184. Irlandar baten abenturak Zestoan

Dakizuen bezala, gure herria jende askok bisitatu du baina gutxi izango dira gaur hona ekarriko dugun hispanista baino jakintsu eta exotikoagoak. Walter Starkiek (1894-1976), liburu mordoxka idatzi zituen Espainiari buruz, horien artean, Irlandar baten abenturak Espainian (Aventuras de un irlandés en España). 1935ean argitaratu zen ingelesez eta 1937an gaztelaniaz (Espasa-Calpe). Ez da aurkitzen erraza baina merezi du ahalegina egiteak, tartean gure herria aipatzen da eta.

Starkieren nahia biolin-jole klasikoa izatea omen zen. Ikasketa Klasikoak eta Historia egin zituen Dublingo Trinity College-an eta Espainiako ijitoek erakarri zuten 1920ko hamarkadan (ordurako Hungariako ijitoei buruz idatzia zuen Starkiek). Trinity unibertsitateko lehen espainiar katedraduna izan zen eta British Councilen ordezkaria Espainian (1940-54). Katolikoa eta kontserbadorea izaki, oso ondo moldatu zen garaiko frankistekin, eta lagun franko egin zituen (ez denak frankista porrokatuak). 

Liburuaren sarreran dioen bezala, udan, bakarrik eta oinez, egin zuen bidaia trobadore eskale bat bezala jantzita, bere biolinarekin…1931ko uztailaren 2ko gauean ateratzen da Parisko Quai d´Orsay-tik, eta Donostia bisitatu ondoren, Getariatik barrena Zumaiara joaten da Zuloaga margolaria bisitatzera. Hark bazkaltzera gonbidatzen du, eta solasean pasatzen dute arratsaldea. Loiola aldera abiatzen da baina ilunak harrapatzen du, eta eguraldia “lainotsua eta hotza” denez, Zestoan geratzea erabakitzen du (X. kapituluan   gaude, 78. orrialdea nire lehen edizioan). “Zestoako kafetegi-ostatu moduko batean, alto egin nuen, eta oso adeitsu hartu ninduen jabeak, gorputz handiko gizon bat, alkandora lotu gabe zeramana eta hamabost eguneko bizarrarekin”. 

Non ote dago gure Walter? Blas Alkortaren ostatuan? Kerejetan? Nola jakin… Nik baino zaharragoek jakingo dute zer itxura zuen jabe batek eta besteak. Segi dezagun guk geure bidetik… “Kafetegian tertulia bat zegoen, eta oso ondo hartua izan nintzen biolinarekin. Afaldu ondoren eta ardo pixka bat edan ondoren, jabeak nire kaxa seinalatuz, esan zidan:

–Zergatik ez duzu pixka bat jotzen, tertuliarako?

–Atsegin handiz, zuk nahi duzun guztia. Irabaziak erdibana egingo ditugu.”

Starkiek ondo zekien zer emaitza onak ematen zituen irabaziak erdibana egiteak, arrakastaren gakoa ez baitzen musikaria bakarrik, baita tabernariaren berotasuna ere. “Zestoako ostalari hau publizitate agente abil gisa azaltzen da; talde batetik bestera doa jendea xaxatuz, euskaldun hauek ni entzutera gonbidatuz. Irabaziei dagokionez, gau zoriontsua izan nuen; gero jabeak logela eroso samarra eta merkea eman zidan etxearen atze aldean.”

Gure irlandarrak uste zuen euskaldun denak fanatikoak zirela erlijio kontuetan, baina “ikusi nuen oraindik bizirik dagoela etengabeko borroka, karlista eta elizkoiak alde batetik, eta errepublikano eta liberalak bestetik. “Bi gizon haiek borrokara ailegatu behar zutela zirudien eta elkarri eraso egingo ziotela labana eskuan, baina oker nenbilen. Hemen, eztabaida horiek gihar energia ugari alferrik galtzea beste helbururik ez dute.

–Horrek bizitu egiten du establezimendua –esan zuen ostatuko jabeak, borrokalariei botila zerbeza batzuk ekartzen zizkietelarik. 

(…). Batzuetan, neure burua eztabaida batean sartuta ikusi nuen, elementu arrotz bat bezala; baina errezelo guztiak bertan behera geratzen ziren oinez Loiolako San Ignazioren santutegira joan behar nuela esaten nienean. Karlista ile urdindutako batek, itxura gerlari eta mendikoi, hortzik gabeko eta begietan makardun batek esan zidan behin, ahots asmatiko batekin:

–Bejondeizula! Osasuna opa dizut, kanpotar! Horrela gustatzen zait! Zergatik ez dute zure etsenplua jarraituko euskaldun guztiek eta Loiolako erromesaldia egin? Noiz ausartuko gara denok Loiolako Iñigoren ekintza gogoangarriak  errepikatzera, eta hainbeste heretiko eta lotsagabe txerriak bezala itsasora botatzera?

Berehala eten zuen zaharra brusa urdineko eta kolore gorrixkako ganaduzale batek, zeinak pixka bat zakarki esan zuen:

–Lurraldearen madarikazioa da apaizez infestatuta gaudela. Oxala denak bidaltzen badituzte; bestela, iraultza tontakeria bat izango da. Jesuitei dagokionez, berriz, zenbat eta lehenago bidali, hobe. Señorito batzuk besterik ez dira, ezer egin gabe bizi direnak, aristokrazia imitatuz, dirua besterik nahi ez duen jendea. Ez joan Loiolara, gomendatzen dizut. Esaten dute Madrilgo gobernuak bidali egin behar dituela jesuitak, eta eroetxe bihurtu santutegia.

Ikusirik zer nolako aldartea hartzen zuen eztabaidak, zuhurtziaz alde egitea iruditu zitzaidan hoberena; izan ere, atzerritar batek ez du sartu behar, benetako arriskuan erortzea nahi ez badu, herri bateko arazo politiko edo erlijiosoetan.”

Hasieran esan dugun bezala, 1931n egin zuen bisitaldia Starkiek eta, ikusten den bezala, Errepublikaren haizeak iritsiak ziren Zestoara ere, eta eztabaida politikoa bizi-bizirik zegoen. Agian, ez dakigulako zenbateko zorroztasunarekin kontatzen dituen bere bizipenak Starkiek edo ezin dugulako neurtu zenbat dagoen fikziotik, beroarena kendu egin beharko litzaieke kontu hauei baina, edozein modutara ere, beste behin ere ikusten da gure herria ez zela beste asko bezalako “monolitikoa¨ eta “txepela” politika kontuetan. 

Azkenik, anekdota polit batekin amaitzen du Zestoako pasartea gure irlandarrak. Gaua lore usinekoa dago; hamaika eta erdiak dira; baina hala ere, ez du gitarra soinurik entzuten, ez serenatarik emakume baten leiho ondoan, ezta irrintzirik edo euskal mendietako aspaldiko oihu basatirik ere.

“Marik, ostatuko neskameak, adeitasunez bete ninduen. Neska altua zen, hezurtsua, ile horia, aurpegi zurizta, esku gorriztak eta lodi samarrak. Jostun giza ez-ohiko trebezia zeukan. Hain zuzen ere, nik gau hartan hondatu egin nituen nire galtza kaki kolorekoak horma bat igarotzerakoan. Beste batzuetan ere asko hondatu ziren, baina oraingoan konpostura on baten beharra zuten; hala ez egitean, ezingo nuen hurrengo egunean jarraitu bertakoek harrika hartzea nahi ez banuen behintzat. Ez zegoen bada beste erremediorik, ohean sartzea eta nire galtzak konponaraztea. (…)

Biharamonean, oso goiz, kolpetxo bat eman zuten nire atean. Mari zen, zeinak nire galtzak konponduta zekartzan, hain ondo, ez zutela antzeman puskatu izan zirenik ere. Poltsiko batean San Ignazioren medaila bedeinkatu bat aurkitu nuen, neskatxak han jarri zuena nik zorte ona izan nezan.”

Eta –barkatu pixka bat luzatu izana– horrela bukatzen dira Zestoako historiak. “Zumaia eta Azpeitia arteko paisaiak, bere malenkoniagatik, Eskoziako bailarak ekartzen ditu gogora” dio, eta hortik aurrera Loiolako kontuei, Ezkiogako agerpenei (uda hartantxe bertan izan ziren) eta Espainiako osokoei eskaintzen dizkie lerroak. Bidai on, Walter Starkie!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide