195. Hain da maitagarria kaosa

Duela aste batzuk jakin nuen Euskadi Irratian, Pako Aristik esanda, Euskal kantagintza berria liburua berrargitaratu dutela. Jatorrizkoa 1985ean argitaratu zen. Dirudienez, Aristi, 21 urteko kazetaritzako idazle gaztea, bazebilen ordurako lehen erreportajeak eta elkarrizketak publikatzen han eta hemengo agerkarietan, eta Bernardo Atxagak proposatu zion Euskal kantagintza berria izango zena idaztea eta Aristiren izena Erein argitaletxeari. Aristi gazteak zoratzen jaso zuen omen zuen enkargua. “Batetik, euskal kantagintza asko entzuten nuelako, eta jende horrekin egotea opari handi bat izan zelako; eta, bestetik, lanerako sekulako gogoa eta ilusioa nituelako” (Berria, 2020-05-21). Liburuaren egitura hiru elementuk osatuko zutela erabaki omen zuen: elkarrizketak, hemeroteka lana eta horiek josiko zituen fikziozko istorio bat. 1961etik 1985era arteko epea aztertu zuen Aristik, eta horretarako 22 musikari eta talde hautatu zituen elkarrizketarako. Garai hartan, ezer ez zegoen idatzita euskal kantagintzaren inguruan eta, ondorioz, ekarpen izugarria izan zen liburu horren bidez egin zena. Liburu hura, gaur egun, aurki ezina da liburu zaharren merkatuan –nik nirea etxeko ganbara zaharrean aurkitu ezin dudan bezala– eta, horregatik, berrargitaratzea erabaki du argitaletxeak.

Garai haietan neu ere 21 urte egin berria nintzen, eta gogoan dut kuriositate handiarekin erosi nuela liburua eta oso interesgarria iruditu zitzaidala. Baina batez ere, xehetasun batek eman zidan atentzioa. Geroxeago kontatuko dut hori. Hori baino lehen, Aristi aipatuko dugu pixka bat, orain “adopziozko zestoar” egin zaigun honetan merezi du aipamentxo bat eta.

Ez dut –barka diezadala– bere lan ezagunenik irakurri; batez ere, bere opera minima edo lan txikiak eta poesia atsegin ditut. Begirada eta sentsibilitate fineko idazlea iruditzen zait. Hunkitu nauten bi adibide emango ditut. Bata, “Belarrak jandako bidearen ametsa” (Euskaldunon Egunkaria, 1999-08-29, 37. orr.). “Atzo lurperatu dugu Jeronimo zaharra” hasten da Aristi. Aldekoan geratzen zen kristau bakarra zen Jeronimo, eta “orain, labezomorro, xagu eta bare ateoen mende behar du etxalde osoak”. Narratzailea aldekoan bizi izan zen baina gurasoekin hirira alde egin zuenetik, inor ez da joan bertara. Jeronimoren hileta bukatuta, Nikolas sakristaua, beraien etxean bisitari izaten zutena, hurbildu zaio galdera bat egitera; galdera bakar bat: “Egin nahi al duzu bisitatxo bat?”. Eta eskua luzatu, ahurra ireki eta giltza erakutsi dio. Eta hori kontatu eta segituan hitz hauek idazten ditu Aristik: “Sasiak urratu du / gure ametsak umotu zituzten / bide horien edertasuna”. Testu labur bezain zoragarria eta malenkoniatsua.

Beste adibidea are eta zoragarriagoa da: “Ekaingo haitzuloan margolaria / lotara joan zen, / eta hogeita hamar mila urte geroago / ‘neoia’ deituko zuten / argi batekin egin zuen amets: / sua baino biziagoa litzatekeen / izotzaren antzeko dirdira bat” (Oherako hitzak, 1998).

Tira, baina gauza hauek argitaratu zituenerako 35 bat urte bazituen Aristik eta euskal kantagintzari buruzko liburu hura, berriz, beste kontu bat zen.

Lehenago esan dut, 21 urterekin liburua erosi nuenean xehetasun batek eman zidala atentzioa. Bada 141. orrialdean argazki bat, eta bertan Itoiz gure herriko tren geltokian. Nola ez zidan ba ilusioa egingo ordurako mitikoa zen Lau teilatu kantaren egileak Zestoan azaltzeak? Hainbeste miresten genuen taldeak gure geltoki zaharrean argazkia ateratzea? Jean-Marie Ecay, Jimmy Arrabit, Juan Carlos Pérez eta José Garate, Foisis. Eta argazki oinak: “Itoizekoek Ezekielen etorrera itxoiten dute geltoki triste batean”. Enigmatikoa da niretzat esanahia. Tren geltoki bat da Ezekiel diskoaren (1980) azala ere. Keinu bat izan daiteke. Edozein modutara ere, geltokiak eta trenak etengabe daude taldearen ikonografian. Juan Luis Markaida argazkilariarena da irudia. 1984-85 inguruko argazkia behar du, eta Aristiren liburuaz aparte Espaloian diskoaren (1985) barrualdean ageri zaigu, beste 11rekin batera (tartean bada une berean, geltoki horretan bertan, ateratako beste bakarren bat). Disko horren “Taxi horia” kantan dioten bezala, “Laister autobidera altxatuko naiz / ‘Dedo’ egin tren bat hartu / Ze jende xelebre estazioetan!”

Aristik taldearen sorrerari buruzko galderak egiten dizkio liburuan Juan Carlos Perezi. Horrez gain, hemerotekako aipamenak eransten ditu: “El rock de Itoiz está a la cabeza del que se hace en Euskadi” (Egin); “Itoiz ha sacudido el mundo de la canción vasca por el camino que abre a nuevos experimentos, a nuevos trabajos, a nuevos músicos” (Egin). Zenbait anekdota ere kontatzen ditu eta, bukatzeko, esaldi eder hau: “Juan Carlos maitemindurik dago Bilbotaz, izan ere hain da maitagarria kaosa, hain da kutuna anonimatoa, bakardadea batzutan”. Ez lirateke hitz desegokiak gaur hona ekarri dugun argazkiari jartzeko ere.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide