196. ‘Alteza’ txikia

Zeresan handia ematen ari da, beste behin ere, gure emeritua, eta, hara, begien aurrean ez ikusteagatik pagatu egingo genuke. Baina ez litzateke lehen aldia, horrela, odol urdineko eta koroadun jendea gure herria zapaltzera etortzea eta, tira, kontuz ibiltzea hobe. Barka diezadate ekologistek baina hemen badu nahiko basurde, ehiza-praktikaldiak egin nahiko balitu ere. Gero, “me he equivocado, no volverá a suceder” esan eta kito. Baina utz diezaiogun zaharrari bakean, badu bere diru-kontuekin makina bat lan eta. Dirua edukitzea ona omen da baina zenbat lan gero…!

Bueno, goazen harira. Madrilera joaten naizenean, Prado museoa bisitatzea plan zoragarria izaten da niretzat. Lehenengo orduan joaten naiz beti, sarrera aurretik erosita, eta ahal badut aurrenetakoa jartzen naiz ilaran. Sartu, poltsak-eta kontsignan utzi eta, ia beti, Goyaren (1746-1828) lanak dauden gelatara joaten naiz lehendabizi; Pintura Beltzak ikusi nahi izaten ditut, Goyak bere Quinta del Sordo etxean margotu zituenak, eta dozena bat minutu edukitzen ditut margo horiek ia neuk bakar bakarrik ikusteko; handik aurrera turista talde ugari azaltzen da handik, beren gidari eta guzti, eta zaila da kontzentratzea. Orduan, lasai-lasai joan zintezke pintore beraren gainerako koadroak ikustera. Azken urte hauetan izugarri miresten ditut Goyaren azken garaiko margoak, Bordelera erbesteratu eta han margotu zituenak, eta bereziki Bordeleko esne-saltzailea deritzana; sinestezina da zer sormen gaitasun zeukan margolariak 80 urte pasarekin eta zer keinu egiten zizkion inpresionismoari mende erdi bat lehenago. Azken urtetako margoez disfrutatu ondoren, bere beste lanak ikustera joaten naiz. Carlos IV.aren familia jendez gainezka egoten da ordurako eta, handia izan arren, lanak izaten dira ondo ikusteko eta batez ere kontzentratzeko. Ez dut behin ere nire koadro kutunenetan eduki baina badakigu arte ikuspegitik bikaina dela eta, ondorioz, derrigorrezkoa da Pradora joandakoan arreta dezente eskaintzea berari. Maria Luisa de Parma erregina da koadroko protagonista eta esan beharrik ez dago zein harro azaltzen den eta nola asmatzen duen Goyak haren izaera zakarra eta harroa irudikatzen.

Luze egingo litzaiguke protagonista denak azaltzea baina merezi du pare bat aipatzea. Ezker-ezkerrean, gorriz jantzita, Borboiko Carlos María Isidro ageri da, alegia, karlisten erregegaia (liberalak Isabel II.aren aldekoak ziren, eta, azkenean bera iritsi zen erregetzara Fernando VII.a hil eta gero). Bere ondoan dago, urdinez, Fernando VII.a, Carlosen ondoren errege izango zena. Eta erdi-erdian, gorriz jantzita, amari eskutik helduta dago Carlos IV.a eta Maria Luisaren seme txikiena: Francisco de Paula Antonio de Borbón y Borbón-Parma (1794-1865).

Eta honaino iritsi nahi nuen (kosta zaik, alper-harria!). Ba, Francisco de Paula Antonio horri, alegia, Fernando VII.aren anai txikienari, zor diogu zestoarrok gure herria turismoaren mapan jarri izana. Kontuak honela dira: 1830eko uztailean Francisco de Paulak (ordurako 36 urte) eta Maria Carlota emazteak Gipuzkoako Batzar Nagusiei adierazi omen zieten Zestoara urak hartzera etortzeko asmoa zutela. Ez zutela inor molestatu nahi (!), adierazten omen zuten gutunean. (Jose Ignazio Lasa frantziskotarraren Tejiendo Historia liburuan ari naiz oinarritzen). Horrela bada, uztailaren 5ean atera omen ziren Madriletik eta Bergaratik barrena Debara iritsi omen ziren. Urte gutxi zen harainoko errepide berria egin zutela baina artean egin gabe zegoen Urolakoa. Hori zela eta, Gipuzkoako agintariek zaldiak jarri zituzten, beren kartola eta eserlekuekin, eta gurdiak, beren ekipajea Zestoara ekartzeko. Uztailaren 8an iritsi ziren Debara, eta handik Zestoara abiatu ziren, agiri zaharrek dioten bezala, “en artolas puestas en caballerías de toda satisfacción y sostenidas por 4 mozos escogidos al intento”. 36 pertsonek osatzen omen zuten segizioa, tartean Francisco eta Carlota senar-emazteak eta beren 6 seme-alabak.

Zestoan zeuden bitartean, ibilbide “turistiko” batzuk antolatu zizkioten taldeari. Badakigu 10ean Billabonan zirela, eta han zer bazkaldu zuten: 2 zopa, 2 lapikoko, 4 lehen plater, arraina, hegaztiak eta garaiko beste zenbait jaki. Agirietan ohar bat omen dago, honakoa dioena: “El pescado, que se pide tan solo para la mesa de SS. AA. RR. [10 lagun], nos han prevenido debe conservarse fresco, con el objeto de condimentar su cocinero a la llegada mientras comen el cocido”. Bergara aldetik ere ibili ziren eta pentsatzekoa da Loiola aldera ere hurbilduko zirela, eta beste toki askotara ere bai (Azpeitia eta Azkoitiara ere bai, noski; nola ez ba!). Uztailaren 19an Getariara joan ziren. Arantzazura ere joan zen segizioa eta idazlea frantziskotarra izaki, arreta berezia eskaintzen dio ibilaldi hari.

Ez du Lasa fraide erudituak batere xehetasunik ematen Zestoari buruz, eta zoritxarrez garai hartako udal aktak desagerturik daude. Pentsatzekoa da Gipuzkoako Artxibo Orokorrean aurkituko dela xehetasun gehiago baina hurrengo baterako utzi beharko dugu. Ez dakigu zehazki zenbat denbora egin zuten errege-gorentasunek Zestoan baina litekeena da 15en bat egun egitea. Abuztuaren hasierarako Donostian zeuden udaldia pasatzen.

Carlos Larrinaga historialari eta Zestoako bainuetxearen historian adituak dioen bezala, bisitaldi honek –“un star de la talla del infante Don Francisco de Paula Antonio” dio berak– ikaragarrizko bultzada eman zion San Millango markesaren establezimenduari eta, pixkanaka-pixkanaka, Zestoa Espainia osoan ezaguna izateko eta aristokraten udaleku izateko lehen oinarriak jarri zituen. Bisitaldi ospetsu hartatik dozena bat urtera establezimendua handitu egin behar izan zuen San Millango markesak, eta Joan Ignazio Iztuetak bere Kondairan… (1847) zioen bezala, fama izugarria zuten ordurako: “Erritik iru arrikadako bidastian arkitzen dira bi iturri ur berodun guztiz izen andikoak, zeintzuk sendatzen dituzten sarritan, eritasun gogor zarko ustel, eta oinaze portitz illgarri gaitz mueta askotakoakin etortzen diran anitz ta anitz. Zorioneko ur bedeinkatu oek aspaldiko urteetan egiten dituzten mirari andiak nork ez dakizki bada? Egia garbi onen argibiderako, begiratzea baizik ez da uda guztietan, eta neguetan ere iñoiz, Zestoako urak artzera biribillatzen diraden jende samalda andiai. Jende askoren etorrera baino sinistgarri oberik ezin izan diteke bada, ur oen doaiak nolakoak diraden jakiteko”.

Hori guztia, neurri handi batean, Francisco de Paula Antonio de Borbón y Borbón-Parmak urak hartzeko gure herria aukeratu izanari esker.

Zestoak, gustatu ala ez gustatu, beti izan ditu, euliak gozotan bezala, errege-kutsuko beste euli klase handi-mandi batzuk, beti inguruan. Gurera bisitara etorritako Borboi dinastiako lehen erregea –eta bakarra– Alfontso XIII.a izango zen nahiz eta Urolako tren inauguratu berrian pasa besterik ez zen egin. Haren ama Maria Cristina ere hala moduz, Loiolara zihoala, baina ordurako ez zen jada erregina. Eta gauza bera esan dezakegu Isabel II.az: bere ministro izandako Pedro Egaña bisitatzera Laranjadira etorri zenerako (1883-84) errege usainak alde eginak zitzaizkion; hori bai, merienda ederra egin omen zuen Zestoan, kantu liluragarriak entzun eta iluntzerako Donostia aldera! Horrelakoxea da historia. Gustatu ala ez gustatu, ez dugu ba eraitsiko gure bainuetxea jendilaje hori zela-eta. Ez nuke nahi…

 

Argazkia:

La familia de Carlos IV. Francisco de Goya. 1800. Olioa mihisean, 280 x 336 cm. https://www.museodelprado.es/coleccion/obra-de-arte/la-familia-de-carlos-iv/f47898fc-aa1c-48f6-a779-71759e417e74




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide