182. Gizakiaren onena
— 2020-04-10Aste Santua (eta Covid madarikatua) dela tarteko, zoragarri etortzen da etxea pixka bat txukuntzeko eta traste zaharrak ateratzeko. Horretan ari ginela, ama eta biok, kaxa bat topatu nuen, paper batzuekin, armairu zahar batean, eta bertan “Sociedad Inmaculada Concepción” aipatzen zuen agiri bat edo beste. Bitxia iruditu zitzaidan elkarte horren kontua; akordatzen nintzen txikia nintzeneko garaietatik, azaletik bada ere, zer zen delako elkarte hura. Sociedad Inmaculada Concepción zen Akoa aldeko familiek osatzen zuten elkar laguntzarako elkartea edo erdaraz ezagunagoa den Sociedad de Socorros Mutuos.
Segituan azalduko dizuet zehatzago zer zen elkarte hura baina paper haiek ikusi eta berehala burutapen bat etorri zitzaidan. Gaurko gizarte neoliberal honetan, askok ez dute sistema publikoan sinesten; indibidualismoa goresten dute, bakoitzak berak atera dezala aurrera bizitza eta, Darwinen ereduari jarraituz, ahulenak –pobreenak– desagertuko dira eta indartsuenak geratuko dira; ez dugu estatuaren beharrik, merkatuak arautuko ditu gauzak beste inoren beharrik gabe.
Jarrera horren aurrean, bada beste bat historian zehar indar handia izan duena: elkarri laguntzearena, solidaritatearena. Egun hauetan, Covid delako hori dela eta, jende asko jarrera hori erakusten ari da eta gizakiaren onena ematen; adibide mordo bat jarriko nituzke baina bat bakarra aipatuko dut, luzatzen ari naiz eta: zenbat hunkitu nauen San Joan egoitzak hartu duen jarrerak, langileek, beste interes pertsonalen gainetik, han bertan egoiliarrekin geratzea erabaki izanak! Besarkada handi bat denei! Beti aipatzen ditudan Anjel Lertxundiren hitzak, “zerk edertzen du bizitza eman eta eskaini eta oparitu duzunak baino”.
Bada, Espainian Gizarte Segurantzaren aztarnarik ez zen garaian –XX. mendearen hasieran– sortu ziren elkarri laguntzeko elkarteak edo Sociedades de Socorros Mutuos. Bat baino gehiago ziren Zestoan bertan. Esate baterako, 1918an, gutxienez hiru elkarte baziren: bat herrigunean bertan; bestea Aizarnan, Aingueru-Guardacoa zeritzana; eta, hirugarrena, Arroan, San Isidro Labrador izenekoa. Pentsatzekoa da Akoako Inmaculada Concepción hau beranduagokoa izango dela (ez dut astirik hartu etxeko/auzoko jendeari galdetzeko edo ikerketatxo bat egiteko baina mereziko luke).
Elkarte horiek bazkideak izaten zituzten, normalean familia bakoitza bazkide bat. Aizarna, Arroa eta Zestoakoek ehundik gora bazkide zituzten bakoitzak baina Akoakoa xumeagoa zen: bertako bederatzi baserriak eta Baio behintzat bai, baina hortik aurrera ez dakit; ematen du Akoan sortu eta gero kalera ezkondutakoek ere parte hartzen zutela, bideragarritasuna ziurtatzeko. Elkartea kuoten bidez dirua biltzen joaten zen, eta bazkide edo familiaren batek “ezbeharren” bat baldin bazuen, diru multzo hartatik ordaintzen zitzaion estatutuetan ezarritako kantitate bat. Elkarte horiek 70eko hamarkada amaieraino edo horrela iraun zuten. Nik aurkitu nituen paperak garai hartakoak dira, hain zuzen. Ordurako Gizarte Segurantza martxan zegoen baina artean hastapenetan.
Utz iezadazue transkribatzen 1972ko agiria (gazteleraz, noski; artean zapelatza bizirik zegoen): “Cestona, 6-8-72. La sociedad Inmaculada Concepción abonará a la familia de María Alberdi [gure amama] que en paz descanse, la cantidad que se expresa, por su estancia en la Residencia de San Sebastián, a consecuencia de una hemorragia. Ingreso, 26-6-72. Salida, 17-7-72. 22 días, restando dos días de pruebas, 20 días a 700 pesetas = 14.000 pesetas. Firmado, José Bernardo Larrañaga. José Arregui”. Beste agiria 1977koa da gure arreba zena ingresatuta egon zenekoa.
Aurreko batean aipatu genuen gripe espainiarraren kasuan (1918), esate baterako, garrantzi handia izan zuten elkartasun sare horiek, orduan ez zen Gizarte Segurantzarik eta. Gogoratu dozena bat lagun baino gehiago hil zirela Zestoan eta kutsatu, berriz, auskalo zenbat. Ondorioz, kuoten bidez lortzen zenarekin ezer gutxi egin zezaketen. Gehienek udalari laguntza eskatu behar izan zioten: “Jakina da zenbat eta bazkide gehiago izan orduan eta ekarpen gehiago egin daitekeela kaxara, hileko kuotek batura handiagoa osatzen dutelako; hala ere, ez zaio oharkabean pasako udal horri azkeneko epidemian, oraindik dirauen horretan, nahiz eta elkarteak heriotza-baja bat bakarra jasan [Arroakoaz ari da], bere kutxak beherakada handia izan duela gaixo mordo bat lagundu behar izanagatik, batez ere joan zen azaroan, zeinetan 900 pezeta baino gehiagoko laguntzak eman baitziren”. Gaia aztertu ondoren, hiru elkarteei eman zien laguntza udalak.
Horiek denak historia dira eta pixkanaka-pixkanaka ahazten joan ziren 1980ko hamarkadaz geroztik. Garai haietan hasi zen indartzen gure osasun sistema publikoa eta gure Osakidetza ospe pixka bat hartzen hasi zen. Gaur egun, nahiz eta diru mozketak-mozketa, askok nahiko genukeen bezalakoa ez izan, hala ere, horrelako epidemiatan –Covid epidemiaz ari naiz– konturatzen gara zer balio duen osasun sistema on bat edukitzeak; diruaren aurretik elkarrenganako solidaritatea lehenesten duen sistema bat. Solidaritate horren adibidetxo bat besterik ez da hemen aztertu dugun Inmaculada Concepción elkarte hura, gizarte batean elkar laguntzak zenbat balio duen erakusten duena.
Argazkia: Zestoa Patrimonio Histórico-artístico (B. Dávila)
Egin zaitez bazkide