194. Izurrite kaltegarri hura geldi zezan

Zestoako festak bertan behera geratuko ote ziren hotsak entzun nituenean, alkateari zera esan nion: “Ez zekiat gerra garaian eten ote ziren festak baina agian ez, orduko agintariek berehala nahi izan ziaten-eta normaltasun itxura ematea; agirietan, nik festak eten zirela ikusi diaten kasu bakarra 1785ekoa duk, eta, zer kasualitate, orduan ere izurritea zela-eta utzi zizkiaten bertan behera”. Hala amaitu genuen solasaldia baina kuriositateak eztenduta, udal agiri zaharretara jo arteko onik ez nuen izan.

Udaleko agirietan –batez ere aktak begiratu nituen– normaltasuna zen nagusi, gero aipatuko dugun aktan izan ezik, baina jakin badakigu garai hartan epidemia eta gaitz asko izan zirela, eta horien artean nafarreria eta tifusa azpimarratu beharko lirateke.

Jose Vargas Poncek, Historiaren Errege Akademiako zuzendari eta itsas tenienteak, 1700etik 1800era bitartean jaiotako, hildako eta ezkondutako pertsona kopuruen berri ematen du (1805 urtea). Zestoakoak (Arroa ez zen artean Zestoa) ere ageri dira. 1803an Zestoan 1.370 lagun bizi ziren. Datu horiei esker dakigu gure herrian, bataz beste, 7 bat lagun hiltzen zirela urtean baina hasieran aipatu dugun 1785ean 20 lagun hil ziren (10 emakume eta beste horrenbeste gizon). Hori baino okerragoa izan zen 1795a, zeinetan 49 pertsona hil ziren. Bietan, oso litekeena da tifusa izatea hainbeste heriotzen arrazoia.

Joseph Matheo zen mediku Zestoan orduan, 1785eko martxoan hil zen arte, eta hari Ignazio Antonio Izetak hartu zion lekukoa uztailean. Biak ala biak mediku jakintsuak ziren eta lan bikainak egin zituzten garai hartan aurkitu berriak ziren bainuetxeko urak analizatzen. Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen izpiritu zientifikoaren jarraitzaile ziren, eta, jakina, ahalegin guztiak egingo zituzten gure herriko izurritea kontrolatzeko.

Baina orduko udal gizonek (ez dute oraingoen antzik) nahiago izan zuten, medikuen ahaleginez harago, “goietara” jotzea: “Hallándose aflixida con una epidemia maligna, para implorar a la divina misericordia su remedio”. Bi erregute edo “errogatiba” egitea erabaki zuen Zestoako Udalak, 1785eko apirilaren 10ean, eta hala eskatu zitzaion Elizari: “Hilaren hamabian egin zezatela erregute bat hiri honetako San Joan Bautista baselizan, Jesukristo Gure Jaunaren bitartez arindu dadin izurritea; eta bigarrenik, bi parrokiak (Aizarna eta Zestoa) elkartuz egin dezatela beste erregute bat hilaren hamalauan Ibañarrietako baselizako Santo Kristoren santutegian”.

Hala egin zuten, Joan Ignazio Errasti idazkari prestuak udal liburuetan ondo jasota utzi zuen bezala: lehendabizi, apirilaren 10ean, igande goizeko meza nagusian, bikarioak aditzera eman zuen nola hurrengo asteartean, goizeko 9etan, irtengo zen prozesioa Ama Birjina Donearekin San Joango baselizara, eta herria azal zedila. Asteartean, handitasunez egin zuten prozesioa eta erregutea, elizako Gurutze Nagusia, Zutoihala eta estandarteak harro erakutsiz. Hurrengo egunean, hileta zen Aizarnan eta han ere iragarri zuten ostegunean, apirilak 14, Aizarnako eta Zestoako eliztarrak prozesioan joango zirela herri guztiarekin batera Ibañarrietako Santo Kristo ermitara.

Eta iritsi zen, bada, apirilaren 14a , “Jaungoiko Gure Jaunari izurrite kaltegarri hura geldi zezan” erregutzeko eguna. Aizarnako Parrokia herri guztiarekin batera jaitsi zen prozesioan Zestoara beren Gurutze, zutoihal eta estandarteekin, eta Udalbatzak San Joanen egin zien harrera. Ermitara sartu eta otoitz egin ondoren, kanposantu ondora joan ziren (gaur egun Elizondo dagoen leku berean zegoen garai hartan kanposantua). Han, aizarnarrak eta zestoarrak elizara sartu ziren letania kantatuz. Ondoren, berriro prozesioa osatuta, elizatik atera, kanpai-hotsak isildu ere egiten ez zirela, eta bandera, estandarte, gurutze eta Arrosarioko Amabirjina eta San Joseren irudiekin, eta Aizarnakoek beraienarekin, herritik irten ziren. Iraetako San Joan Bautista baselizara iritsi ondoren (kontu egin ez dela Santa Ines izenarekin agertzen aktatan), erregute meza esan zuten, eta handik Ibañarrietara iritsita, Santo Kristoren baselizan, beste bat. Bidean letaniak kantatuz joan zen prozesioa. Ibañarrietatik bueltakoan, berriz, arrosarioa kantatu zuten, hamarreko bat kantatuz eta bestea errezatuz, eta azkenik Letania Laureatana. Lizarraitzeko portalera iritsi, eta Kaleokerretik jarraitu zuen prozesioak, eta ondoren Erkikaletik elizara; han, parrokiaren gurutzea, irudiak eta estandarteak utzi zituzten, eta Aizarnakoak eurenarekin irten ziren. Zestoarrak eta aizarnarrak, biak elkarrekin, Gurutzeagaraino joan ziren. Azkenik, hamabietan banandu egin ziren, eta Aizarnakoak bere erretorearekin euren parrokiara abiatu ziren. Horrela kontatzen digu, gutxi-gehiago, gure idazkariak, 1785eko apirilaren 20ko aktan.

Eta, jakina, izurriteak izurrite, ezin bada errezo hutsekin konkistatu Jainkoa eta herritarren fedea, eta, beraz, “Herriak (Udalak) mokadu ondradua jarri zuen bi Kapituluentzat (parrokia), eta denek elkarrekin jan zuten”. Eta udal agirien tonu neutroari alaitasun eta musikaltasun pixka bat emateko, “mokadu ondraduaz” gain, zera gehitzen du idazkariak: “Eta prozesioa egin zen denbora guztian ez ziren kanpai-hotsak gelditu”.

Pentsatzekoa den bezala, giro horretan ez zegoen festarik egiterik, eta horregatik esan nion alkateari, hasieran aipatu dudan hizketaldian, “nik festak eten zirela ikusi diaten kasu bakarra 1785ekoa duk, eta, zer kasualitate, orduan ere izurritea zela-eta utzi zizkiaten bertan behera”. Baina, bai zera! 1785eko uztailaren 17ko aktak honela dio: “Habiéndose hablado sobre las fiestas que han de hacer en Aizarna y esta villa, se acordó hará las regulares sin corridas”, alegia, ohiko jaiak egingo zirela baina zezenketarik gabe. Hara, bada… argitua geratzen da.

Argazkia: Endoiako ermitaren inaugurazioa. Paco Marí. Kutxa Fototeka. KUTXA_MACA_4_4973_56_00017. www. guregipuzkoa.eus. 200 urte lehenago ere, antzekoa izango zen Ibañarrietara prozesioa eta erregutea; kendu bandera espainiarra eta jarri eliz giroko estandarte batzuk eta, listo.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide