189. Benantzio Larrarterekin zorretan
— 2020-05-1820 urte egitera doa danbolin aldizkaria. Berrehundik gora ale, milaka orrialde. Ez da broma. Inork gutxik espero zuen emaitza. Baina danbolinen aurretik, saiakera asko egin ziren, eta azpimarratzekoa da 1992an sortu zen Bai Zera aldizkari hura; bai, orain, hogeita hamar urteko perspektibatik ikusita, nahiko produktu kaskarra iruditzen zaigu hura (hori bai, borondate onenarekin egindakoa) baina enbor hartatik sortutakoa da danbolin.
Garai hartan –beraz, duela hogeitaka urte– bidali zigun udaletxera Benantzio Larrarte apaiz zenak (1918-2019), San Joan egoitzan bizi zela, gutuntxo eder bat, idazmakinaz idatzita, eta gainean eskuz honakoa zeramala: “Bai Zera! Aldizkarian argitaratzeko”. Ez naiz gogoratzen zein arrazoirengatik, ez zen argitaratu eta Kultur Etxeko paper artean ahaztuta geratu zen. Bizia eta ederra da, ordea, gutuntxoa eta hona ekartzea pentsatu dut. Pio Barojari buruz izen bereko plazatxoan dagoen harrizko plaka du aipagai, eta han inguruko etxeen utzikeria ere bai. Biak ala biak dira aktualitateko gaiak, hona ekartzeko modukoak.
Plaka horrek –oker ez banago, Arozenaren garaian jarritakoak– beti eragin du harridura, eta batek baino gehiagok esan izan dit Barojak Josafateko zelaitik ikusten badu plaka hori, barre ederrak egingo dituela “gloria de la literatura española y funcionario de este ayuntamiento” irakurrita (batez ere, esaldiaren bigarren zatiak eragingo dio barregura gehien).
Benantziok aipatzen dituen etxeen egoerari buruz, berriz, hark ikusi zituen garaitik (90ko hamarkadaz ari gara) batzuk berrituta baldin badaude ere –Elizkalekoak, Iriondonekoa…– beste batzuk hark esaten duen bezain egoera tamalgarrian daude. Baina, tira, sarrera gisa nahikoa idatzi dugu, eta utz diezaiogun Benantziori bere gutuna aletzen. Berak idatzitako moduan, “h” malapartaturik gabe eta abar, transkribatuko dut garaiko zapore eta piperrik gal ez dezan.
Hogeita hamar urte beranduago, eta bera jada gure artean ez dugula argitaratzen dugu, baina, tira, zorra kitatua, Benantxio.
* * *
Pio Baroja plazatxoa
Zestuako erriak alderdi zarrean, ba du iri-gune bat, Elizkale eta Kaleokerra alkarrekin biltzen dirana, plazatxo bat osatzen dutelarik; bazter polita izan behar lukeana, baiña zoritxarrez, naiko zatar eta utzia daukaguna, bertako eta kanpokoen lotsarako.
Pena ematen du benetan ikustea, orko etxe batzuk erdi-eroriak, aintziñako sarrera-atea –gure erri zaarraren lekuko baliotsua– kupidagabe suntsitua, iturritxoa desagertarazia, aparkaleku erosokeriz biurtua.
Bada bertan lengo etxe bat, garai hartan Xeroranekua izana, eta Zestuako sendagileetako bat or apopillo egona: Pio Baroja aipatua, alegia. Eta orman ezarririk, or dago plaka zurizka, -erdera utsez gaiñera– onela dioena:
EN ESTA CASA VIVIÓ EL ILUSTRE ESCRITOR
D. PÍO BAROJA
GLORIA DE LA LITERATURA ESPAÑOLA
Y FUNCIONARIO DE ESTE AYUNTAMIENTO
Iñaki Linazasoro, idazle argi ta bizkorrak, bere “Alborada” deritzan liburuan –eta arrazoi osoz noski– parregarritzat jotzen du, Baroja famatua, Udal-barrutiko “funtzionari” bezala aipatzea. Komeni litzakela uste dugu –eta agintariak egin asmotan dirala pozik jakin degu– plazatxo ori bear bezela zarberritzea, sarrera-atea berreraikiz, etxe zarkituak ordekotuz, lenengo iturritxoa berrezarriz, eta plaka desegoki ori onelatsu gaurko erara aldatuz:
PIO BAROJA MEDIKUA
ETXE HONETAN BIZITUA
EUSKAL ARIMA GALDUA
EMEN BERRIRO ARKITUA
NOBELAGILLE SONATUA
Orrek adieraziko luke, ba dagoela gaur-egun gure artean kulturzaletasunik eta borondate eginkorrik, okerrak zuzentzeko, bazterrak itxuratzeko, eta edonoren aurrean, erri-maitale agertzeko, asabengandik ondarez jaso ditugunak arretaz zainduz.
Ba da, ain zuzen, margozki edo kuadro bat oso polita bera, zestuar artista ezagun batek egiña. Eloy Erentxun arruarrak, alegia, sarrera-ate atzetik, Elizkalea zear, kanpandorrea isladatzen diralarik. Berorrekin izketan esan zidan bein, Zestuara etzala etortzen, tristura ematen ziolako, lengo txoko politak ain “ixurraturik” ikusteak.
Betor bada albait laisterren, plazatxo orren zarberritzea, erri-apaingarri eta bertako eta kanpokoentzat ederetsigarri.
Egun orretan Pio Baroja zorrotza ez da aserre izango, noski; ezta Iñaki Linazasoro eta Eloy Erentxun ere. Erakus dezagun bada estetika sentiberatasunik ba dugula gure erriari buruz! Benantxio.
Argazkia: Bizente Dávila. Zestoa patrimonio histórico-artístico. Guregipuzkoa.eus
Egin zaitez bazkide