177. Elur-bisutsa eta ahatetxo itsusia

Aurtengo ilbeltzaren hasieran, Urte Berri ona desiratuz, argazki hau bidali zidan Arkaitz Lopez zestoarrak. Gabonetan bidaltzeko aproposa, egun horiei eransten dizkiogun estereotipoekin –elurra, baretasuna…– bat egiten duelako, nahiz eta azpi industrial hori ez izan guztiz egokia Gabonak irudikatzeko. Edo bai, nork daki…

Argazki eder horrekin batera, Zestoako industrializazioari eta gainerako zenbait konturi buruzko galderak egiten zizkidan Arkaitzek baina, lastima, hemen azaletik bakarrik erantzungo dizkiot, nire helburua askoz orokorragoa eta arinagoa da eta.

Zestoako industria edo lantegien historia oso zabala da eta liburu ikaragarri bat egiteko adina emango luke. Lehenengo “industria” Idiakaizkoa izango zen, duela berrehun mila urte: industria litikoa deitzen diote ikerlariek garai haietako tresnagintzari, eta esan behar da, aztarnategia ikusita, han milaka erreminta egin zituztela orduko gizakiek. Harrobi oso berezi bat zuten hemen, Hamabiturrieta parean, eta horrek erakartzen zituen, eta agian ur termalek ere bai, zeinek daki. Haien ondoren, historian salto ikaragarri bat emanez, burdinolak etorriko ziren, eta haien ondoren latorri edo hojalata fabrika oso berezia eta bakana Iraetan, eta gero –esaten dutenez hango ingeniari ingelesek erakutsita– Gipuzkoa osoan eta inguruetan ia bakarrak eta oso garrantzitsuak izango ziren iraulika fabrikak, eta haiekin batera, meategiak eta harrobiak. Pena ematen dit gizarteari hainbesteko ekarpena egin zion langintza hori hain arin idazteak baina, tira. Gerra aurretik, iraulika gainbehera joan zen eta porlanak hartu zion aurrea. Horren lekuko zen Arroako Rezola lantegia.

Iraulika baino geroagokoak dira Zuazo familiaren lantegia, Etxabe fundizioa eta horiek denak, hemen herrigunean. 1940ko hamarkadan, 3.100 biztanle inguru zituen gure herriak eta hazkunde ikaragarria izango zuen hurrengo 20 urteetan. Baserriko jende asko kalera etorri zen bizitzera eta garai hartan hasi ziren hustutzen lehenengo baserriak. 50eko hamarkadan, herrigunean ez zegoen nahiko etxebizitzarik jendea hartzeko. Udalak bando ugari argitaratu zituen etxe hutsak zeuzkan jendeari aloka-gai jar ditzan erregutuz. 1960an 4.200 biztanle ditu Zestoak, gerra ondorenean baino 1.100 lagun gehiago.

Testuinguru horretan kokatu behar da Zestoako XX. mendeko industrigintza. Edo gauzak ondo esanda, XX. mendeko industrigintza horrek eragin zuen biztanle hazkunde izugarri hori (4.200 biztanle: harrez gero gainditu ez dugun kopurua).

Argazkian ageri zaigun Guztiok Bat lantegiari buruz zer esan? Bi apuntetxo besterik ez, badira eta ni baino mila aldiz egokiagoak lantegi hartaz hitz egiteko. 50eko hamarkada amaieran sortu zuten herritar batzuek. Auñamendi entziklopediaren arabera (autorea Ainhoa Arozamena; esteka hemen), tornugintza lantegi garrantzitsuena izan zen Estatu Espainiarrean 1974tik 1983ra bitartean, eta gehien esportatu zuena. Guztiok Bat lantegiak egindako tornuak, Gurutzpe markakoak, herrialde mordo batera esportatzen omen ziren: Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak, Eskandinavia, Mexiko, Venezuela, Kolonbia, Argentina, Hego Afrika, Boli Kosta, Maroko, Israel, Saudi Arabia, India, Singapur, Australia, Zeelanda Berria eta beste makina bat herrialdeetara.

Baina entziklopediaren datu hotzen aldean askoz ere berotasun gehiagokoak dira hainbat herritarrek eman ditzaketen xehetasunak. Entzun izan dizkiot hainbat pasarte zoragarri hango “komertzial” (garai batean “directora comercial adjunta”) izandako Harbil Etxanizi, eta mereziko luke elkarrizketa oparo bat egitea aldizkarian bertan (Jone! Hor doakizu hordagoa). Xabier Unanuek ere, 2008ko abenduan, eman zizkion Aitziber Otegiri hainbat xehetasun Guztiok Bati buruz (hemen). Esaten duenez, herrian bertakoak ziren tailerreko nagusiak: “Zulaika Hermanos, Jacinto Zulaika, Andres Zulaika, eta gero Irure, Patxi Irure eta Felix Irure zian soziuak (…) Hasi giñanian hogetaka giñan baiña gero ehun da pikotik gora izan zan enpresa. Bai, garrantzitsua zan”.

Interesgarria da, baita, lantegiaren antolaketa: Auñamendik dioenez, “kapital soziala gehienbat langileen artean banatuta dago; horrek egonkortasun egokia ematen die lantegi barruko harreman sozialei, nahiz eta ez duen saihesten komunitate batean ohikoak izaten diren gatazkak sortzea, non parte hartzen duten ideologia eta sindikatu ezberdinak”.

Lehen esan dugun bezala, Zestoak pisu handia zeukan industria sektorean garai hartan. Guztiok Bat, Egiguren, Fundiciones Echave, Sorazu… batzuk aipatzearren. Askotan, gutxietsi eta ezkutatu egiten dugu gure historia industrial hori dena, lotsatzeko edo baztertzeko gauza balitz bezala baina, gorabeherak-gorabehera, kritikak-kritika, ez da ahaztu behar zenbat zor diogun Zestoak eta zestoarrok industriari; onerako edo txarrerako. Industriagatik izan zuen Zestoak nortasun handirik gabeko etxegintza eta kale-baserrien zelai ederrenak okupatze hura baina, kontuz, industriagatik lortu genuen gaur egun daukagun bizi-kalitatea. Tira, gustatu ala ez, industrigintza ere gure herriaren nortasunean garrantzi handia izan duen kontua da. Baina segi dezagun aurrera…

Argazki honetan, elurrak estaltzen ditu tailerra eta gaineko etxebizitzak. Gogoratuko dugu lantegiak bi zati bezala zeuzkala: Toribio Altzaga kale aldera, sarrera eta gainean etxebizitzak, eta atzera, lantegiaren zati nagusiena. Argazkian, atze alde hori eta etxebizitza atalaren goieneko bi solairuak ikusten dira. Mahaiak diruditen borobil horiek lantegiaren aireztapen tximiniak dira, inondik ere. Elur-bisutsa ari du, eta bazter guztietara nolabaiteko nahigabea zabaltzen du. Ez da kolorerik, ez landarerik, ez txoririk, ez alaitasunik. Berez zen baino askoz tristeagoa dago inguru dena. Zuriaren zuriz, tximiniako kerik ere ez digu ikusten uzten elurrak, eta ondorioz, su-epelaren berotasun zantzurik ere ez. Ez al da argazki tristeegia, Arkaitzek bidali zidan bezala, Urte Berrian bidaltzeko? Kontrakoa esango nuke. Elurpean –nahi ditugun gorabeherak eta duda-mudak jarrita bada ere– zestoar mordo baten bizibidea dago. Eta herriaren historiaren pasarte garrantzitsu bat. Eskerrik asko, Arkaitz…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide