198. Estoldetako bi arratoi tzar Aizarnan

Duela egun batzuk zabaldu zen San Telmo Museoan “Garai bateko kronika” izeneko erakusketa. Fernando Postigok, La Voz de España eta El Diario Vascon lan egindako berriemaile grafikoak, 50.000 negatibo inguru dituen argazki-funtsa eman zion dohaintzan San Telmo Museoari 2016an. Orain, funts hartatik hartutako 300 argazkirekin osatu da erakusketa eta 1977tik 2001era bitarte egindako lana laburbiltzen du.

Zestoako Bainuetxeko areto bat omen den 1977ko argazki batek zabaltzen du erakusketa. Ikaragarrizko ilusioa egin zidan detaile horrek, eta argazki hark akuilatuta ikusi nituen gainerako argazkiak. Hurrengo egunean partekatu nuen argazkia nire lagun eta bainuetxeko langile izandako Vicente Davilarekin, eta berehala hasi ginen eztabaidan zein aretoren argazkia ote zen hura; nik baietz, bainuetxeko txokoren bat izango zela, Postigo ezin zitekeelako argazkiaren kokapenean deskuidatu; Vicentek, ordea, ezetz, hura ezin zitekeela izan bainuetxea. Azkenean, hark nik baino hobeto ezagutzen ditu hango zirrikituak, eta etsiarazi egin ninduen. Egunen batean argituko dugu auzia eta egun hartan ekarriko dut hona argazki hura, hain da-eta ederra eta dekadentea.

Baina aipatutako argazki hura Zestoa ez bada ere, beste bat agertu zitzaidan, zur eta lur utzi ninduena: makina bat apo tzar ikusi izan dut gure artean ibili direla historian zehar eta baita aztarka hauetara ekarri ere (naziak Loiolan Zestoatik pasata, errege eta ministroak…) baina oraingoan estoldetako arratoi higuingarri batzuk azaldu zaizkit erakusketan, non eta Aizarnan. Foiletoak garbi esaten du “Postigo erreportari lanetan hasi eta lehenengo urteetan, asaldura politiko eta sozial handia eta aldaketa sakonak gertatu zirela Euskadin eta Espainiako Estatu osoan” baina ez nuen espero, non eta Aizarnan, halako piztiarik. Eta esan dezadan behingoz: Julen Elgorriaga eta Enrique Rodriguez Galindo ikusi ditut Autsoro gainean; hantxe harrobia zeneko paraje hartan, Sorozabaletik edo Ibarratik eta San Joantxotik ez oso urruti; nahi izanez gero, Aizarnara trago bat hartzera oinez joateko moduan. Elgorriagak 36 urte, eta besteak 45. “Juan Sánchez Sierroren aurkako atentatua Zestoan” dio argazki-oinak.

1984ko azaroaren 9a. Nik ordurako 20 urte ondo beteak nituen eta ez nuen, batez ere ikuspegi etiko eta erlijiosotik, inolaz ere onargarria kontsideratzen halako ekintza basatirik. Denbora joan ahala, gero eta desegokiagoak eta arbuiagarriagoak iruditu izan zaizkit erailketa eta indarkeria ekintza haiek, eta ez dut uste Euskal Herriari ezer onik ekarri diotenik. Ez zuen oraintxe esan esaldi hau Eskilo dramaturgo greziar handiak: “Pero la negra sangre del hombre, una vez derramada en la tierra ¿Quién podrá llamarla a la vida con ensalmos?” (Agamenon, duela ia 2.500 urte). Edo askoz beranduago Peter Weiss idazleak:Una vez pensamos / Que con cien muertos alcanzaría: / Luego fueron mil / y mil muertos tampoco fueron suficientes. / Ya no se pueden contar siquiera los muertos, / Los muertos por todas partes” (Marat-Sade). Juan Sanchez Sierro eta beste makina bat: inoiz gertatu behar ez ziren sufrikarioak. Kantak dioen bezala, “bizitza da haundiena, galtzea litzake galtzea dena”.

Hori dena hala da, nire ustez, baina nola zikintzen duen, nola nahasten duen dena, hor argazkian bi horiek ikusteak lehen planoan. Izan ere, ordurako (esan dugu Elgorriagak 36 urte zituela eta Galindok 45) Lasa eta Zabala bortizki torturatuak zituzten Donostiako La Cumbre jauregiko instalazioetan eta handik Alacantera eramanak bertan erail eta kare bizitan ezkutatzeko. Ordurako guztiz inplikatuta zeuden GAL eta gerra zikina delakoan. Garai haietan erail zuten, beste askoren artean, Etxaide herritarra, bien oniritziarekin. Garai haietan, erail zuten Intxaurrondon, torturen ondorioz, Mikel Zabaltza ere (erakusketako argazki batek baino gehiagok irudikatzen dute alferrikako bilaketa hura ibaian).

Egia da –eta hori ere zoragarri erakusten dute argazkiek– beste aldetik ere makina bat guardia zibil eta gainerako pertsona erail zituztela ETAk eta abarrek, baina larrietan larria da estatu terrorismoa, zeharoko inpunitatearekin bedeinkatua. Eta ez dezadan ahaztu: dominez eta diru ederrez eskertua. Horregatik, erailketa eta sufrimendu izugarri hartan estatu terrorismoaren konplize edo bultzatzaile handienak ikusteak zikindu egiten du, nire iritziz, nabarmen gainera, Sanchez Sierroren heriotza tragikoa.

Esaten dute (legenda ederra da kazetarien testuei ukitu intimoa emateko) guardia zibilak Juan Sanchez hilda zegoen lekura iritsi zirenean, haren txakurra ikusi omen zutela han, gorpuaren ondoan, haren zauriak miazkatzen, eta inori ez omen zion hurbiltzen uzten. Txakurra, Euskal Herria oinazez bete zuen etengabeko izugarrikeria hartan, gizagalduei argi egiten, bere lagunari maitasuna eskaintzen.

Serioa eta sakona da erakusketa, fribolitate gehiegirik gabekoa, baina merezi du ikustea (gainera doan da). Mota guztietako manifestazioak, istiluak, grebak, atentatuak eta gizarte-gatazkak ikusten dira baina bada bestelakorik ere. Gure herrian Lehen Euskal Zinema Topaketak egin ziren urte hartako (1977) Donostiako Zinemaldiarekin hasten da (Luis Buñuel zuzendari aragoiarra omendu zen urte hartan). Zine munduko pertsona, idazle eta izar distiratsu franko ikus ditzakegu, eta elurrez jantzitako Donostia zoragarria ere bai. On egin dagizuela!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide