193. X jauna
— 2020-06-17“Felipe Gonzalezek ontzat eman zuen GAL sortzea, CIAren agiri baten arabera” zioen Berriak duela hiruzpalau egun. Ez nintzen batere harritu, gauza jakina zen eta. Baina CIAren agiri horrek nolabaiteko “segurtasun” bat –eta larritasun berezia– ematen dio gure betiko usteari.
Pasa den igandean –artean ez nuen Berriako albistearen berririk– Tolosako Bentaunditik pasa ginelarik, han ikusi nuen, landareek eta sasiak gain harturik,Txabi Etxebarrieta ETAko kide gaztearen oroimenez jarritako Oteizaren eskultura. 1968ko udaberrian, Etxebarrietak José Ángel Pardines, 25 urteko Trafiko saileko guardia zibila, erail zuen. ETAren lehen hilketa izan zen. Handik gutxira “Txabi” bera erail zuen guardia zibilak, aipatu eskultura dagoen ingurumarian.
Pentsalari askok esan dute odolak etengabeko odola eskatzen duela eta egia da. Aspaldi esan zuen horixe bera, hitz ederrekin, Maria Zambrano filosofoak bere La tumba de Antígona liburuxka ederrean: “Sí, teníais que morir y que mataros. Los mortales tienen que matar, creen que no son hombres si no matan. Los inician así, primero con los animales y con el tiempo, y con ese grano de pureza que llevan dentro. Y en seguida con otros hombres. Siempre hay enemigos, patrias, pretextos. (…) Y no basta. Hay que matarse por el poder, por el amor. Hay que matarse entre hermanos por amor, por el bien de todos. Por todo”.
Ez dago hobeto esaterik. Batek milaka arrazoi ditu bestea hiltzeko. Besteak milaka arrazoi ditu bestea hiltzeko. Eta, horrelaxe, elkar elikatuz, zenbat sufrimendu, zenbat torturatu, zenbat hildako…?
Gazte gaztetatik izan naiz kritikoa indarkeriaren erabilerarekin. Horregatik batez ere: bizitza handiena delako eta, bestalde, batek besteari etengabe jarraitzeko aitzakia ematen diolako; etengabeko norgehiagoka, gorputzezko basamortu bat eragin arte.
Indarkeria dena berdina ote da, ordea? Ez dut uste. Demokrazia batean, boterearen indarkeria –endemas bizitza eskubidearen kontrakoa bada– askoz larriagoa da. Horretan ez dut zalantzarik. Leonardo Sciascia idazleak asko lagundu izan dit gauza hauek hausnartzen. “Bada etorkizun bat Sciasciak, 1989an hilak, ikusi ez zuena. Sumatu egin zuen mafiaren eta terrorismoaren kontrako kontuetan: beldur zen Estatua etengabeko gerra batean murgilduko ote zen, eta horrek ekarriko ote zuen berme konstituzionalak ezabatzea edo ahultzea. Eta gogora ekartzen zion faxismoa, etengabeko gerra mobilizazio hura” (Justo Navarro, El país, 2007-09-07).
Bada horixe, AEBko inteligentzia zerbitzuaren (CIA) ezkutuko artxiboko zenbait dokumentu desklasifikatu dituzte, eta haietan ageri da Gonzalezek “mertzenario talde bat eratzea” adostu zuela. Gonzalezen gobernuaren erabakitasuna nabarmendu zuten txosten haietan, “oso ortodoxoa ez den estrategia bat” abiatzeraino. “Mertzenarioek ez dute zertan espainiarrak izan, eta haien egitekoa izango da ETAko buruak hiltzea Espainian eta Frantzian”. Era berean, egunkariek adierazi dute CIAk beste dokumentu batean idatzi zuela ETAren aurka legez kanpo arituak zirela lehenagotik ere. Anti Terrorismo ETA, Triple A eta Batallon Vasco Español taldeak aipatu zituzten oin ohar batean.
Ez dut zalaparta handirik sumatu El país eta horrelako komunikabideetan, itxuraz, bere burua demokratatzat daukatenetan eta atzerriko gauzetan –lehen aipatu dudan Sciasciaren aipamena Italiaz hitzegiterakoan– hain sentiberak diren horietan.
Gonzalez eta ingurukoen oniritziarekin hildako makina bat izan ziren, eta ezagun askoak direnez ez dut hemen zerrendarik egingo. Tartean, 1985eko irailean, Xabin Etxaide herritarra erail zuten Monbar hotelean. Haren hiletaren argazkia dakarkigu gaur hemen. Zoritxarrez, ez dut gogoratzen zein egunkaritatik atera nuen –Diario Vasco ote?– baina niri behintzat deigarria egin zait, besteak beste, herritar ezagun batzuk ageri direlako bertan, Xabier Zubizarreta apaiza aurrean dela, eta gaurko gazteentzat oso bitxia izango delako gure herria, horrela, guardia zibilez eta metrailetaz hartua ikustea. Tragedia handi bat irudikatzen du argazkiak: hiltzailea eta biktima elkarrekin argazkia partekatzen.
Ikusiko ote dugu X jauna ikerketa batzorde batean edo epaile baten aurrean kontuak argitzen? Tira, tira, ez gaitezen ameslariak izan.
Egin zaitez bazkide