183. Plazaren kolorea

Lehen, gure garaian, egiten zen eskolan “Comentario de texto”. Ez dakit orain egiten duten. Nik gaur argazki iruzkina egitea pentsatu dut. Argazkiak ez dauka aparteko ezer artistikorik baina kuriosoa da oso, eta laster ikusiko dugun bezala aproposa benetan egungo egoerarako.

Lehendabizi, argazki osoan nagusitzen diren harlauzak daude, lehengo harlauzak, konkaboagoak, irregularragoak, nortasun gehiagokoak, oraindik ere Sakoneta inguruko kresal usaina gogora ekartzen dutenak (handik ekarri ziren duela mende pasatxo), emakume –eta gizonezko– takoidunen eta, batez ere, ibilpidea edo mugikortasuna makalduta daukatenen amesgaiztoa. Bere artisau itxuran, ordea, geometria, ordena eta dotorezia mantentzen dute harriok. Argazkiaren eskuin aldean, kalea eta eraikuntza (udaletxea) bereizten diten tokian, kale ertza, harriak besteekiko perpendikularki, ilaran, jarrita.

Eskuin aldean, goiko ertzean, eserleku bat dago teorian enkoadraketan egon beharko ez lukeena (edo bai?) baina erdikoarekin bikote ederra osatzen duena. Bikote ederra baina desberdina, hori bai.

Arratsaldean gaude. Argazkia nondik aterata dagoen igarriz gero froga daiteke hori. Esan dezadan behingoz: torila eta udaletxe arteko zubitxotik aterea da argazkia, eta kale zati hori udaletxea eta plazaren artean dagoen zatia da. Arratsaldean, Agido aldera doa eguzkia eta Laranjaditik sartzen da toril bazterrera.

Unibertso horretan, gizakia dago erdi-erdian eserita zerbait irakurtzen-edo; euskaldun naturalen modura, txapela jantzita baina gainerakoan janzkera arrunt modernoarekin. Eroso dagoela dirudi baina argazkiak zera arraro bat transmititzen digu: hor erdi-erdian, unibertso zabal horretan, gizon bat, jiran beste inor gabe. Ez al digu bat-batean burura ekartzen konfinamendua, bi metroko distantzia, bakardadea…?

Horixe izan liteke –zerbait baldin badu– argazkiaren meritu bakarra: ez dakigula seguru egoera lasai bateko argazkia ote den edo zerbait arraroa gertatzen ari ote den. Izan ere, kanpoko dena ezabatu nahi izan du argazki egileak eta “gizona bere bakardadean” hortxe utzi, zer pentsatu ez dakigula.

Argazkiak ez du esaten baina nik badakit misterioa. Ez dakit zein aspaldiko urtetako Santakutz egunean gaude, umeen danborrada –dran, dran, dran– Gurutzetik plazara iristeko zain; plazan ez dago inor, denak danborrada ikustera joanak dira-eta. Gure mutilak, plaza huts-hutsik egotearen xarma eta edertasuna aprobetxatuz, kale erdian jarri eta irakurketa arin bat egitea erabaki du, karroza etorri eta dena jendez bete baino lehen.

Horixe izango dugu seguruenik aurtengo patua Santakutzetan: plaza hutsik baina danborradarik ez denok atzetik joateko; denok geure etxeetan. Bai, plaza hutsik eta Txispik ez du aprobetxatuko kale erdian eseri eta egoera triste honetan kolore pixka bat jartzeko. Lastima. Gora Bihotzak!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide