186. Danbor soinuak Zestoan

Aurtengo danborrada “sui generis” izango bada ere, une seinalatua da eta gogoratzea merezi duena: 90 urte beteko dira lehen danborrada egin zela, eta aurtengo helduen danborrada – balkoietatik bada ere– 91.a izango da. Honetan ere Zestoa kanpeon, beste askotan bezala. Lerro zuzenen, diru baliabideen eta distiraren poderioz telebistan leku pribilegiatua lortu badute ere, gure auzokoek 1957an –Zestoak baino 27 urte beranduago– egin zuten beren lehen danborrada. Ez die haiei ezer kentzen –eta guri eransten– xehetasun hori hemen argitaratzeak, baina gauzak bere lekuan jartzea beti da zentzuzkoa.

Kontuak kontu, 1930. urtean Zestoako lagun talde batek, Anastasio Alkorta zenaren gidaritzapean, lehenengo danborrada antolatu zuen. Donostiakoan oinarrituta, Zestoakoa Santakutz egunean, maiatzaren 3an, egiten hasi zen, Santa Cruz de Cestona herriaren omenez.

Lehenengo danborradarekin batera, egurrez eta kartoiz egindako karroza bat atera zen kalez kale; Zestoako Gurutzea irudikatzen zuen. Danborradak ikusmin handia sortu zuenez, urte hartan bertan, abuztuaren 31n, maiatzeko esperientzia errepikatu egin zuten, egun horretan herrian zeuden hainbat ekitaldiren osagarri.

Hurrengo urtean bainuetxeko botila handi bat atera zen karrozan, erregina, dama eta guzti. Zein ondo irudikatzen duen une hura Juan Jose Saezmiera, Maixuak, orduan 16 urteko gaztea: “Era una botella grande, muy grande, que llevaba el nombre de nuestro universal balneario. Y en la carroza una reina –Josepa labe– y unas damas. Las más hermosas ramas del jardín cestonés, custodiadas por unos soldados romanos (…). Al frente de aquella grandiosa comitiva iba un hombre joven [Anastasio bera]. Manejaba un bastón adornado con borlas y a sus gestos sonaban acompasados los tambores o tocábamos todos. Era algo sensacional, algo incomprensible, algo muy superior a cuanto una mente infantil podía imaginarse”.

Harrez gero, aldaketa asko etorri dira: umeen danborrada (1960, beraz 60 urte, egiten hasi zenetik); karroza umeen danborradan helduenean izan ordez; idien partez traktorea erabiltzea; 20-30 laguneko danborrada “intimoa” izatetik zientoka lagun biltzea; elkarte berri mordoxka bat gehitzea; Zestoako Banda bakarrik izatetik (80ko hamarkada arte) beste hiruzpalau musika talde ekarri behar izatea…

Bizipen haiek gogoratzeko, elkarrizketa xume bat egin genion, 1996an, danborrada haien sortzaile eta sustatzaile izandako Anastasio Alkorta zenari Ibon Ibargurenek, orduko udal kultur zinegotziak, eta neuk. Hona hemen, solasaldi eder hartatik aukeratutako zenbait pasarte, Anastasiok berak kontatuta.

* * *

Aurreneko danborrada 1930eko maiatzaren 3an izan zen eta asko kosta zitzaigun antolatzea, asko. Nik uste Gipuzkoan hirugarrengoa, laugarrengoa edo horrelakoa izango zela Zestoakoa, hemen inguruetan ez zegoen eta danborradarik inon ere. Orduan soziedaderik eta ez zegoen. Gu Donostiara eta joaten ginen danborrada guztietara eta pentsatu genuen: ‘hemen ere atera behar diagu, ba; nolabait juntatuko gaituk’.

Pentsatu genuen Gurutzeari bere garrantzi hori eman behar geniola eta, hala, karroza oso dotorea atera genuen. Botila ere ikusgarria izan zen. Zuazotarren fabrikan egin zen; hura botila handia zen. Joxepa labe zen erregina.

Karroza horiek ahal genuen tokian egiten genituen, makina bat errieta adituta ere bai. Askotan preparatzen genuen, hor behean nola dago Izeta Enea… Hor zera zen, perratzailea, horren aldamenean zen etxe bat… Han prestatzen genuen. Geuk Gurutzean geneukan garaje batean ere egin genuen karroza. Gero denbora askoan Asuntzionen, Onbide zinea zen lekuan.

Eta danborrak eta, ba, batera eta bestera, elkarteetara eta joan ginen laguntza pixka bat lortzeko. Donostiako soziedadeetara ere bai. Azkenean, Casa Angelitatik ekarri genituen. Bandari eta ez zion kasu asko egiten jendeak; batez ere erreparatzen zieten karrozari, danborrariei, zaldiei… Errezili ere bai, bere gurdiarekin (gurdiaren kargua beti Errezildarrek izan dute, guk ez dugu ezagutu besterik).

Jantziak eta hori dena guk Donostiatik ekartzen genuen, Casa Angelitatik. Hark ikaragarrizko jantzi piloa zeukan; orduan hura bakarrik zen, denbora haietan: la Casa Angelita. Gu joaten ginen hara, batekin edo bestearekin; askotan Txanberlainekin edo Agustin Goyarekin joaten ginen –automobilak zeuzkaten haiek– eta nik esaten nien: ‘Donostira joan behar diagu; debaldeko kontua, zer edo zer emango dizuet, gasolinatarako edo, aterako dit nonbaitetik eta’.

Urte askotan, udaletxean bertan janzten ginen; dena han edukitzen genuen, dena banku haietan, denak izendatuta: fulano, fulano, fulano, fulano… Eta han berriketarik gabe! Arduradunok esaten genuen: ‘Alto! Hi horra, hi hara, hi hara eta hi hara’; eta bakoitzak hartzen zuen bere arropa eta han janzten ziren. Gero, entregatu ere han bertan egiten ziren. Gutxi gora behera hogei bat lagun edo aterako ginen hasierako danborrada haietan”.

Argazkia: gerra ondorengo danborrada bat. Aurrean, Anastasio Alkorta. Danbolin-zulo kultur elkartearen artxiboa.

Informazio gehiago: Irakurleak Anastasio Alkortari buruzko gauza gehiago aurkitu ahal izango ditu 2002ko otsaileko Danbolin aldizkarian: “Irudimenezko munduan Anastasiorekin solasean”. Benetako elkarrizketa ez bada ere, bertako pasarteak 1988ko grabaketa batetik hartuak dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide