178. Memoria Historikoa. Laguntza eske
— 2020-03-061939ko maiatzaren 19an antolatu zuen Francok Garaipenaren Desfilea, baina duela 80 urteko apirilaren 1ean hasi zen ospatzen Garaipenaren Eguna. Egun seinalatua oso. Herriko balkoietan bandera (espainiarra, noski) nonahi. Beharko!, bestela zigorra pronto zeukaten herriko jauntxo irabazleek.
Baina gaur nik hemen aipatu nahi dudanerako, hobeto datorkit 1933a aipatzea; ez da efemeride borobila baina egokia bai igandean ospatuko dugun Emakumeen Egunerako. Historian lehen aldiz, 1933ko azaroan eman ahal izan zuten botoa emakume zestoarrek (eta, oro har, estatu osokoek) eta Udalak, herritarren eskariz, agudo eskaini zuen oturuntza: “Música y reparto de pellejo de vino para celebrar el domingo el resultado favorable del plebiscito sobre el Estatuto Vasco”. Errepublika garaian, ilusio ikaragarriak sortu ziren toki guztietan baina azkar zapuztu ziren, dakigun bezala, eta nahigabe ikaragarria eragin zuten. Gero, Juan Gelman idazle argentinarrak salatzen zuena etorri zen: diktadoreak desagertu ziren eszenatik, eta berehala agertu ziren ahanzturaren antolatzaileak.
Gogoan dut duela urte batzuk Fernando Sánchez Castillo artistari (Madril, 1970) irakurri niona: “Kontua da gauzak ez direla behar den bezala egin, eta jendea dago bere adiskide hildakoei edo desagertutakoei loreak non utzi ez dakiela. Oso sentimendu sakonak dira. Inoiz ez da berandu zure hildakoak bilatzeko (…). Badira politikoak esaten dutenak ‘haize haiek ekaitz hauek ekartzen dituzte’ baina ez dago ekaitzik: soilik jendea, kuneta baten aurrean negarrez”. Horixe, arrazoia: “jendea, kuneta baten aurrean negarrez”.
Egun hauetan –bazen garaia esango dute herritar askok– gauzatu da azkenean, azken urte hauetan buruan genbilkien egitasmoa, hau da, gure herriko Memoria Historikoa delako hori ikertzen hastea. Egun hauetan sinatu du Zestoako Udalak Aranzadi Zientzi Elkartearekin “Giza eskubideen urraketak 1936-1945 Zestoan eta zestoarren aurka, ikerketa eta zabalpena” elkarlanean egiteko hitzarmena.
Irabazleei Franko bizi zen arte aitortu zitzaizkien Espainiaren eta Jainkoaren alde egindako ekarpenak, eta adibide bat jartzeko –argazkia horri buruzkoa da eta– urtero-urtero egiten zen galazko ekitaldia Iraetan, han fusilatu zituzten errekete azkoitiarren oroimenez. Jainkoaren eta Espainiaren alde (por Dios y por la Patria) hildako zestoarrek ere, han zuten oroigarria eta hildakoen zerrenda osoa kanposantuan. Monumentu horiek denak urrea baino garbiago egon zitezen, beti zegoen emakume mordo bat prest (onean edo txarrean). Horiek denek mende erdi batean gutxienez izan zituzten beren goraipamenak eta bibak.
Galtzaileak, ordea, hortxe geratu ziren, lehen esan dugun moduan kuneta baten aurrean negarrez. Galtzaileak isilik geratu ziren. Nola ba okurritu hitz egitea, pasatako errepresioa pasata! Gero, berriz, nire irudipena da orduko Elizak ere –ez denak baina askok bai– ahalegin izugarria egin zuela garai haiek ahazteko eta elkarbizitza eta berradiskidetzea bultzatzeko. Ondorioz, beldurra tarteko edo elizgizonen aholkuak medio, isiltasun handi bat erori zitzaigun gaurko belaunaldiei. Ez dakigu, Franco gailendu eta gero, nola tratatu zituzten galtzaileak; zer jarrera anker izan zuten emakumeekin; zer egoeratan bizi izan ziren familia zapalduak; zeintzuk ibili ziren Zestoan Errepublikaren alde borrokan; zeintzuk saiatu ziren eskolatan, eskuzabaltasun osoz, orduko neska eta mutil gazteei balore aurrerakoiagoak erakusten… Galderak, etengabe.
Paper zahar artean ibili ohi garenok badakizkigu hainbat gauza, egia da. Zorionez, dena paperean jasotzearen mentalitate burokratiko hari esker, informazio pilo bat geratu zaigu: kartzelatako fitxak, poliziarenak, gerra kontseiluak, multak, zerrendak… Bai zerrendak, salatutako jendearen zerrendak ere bai, eta nork daki zerrenda horiek egin zituztenen izenak ere ez ote zaizkigun agertuko. Ez da gure asmoa “vendeta” edo mendeku ariketa bat egitea, bai, ordea ahaztuek merezi duten aitortza egitea.
Martxoaren 11n, asteartea, hitzaldi bat dago gai horiei buruz hitz egiteko, Alonderoko kultur aretoan. Asteartero, berriz, irekita dago Oroimen Bulegoa udaletxean. Merezi du bertara etortzeak, merezi du dakigun pixka –urria bada ere– hango ikerlariekin partekatzeak, merezi du etxean gordeta dauzkagun argazki horiek bulegora ekartzeak, merezi du denon artean orduan gertatutakoa, orduan bizitakoa gogoratzen saiatzeak. Eta batez ere, ahaztuta, bizi ziren bitartean hitz bat ere esan gabe, joan ziren haiengatik merezi du. Ezin dugu, ez da gizalegezkoa, jendea, kuneta baten aurrean negarrez uztea.
Zuen laguntza behar dugu, zatozte! Aldez aurretik mila esker.
Argazkia: ARANBARRI ETXANIZ, Simon: Anai arteko borroka Azkoitia’n, 1936-1939. Donostia, 1989, 44. orrialdea.
Egin zaitez bazkide