192. Edertasuna

Batzuetan, antigoaleko gauzen saltoki xarmagarri horietan –edota interneten, garai hauetako azoka globalean– argazki zoragarri bat topatzen duzu, liluratuta geratzen zara, baina eginahalak eginda ere, ez duzu lortzen argazkiari buruzko informazio askorik lortzerik. Horixe gertatzen zait niri argazki honekin, eta esan behar dut hilabeteak eta hilabeteak eduki dudala argazkia gordeta, argibideak aurkitu eta “aztarka” mamitsuagoa egiteko asmotan. Ezin, ordea, eta etsita, daukadan informazio urriarekin argitaratzea erabaki dut. Finean, argazki bat dokumentu historiko gisa azter daiteke, garai bateko gertakarien lekuko aparta gisa, baina ez da hori aukera bakarra; argazkiari begiratu behin eta berriz, eta gauzak irudikatzen entreteni gintezke. Horixe egingo dugu segidan, zuen baimenarekin.

Datu bat behintzat badaukagu segurua: argazkia 1920ko abuztuan aterea da Zestoan, noski. Hor atzean ikusten ditugun eraikuntzak Asuntzion eta Lizaso hotelak dira; Ertxiña, berriz, betiko moduan, harkaitza besterik ez. Uda gain gainean daukagula bistakoa da, itzalen eremu laburra ikusita, eta arratsaldea dugu eguzkiak bide dezente egina du eta. 

Bi idi pare, hemengo era tradizionalera uztartuak, beren kopetako dotore, gurtede, larruzko hede, gaineko ardi-larru eta soka gurutzatuarekin… Atzean gurdia, lehengo erakoa, egurrezko gurpilekin eta burdinazko azalekin. Eta, jakina, bertakoek zein kanpokoek hainbeste aldiz aipatu izan duten bere kirrinka edo hots bereziarekin.

Liluragarriena, ordea, gurdietako “eszenografia” dugu, zalantzarik gabe. Belarrez, landarez eta lore ederrez dotoretutako egitura bat daramate, eta bertan emakume gazte bana gurdian eserita. Noizbait, Elizondon Baztandarren Biltzarra ikusi duenari berehala etorriko zaio burura hango “karroza” edo orga tradizionalen itxura dutela argazkiko hauek ere. Gero, atzean, bi gurdiei tarte nabarmena emanez, jendea ikusten da eta tartean musika (banda edo txistulariak) izango zela ere antzeman daiteke. Bainuetxera doaz.

Hortik aurrera, galderak edo hipotesiak egitea dagokigu. Zer ospatzen ote zuten abuztuan, herriko jendearen zein turisten gozamenerako? Zer ote ziren neska gazte horiek? Geroago Zestoan egiten ziren “miss Cestona” haiekin zerikusirik ba ote dute? Orga loretsu hauek ote dira, gero, handik hamar urtera, danborradako karrozatan jartzen ziren erregina eta neska gazte kuadrilla haien aurrekari? Danborradaren hasieratik ia oraintxe arte ezagutu genuen errexildarren (Arteaga) idi-pareek hemen ote dute jatorria, eta itzain bietako bat Errexil ote da? 

Kontuak kontu, argazki zoragarria da, bistan denez, eta turista anonimoak jakin zuen irudiaren exotismoa argazki bidez betirako jasotzen. Beste behin, herri ekintzaile bat, kultura eta jaiak antolatzeko abilezia ikaragarria duen herri bat ikusten dugu argazkian, ekimen horiei halako exotismo eta modernitate kutsu bat ematen dakiena (nesken janzkera ez da tradizionala), eta, azkenik, herriaren eta turisten artean konplizitatea sortzea nahi duena (zergatik doaz bestela bainuetxera?). 

Ez dakigu zer dagoen, benetan, argazkiaren barrenean, datu bat bera ere ez daukagu eta, baina itxurak esaten digu zerbait polita eta ederra gertatu zela 1920ko abuztu hartan. Eta zorionez, gaur egun, argazki honen bitartez irudikatu dezakegu. Gora edertasuna! 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide