzerik, eta hala gertatzen zitzaien 200 urte beranduagoko udal gizonei ere. Horrela bada, orduko letrarekin jartzea agindu zioten Zumaiako eskribauari eta hala, XVI. mendeko jatorrizko agiriak XVIII. mendean egindako transkripzioa dauka erantsita (“Se halla copia suia de letra moderna autorizada por Pedro Ignacio de Aguinagalde, Escribano de Su Majestad y del Número de la Villa de Zumaya, el día 22 de Julio de 1785”).

Esan bezala, aztertzen dituzte, bada, mendiak eta erabakitzen dute zer egin hango zuhaitzekin, jartzen dute dena araututa eskritura batean eta, ondoren, alkateak agintzen du bi parrokia-elizatan (Aizarna eta Zestoa) aditzera emateko araututakoa, igandeko mezatan. 1553ko uztailaren 22an gaude. Eta, hala, apaizek adierazten dute eman ziotela herritarrei araudiaren berri: “Declaró lo en él contenido en alta e inteligible voz, en tal manera que lo podían bien entender los que ende estaban, porque lo declaró en lengua bascongada”. Elizgizonen bidez mezatan aditzera emateaz gain, idatziz jarri zen jendaurrean. Kuriosoa da nola adierazten duen: “En la crucijada de la calle de la Iglesia de la dicha Villa al cantón de las casas de mi el dicho Esteban de Eztiola [eskribaua]”. Rezabal familia bizi den etxea da Eztiola edo Kalegurutzea, eta, beraz, hortik atera kontuak: gaur egun eskelak jartzen diren toki berean jartzen ziren bandoak duela ia 500 urte.

Bueno, eta jendaurrean aditzera emateaz gain, herriko handiki eta burdinolen jabeei ere ematen diete udalak erabakitakoaren berri. Lehendabizi Iraetako jaun Nikolas Martinez Egiakoari jakinarazten zaio. Ez du zehazten zein hizkuntzatan. Baina ondoren, Lasaoko andre Maria Nikolasa Zabalari jakinarazten zaio (“cuia es la casa de Lasao”), eta honetan bai, honela dio idatziak: “Lei y notifiqué dicho mandamiento a Doña Maria Nicolas de Lasao, cuia es la casa de Lasao, en su persona, dandole a entender lo en el contenido en lengua bascongada, la cual dijo que la oya, y que se daba y dio por notificada.” Gauza bera gertatzen zaigu Altzolarasko andrearekin ere: “Maria Perez de Alzolaras, en su persona, dańdole a entender lo en él contenido en lengua bascongada, la cual dijo que lo oya y que se daba por notificada”. Ondoren beste gizonezko mordoxka bati jakinarazten diete aipatu eskrituran jasotakoa baina Eztiola eskribauak ez du euskararen aipamenik egiten.

Maria Nikolasa Zabala Martin Gartzia Lasaokoaren alarguna zen eta, beraz, Lasaoko jauregiaren eta bere ondasun guztien jabea. Maria Perez Altsolaraskoa, berriz, San Juan Perez Idiakaizkoaren alarguna (hain zuzen ere, hasieran aipatu dugun Bretainiako eresia idatziz jaso zuenaren aita) eta Altzolarats dorrea eta bere ondasun guztien jabe. Bi andreak Zestoako eta inguruetako emakume ahaltsuenetakoak ziren eta, ikusi dugun bezala, Zestoako Udaleko eskribau Eztiolak euskaraz ematen dizkie 1553ko eskrituraren nondik norakoak. Anekdota hutsa edo zerbait gehiago ote den, hori gu baino adituagoek esan beharko dute, baina, tira, jakin-mina eragiten du behintzat kontuak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide