200. ‘Con flores a María’

200. aztarka duzu hau, irakurle. Orain dela lau urte pasa, 2016ko apirilaren 11n, hasi nintzen aztarka digital hauekin. “Zuhaitzen magia” zuen izenburua lehen saio hark, eta gure aitonak makilak egiteko zuen afizioa oroitzen nuen. Aztarka, berez, 2013ko urtarrilean hasi zen “Txahal hirukiak” testu laburrarekin, eta bi urtetan zehar hilero idazten nuen testu labur bat paperezko aldizkarian. Horien aurretik (2012) “Ikusmira-oroimina” hileroko testu laburrari eman zitzaion tartea, eta aurretik (2011) efemerideei.

Aztarka digitala eta paperezkoa abiatzerakoan, bietan etxeko oroitzapenetara jo nuen, eta gaurkoan ere hala egingo dut, irakurle. Agian, oiloak aztarrikan bezala inguruko gauzen bila ibili eta gero horiek idazteko afizio hori txiki-txikitan sortua da, ume garaitan. Eskolan agian.

Gure ume garaian, akoatarrok mojatan (gaur egun San Joan egoitza, orduan Miserikordia) ibiltzen ginen eskolan, sei urte bete arte. Gero, neskek jarraitu ahal zuten hantxe bertan baina mutilok sei urterekin bukatzen genituen hango ikasketak. Sor Maxima genuen maistra. Ordurako Vatikano Kontzilioa ari zen bere lanak egiten, eta mojen indumentaria ez zen gure gurasoen garaian bezalakoa, cornette izeneko buru-estalki zuri-zuri handi hegaldun haiekin eta beltz-beltz jantzita. Ez, gure garaian urdin ilunez janzten ziren, blusa zuriz eta buru-estalki soil batez; eta ez zuten hainbesterainoko beldurrik ematen. Sor Maxima gainera goxoa zen.

Guk umeok uniformea, edo hobeto esanda, mantala edo bata eramaten genuen; marratxo zuri eta urdin argiko bata. Ez dut gogoratzen baina baliteke guk mutilok kolore urdina eramaten genuen bezala, neskek arrosa eramatea; oso litekeena da.

Ez dago ondo guk geure buruari esatea baina mutil txintxoak eta esanekoak ginen gu eskolan. Ikasle finak. Gaurko buruarekin begiratuta, inozenteegiak agian. Ikasgelako apala batean, Milagrosako Ama Birjinaren irudia zegoen, eskaiolazkoa, eskuetatik argizko tximista doratuak zerizkiola. Irudi harentzat lore usaintsuak ekartzen genituen, sarri-sarri; ez dut gogoan denok txandaka egin behar izaten genuen gauza ote zen edo ikasle finenen kontua izaten ote zen; kontuak kontu, oso gogoan dut gure etxeko arrosari kendu lore sorta eta eskolara eramaten genuela. Bide batez esanda, orduko baserrietako arrosak, betiko arrosa haiek, oso-oso usaintsuak ziren, ez oraingo hibrido horiek bezala, eta gu ikasle melengok bezalako giro gozoa edo melenga utziko zuten gela osoan.

On fama zuen Sor Maximak gure garaian, gurekin hala zen-eta, baina bazekien makila astintzen ere, eta norbait jipoitzeko beste moja baten laguntza behar bazuen ere ez zen lotsatuta geratuko. Nire eskola denboran behin baino gehiagotan ikusi nituen umeak komunean barruan giltzatuta, gaztigatuta, edo komuneko zuloan burua sarrarazita. Vatikano Kontzilioak aldatuko zituen hainbat gauza baina artean “la letra con sangre entra” esamoldea inork gutxik jartzen zuen ezbaian.

Sor Maximak, maisu-maistra denek bezala, bere mahai handia zeukan eta han gordeko zituen bere liburuak, paperak eta gauzak. Eta belarri ondokoren bat emateko erregela edo makila ere bai. Baina eskuineko kaxoi batean bere “goxoki-denda” edukitzen zuen, eta saldu egiten zizkigun goxokiak umeoi: karamelu gogorrak, Sugus, Palotes, Chupa Chups… Famatuak ziren, baita, garai haietan, Cheiw txikleak edo Pitagol, txistua jotzen zuen karamelua, baina ez dut uste halakorik edukitzen zuenik (arriskutsua bata, inguru dena txiklez josteko; arriskutsua bestea, etengabeko txistu-zarata amorragarria eragiteko). Ez dakit zenbaterainoko negozioa egingo zuten huskeria haiekin, eta denok –ikasle txintxoek zein bihurriek– ote geneukan eskubidea ahogozagarri haiek erosi ahal izateko, baina gogoan dut, ondo asko, ikastordua amaitutakoan zorion pixka bat izaten genuela goxoki haiek tarteko. Kale-umeek han zuten Potxolo, goxoki aukera askoz handiagoarekin, baina eskolatik etxera joan behar izaten genuen akoatarrontzat hura zen gure goxoki-denda bakarra.

Ez nuke esango garai gogorrak izan zirenik haiek. Are gehiago, esango nuke urte haietan ernatu zirela gaur egun ditugun nortasun ezaugarri asko. Txintxo portatzea, bihurrikeriarik ez egitea, erakusten zizkiguten ikasgaiekiko jakin-mina izatea, lotsati samarrak izatea… Batzuetan damutu egiten naiz gauza askotarako hain lotsatia eta ausardia gutxikoa atera naizelako; beste batzuetan, kirolerako eta ariketa fisikorako txepel samarra nintzelako (irakasle haiek, kirol heziketa maniobra militarrak balitz bezala irakasten zuten haiek, kulpa izugarria zuten horretan); askotan, damu izaten naiz gatazka sortu baino nahiago dudalako dena geldi-geldirik uztea (por la paz, un avemaría)…

Baina era berean –eta balantzan pisu handiagoa du honek– harro nago munduarekiko kuriositatea irakatsi didatelako, herria eta herritarrekiko maitasuna eta atxikimenduaren garrantzia transmititu didatelako, gure historia baloratzen erakutsi didatelako, aztarka hauek idazteko gai izaten lagundu didatelako…

Mojatako garai haietatik, lagun handi bat kontserbatzen dut oraindik kuadrillan. Lehengoan, nire aztarkan Rodriguen Galindo eta Julen Elgorriaga ikusita, zera idatzi zidan: “Oraintxe irakurri diat hire azken artikulua. Gustatu zaidak. Eta ikusten diat 200era iristen ari haizela…” Eta bromatan eransten zidan: “Eskainiko al didak?????” bost galdera ikurrekin, ironiaren tamaina garbi ikusteko. Enbidoa niri? Tori ba, hordagoa. Hemen ba, oroitzapen hauek, hiri eskainiak.

Eta nola ez bada, gainerako irakurleei ere besarkada handi bat. Hemen segiko dugu aztarrikan, eta zuek ere irakurtzen jarraitzea espero dut. Laster arte…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide