191. Urola zaharra

Hondartzak martxan ditugu dagoeneko eta turismoa ere bai. Hainbeste denbora etxe zuloan sartuta egon eta gero, amorratzen gaude irteteko, tabernatako terrazak “inbaditzeko”. Uda badator, eta berarekin askeago sentitu nahia, arropa zaharrak kendu nahia, bizirik gaudela erakutsi nahia…

Garai batean, uda hasten zenarekin batera, gure Urolako tren zaharra bete-bete egiten zen jendea kostaldera eramateko. Argazki honetan, ordea, ez dago jende uholderik. 1930eko hamarkada hasiera-hasierakoa izan behar du argazkia, Urola egina baina Irure artean eraikitzeke dago eta. Onbide zinema ere hortxe dago, gaur egungo itxura berdintsuarekin. Atzean, berriz, Ertxiñako paraje harritsuak eta behe aldeko baratzak beren txabola txuriekin; lur lehorrak, zailak, ongarri gutxikoak baratzatarako, baina nahiko aproposak oilo edo untxi batzuk hasteko. 

Argazkiaren interesa ez dago, ordea, hor atzean, lehen planoan baizik. Geltoki inguruak ez du diferentzia handiegirik oraingoarekin: platanondoak (gazteak artean) ezker aldean, eta geltokia zein biltegia eskuinean. Trena iristear da, ez du ematen jendetza ikaragarririk dakarrenik. Interesgarriena jende multzoa da. Lehendabizi, baul horiek, tenteka eramaten diren baul zoragarri horiek eta miniaturazko armairuek bezala, arropa zintzilika eta zimurtu gabe eramateko prestatuak, eta han eta hemen dozenaka kajoitxorekin dena txukun-txukun gordetzeko. Horietan oinarrituak dira gaur egun Louis Vuittonek aberatsentzat egiten dituen baul ospetsuak. Maletazaina, bere lanean zintzo dabil, trena etortzerako dena antolatzen. Lagun kuadrilla, berriz, iritsi berria den edo zerbait esaten ari den gizon txapeldunari begira dago. Asko gustatzen zait txapela, itxura elegantea ematen dio agureari. Andrea, jantzi ilunarekin, eta biak ala biak kilo batzuk hartuta. Ez zuten alferrik esaten bainuetxeko medikuek jendea festara eta ondo pasatzera etortzen zela Zestoara eta ez sendatzera. Tira, garai haietan ez zen “operación biquini” eta horrelakorik eta ondo ikusia zegoen kilo batzuk soberan izatea; aberastasunaren seinale. Edadetuen kolore ilunekin kontrastean, neska gazteak soineko koloretsu eta polit bat darama. Dena oso sosegatua da, oso barea, tentsiorik batere gabekoa.

Agian, malenkonia pixka bat ere badu argazkiak. Izan ere, itzulera baita argazki hau, ez kostaldeko enkantuetara sentsazio berri bila joatea. Zumarragara doaz gure bidaiariak eta handik, beste trena hartuta, auskalo nora… Madrilera, Zaragozara… Eta gure protagonistak beren etxeetara itzultzen direnean, gurean barrerak jarriko dituzte eta euria hasiko du eta harekin udazkena, eta urzaleak pasatako kontua izango dira.

Beste batean esan nuen bezala, ondo baino hobeto datorkio argazkiari Azorin idazleak, 1904an gure bainuetxea bisitatu eta gero, Caldas de Oviedo-koari buruz idatzi zuena: “Hotelean ez da deus gertatzen: bainuetxeetan ez da inoiz deus gertatzen. Pasillo luzeak daude, jangela bat non zerbait jaten dugun, egunean bizpahiru aldiz egunkari berak irakurtzen ditugun irakurgela bat, eta festa-gela bat zeinetan, afalondoren, dantza patriarkal batzuk, benetakoak, lasaiak dantzatzen ditugun […]. Eta hau guztia egunero errepikatzen da. Nolabaiteko nahigabe batek menderatzen du gure gogoa. Agian, mundua ez da bainuetxe erraldoi bat besterik. Eta goiz batean eramanarazten diogu maleta mutil bati, eskailera estu bat jaisten dugu, harresiari jarraitzen diogu, artasoroak gurutzatzen ditugu, ibaia igarotzen dugu, harkaitzetik arrastan joaten gara, eta berriro ikusten dugu geltoki txikia, eta gu libre –une batez behintzat– pasillo, atzeratutako egunkari, mahai borobil eta dantza patriarkaletatik”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide