176. Lilitarrak eta ia 400 urteko erretratu bat

Pena bat daukat: gaurko Aztarka honetarako ez aurkitu izana hemengoa baino erreprodukzio hoberik. Koadro honen historiak, ordea, merezi du hona ekartzea. Hasteko, bitxia da nola izan zen aurkitua. Ramón Luis de Camio y Cruzada Villaamil jauna, Madrilgo San Fernando Arte Eder Akademiako kide eta Donostiako San Telmo museoko batzordekide; bildumazale porrokatua eta museo bat dirudien etxe edo jauregi zoragarri baten jabea Donostiako Loiolan. Bera da aurkitzailea eta berak kontatzen dizkigu koadroaren xehetasunak (Un pintor guipuzcoano del siglo XVII, Euskal-Erria aldizkaria, 1913).

Nire arte zaletasunak Frantziako saltoki bat bisitatzera eraman ninduen, eta objektu mordo bat ikusi ondoren, mihise bat aurkitu nuen egoera tamalgarrian eta eserleku baten hankak zulatuta. Aztertzerakoan, ikusi nuen Felipe IV.aren garaiko emakume baten aurpegia ikusten zela justu-justu, izan ere, puskatuta egoteaz aparte, hautsez beterik baitzegoen eta ezin baitzen ondo ikusi. Erosi nuen, eta behar bezala prestatu ondoren, Donostiara ekarri nuen eta Ignazio Guadalajara zaharberritzaile ezagunaren tailerrera eraman nuen mihisea forra zezan zaharberritzen hasi aurretik. Garbitzen ari zen egunetako batean ikustarazi zidan bi inskripzio zeuzkala koadroak, bat aurpegiaren eskuin aldean, “Doña María de Camio, Condesa de Alacha, 1645” zioena, eta bestea behetik gora (eskuin aldean hura ere), “ Francisco de Camio, pintó. San Sebastián” jartzen zuena. Pentsa ezazu zenbateraino harrituko nintzen XVII. mendeko margolari gipuzkoar bat, hemen ezezaguna zena eta baldintza artistiko handiak zituena aurkitzean”.

Eta, hara, esan behar dizuet, 1913ko artikulua irakurtzen ari nintzela, neu ere Ramón Luis de Camio y Cruzada Villaamil jauna bezain pozik aurkitu nintzela, intrigazko istorio ederra izateaz gain, tartean –beste askotan bezala– zestoar bat zegoelako: Alatxako kondesa, alegia. Baina ez ditzagun aurreratu gauzak.

Erretratua mihisean dago margotua eta 1,05 X 0,85 neurtzen du; hondo ilun samarra du, eta belusezko jantzia (tontillo de terciopelo negro) duen andre aristokratikoaren aurpegia nabarmenduarazi egiten du horrek; bularraldea garai hartako parpaila espainiar luze eta eder batek apaindurik dago, eta bukaeran urrezko bitxi filigranatua dauka. Eskuin eskua (koadroko elementurik nabarmenena) atxabitxizko eraztunekin apainduta dago, eta parpailaz inguratutako zapi zuri bat heltzen; ezkerrak, berriz, mosketari-eskularru batez jantzirik, zeinak eskumuturra kolorezko zetaz apaindua daukan, beste eskularru bati eusten dio. Burua, Menina ospetsuen gisa, begizta batekin eta luma urdinxka batekin apaindurik dauka. Margoaren zuzentasunak, kolore finak eta erretratuaren adierazkortasun orokorrak edozein museotan egoteko moduko artista handi bat erakusten digu”.

Zoritxarrez ezin izan dugu artistaren beste obrarik aurkitu. Uste gutxienean, Gipuzkoako elizaren batean bere mihiseren batekin topo egingo dugu”, dio idazle-aurkitzaileak. Eta, azkenik, koadroaren ikusgarritasuna eta balioa nahikoa frogatu ez balu bezala, ondorengoa esaten digu: “Hainbat artista espainiar zein atzerritarrek aztertu eta komentatu izan dute margolana, eta horietako batzuk esan didate ez zutela autorea ezagutzen, eta Velazquez-en eskolakoren batena zela”. Hortik atera kontuak. Beste toki batean, berriz, Pantoja de la Cruz margolari ospetsuaren ikasle gisa jartzen digu gure margolari gipuzkoarra.

Artikuluari nobela edo abentura izaera pitin bat ematearren, Ramón Luis de Camio y Cruzada Villaamil jaunak beste xehetasun batzuk ematen dizkigu. Bere iritziz, koadroa Lili jauregian zegoen: “El retrato de que me ocupo estaba indudablemente en el palacio de Lilí, de la villa de Cestona, propiedad de los señores Condes de Alacha, cuya ilustre familia ostenta en su escudo de arma tres flores de lis azules en campo de plata, motivo por el cual el ejército invasor francés a fines del siglo XVIII, confundiendo dicho blasón con el de los Borbones y creyendo que se hallaban frente a una finca de su pertenencia, asaltó la antigua casa solariega; destrozó y pilló todo lo que en ella se hallaba, llevándose entre otras cosas varias armaduras del siglo XVII; acuchillaron todos los retratos de familia que en los salones existían, y, sin duda, encontrando que el de Dª María les halagaba se lo llevaron a Francia, pues, según informes que adquirí, dicho retrato procedía de un castillo antiguo, enclavado en el Departamento de la Charante, en la vecina República”.

Nobela eta literatur baliabideekin eta ezjakintasun apur batekin jokatzen du gure idazleak. Armada frantsesa XVIII. mende amaieran (1793) sartu zen hona, baina agirietan ez da ageri lilitarrei hainbesteko hondamendirik eragin zietenik beren etxeetan. Eta bestalde, gure idazleak ez zekien bina guk bai: 1680 ingurutik, hau da frantsesak sartu baino ehun urte lehenagotik, lilitarrak jada ez zirela jauregian bizi baizik eta Portalekoan. Beraz, armadak lapurtu baino seguruagoa da lilitarrek beraiek saldu izana koadroa frantsesen bati. Baina, tira, bigarren mailako kontua da hori, eta behin ere ez da etortzen gaizki honelako historiei piper pitin bat jartzea.

Bueno, eta zein zen, bada, Frantzisko Kamio margolari hori eta zein da, bada, erretratatutako emakumea? Goazen argitzera eta honekin bukatuko dugu gaurko historia. Frantzisko Kamio, dirudienez Asteasun jaioa, gerora Liliko kondesa izango zen Maria Kamioren (edo Caminos-en) anaia zen. Margolari oso ezezaguna baina bikaina, ikusi dugunez.

Maria Kamio, erretratuko neska, berriz, gaur egun Lili jauregian “bizi” den Andre Madalenen (benetako izena Magdalena de Amilibia Alcaraeta y Lastur) koinata da. Sebastian Leizaola-Lili eta Magdalena Amilibia 1657an ezkondu ziren Debako elizan. 1680 inguruan alde egin zuten Lili jauregitik Portalekora eta errentan jarri zuten jauregia. Ez zuten, ordea, denbora askoan bizitzerik izan Zestoako kalean: handik sei urtera (1686) hil zen Magdalena eta hamar urtera (1690) Sebastian. Oinordekorik ez zutenez, Sebastianen anaiaren eskuetara pasa ziren lilitarren ondasunak, alegia, Antonio Leizaola-Lili eta bere emazte Maria Kamioren eskuetara.

Mariaren erretratu hori oso gaztetan egina dela kontuan hartuta (1645), ez da ondo ulertzen zer dela eta jartzen duen “Condesa de Alacha”, erretratuko neskak artean titulu hori ez zeukanean baina, tira, espekulatzen hasita, agian, kondesa titulua eskuratu ondoren jarritako inskripzioa da. Auskalo. Ezinezkoa da gorabehera horiek hain erreprodukzio kaskar batekin eta 1913ko artikulu erdi nobelesko batekin argitzea.

Kontuak kontu, ordea, beste behin ere, pertsona handi eta enigmatiko bat, kasu honetan Barroko garaiko margolari gipuzkoar bakarra, gure Frantzisko Kamio, Zestoako kontuekin lotuta ageri zaigu, zestoarrak saltsa guztietako perrexila garen seinale.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide