201. Barojak bazekien euskaraz

Zoriondu beharra daukat Jon Artano Euskadi Irratiko “Amarauna” saioan azkenaldi honetan jorratu dituen bi gai direla-eta. Zirraragarria iruditu zitzaidan Joxemari Korta erail zuten urtemugan egin zuen saioa, beren testigantza eskaini zuten zumaiarrek esan zituzten gauzengatik, orduko testuingurua azaltzeko erabili zituen materialengatik eta, finean, saio landua eta borobila atera zitzaiolako. Pasarte haiek –manifestaziotan, hileta garaian eta abarretan– zuzenean bizi genituenontzat, hausnarketa sakona egiteko eta beste behin ere tristura hura geure burura eta begietara ekartzeko balio izan ziguten. Eta hura ezagutu ez zuten gazteei, uste dut, emango zietela zer pentsatua irratsaioak. Zorionak, beraz, Joni eta lantalde osoari.

Beste perla, eta nik bigarren aldiz zorionak ematea merezi duena, pasa den asteburuan eskaini zuten. Ez nekien lehen ere izaten zenik Amaraunean Ramon Martin Sukia artxibozaina. Gipuzkoako Artxibo Orokorreko arduraduna Oñatin, esperientzia handiko pertsona da, jakintsua, traturako adeitsua eta gure historia era atsegin eta ulergarrian azaltzeko pertsona aproposa. Ez da harritzekoa, beraz, oso saio atsegina eta emankorra egin izana Artano eta biek. Ondo azaldu zuten, besteak beste, Barojaren balio literarioa, idazleak duen aparteko gaitasuna orduko giroa irudikatzeko, eta, bestalde, zer osagairekin egiten den Historia: ez bakarrik agiri ofizialekin, baita material literario, memoria-gisako eta abarrekin ere.

Baina luzatzen ari naiz eta goazen harira. Une batean, betiko gaia atera zen irratsaioan, alegia, Baroja eta euskara, eta horri heldu nahiko nioke. Baroja Donostian jaioa izan arren, oso gazterik, zazpi urte eskas zituela, joan zen Madrilera eta harrez gero gutxi zapaldu zuen Euskal Herria. Horregatik, euskaraz ba ote zekien galdetzerakoan, adituek zuhurtzia osoz jokatzen dute, azpian daukaten zorua berehala haustera joango balitzaie bezala. Bai, euskaraz jakingo zuen baina txikitan ikasitako euskara pitina. Eta hori frogatzeko hainbat adibide eman zituen Ramonek. Guk hemen argi pixka bat gehiago –ez asko – jarriko dugu udal agiriak pixka bat errepasatuta.

Udaleko aktetara joaten bagara, Udal Batzordeak 1894ko abuztuaren 12an egin zuen bileran esaten du bi hautagai aurkeztu zirela lehiaketara: Pio Baroja eta Diego de Prado y Gómez, Buitragokoa (Madril), “ambos licenciados en Medicina y Cirugía”. Eta ondoren dio: “Los señores concejales y adjuntos que lo tuvieron por conveniente hicieron uso de la palabra acerca de las circunstancias de los pretendientes y enterados de sus antecedentes y de que reune el primero de los aspirantes [alegia Barojak] los requisitos exigidos por el anuncio oficial de concurso, se acordó por unanimidad nombrar al mencionado D. Pío Baroja y Nessi para ocupar el cargo de médico titular de esta localidad”. Oso interesgarria da testua, aditzera ematen du-eta Barojak bakarrik betetzen zituela baldintzak. Eta zein ez zuen ba betetzen Buitragokoak? Euskaraz jakitea, hain justu ere.

1894ko maiatzaren 21eko deialdi zirriborroak jartzen du “circunstancia preferente”, alegia, lehentasunezkoa, izango dela euskaraz jakitea, baina gero marra batez ezabatua dago “preferente” hitza eta gainean jartzen du “necesaria”, hau da, beharrezkoa izango dela euskaraz jakitea. Hortxe dago ba koxka. Horrek ez du esan nahi, inondik inora ere, Barojak ondo egingo zuenik euskaraz –eta horren adibideak irratsaioan bertan aipatu ziren– baina moldatuko zela bai. Litekeena da mutil koskor garaietatik harago ere aitak –hark bazekien euskaraz– gogora ekartzea euskarazko kantu eta esaera zaharrak eta esamoldeak eta horrela ez galtzea guztiz txikitan entzundako hizkuntza zahar hura.

Nolanahi ere, galbidean zegoen hizkuntza, bizitza modernorako balio ez zuen hizkeratzat hartzen zuten orduan euskara askok. Irratsaioan aipatzen dira, zuka eta berorika zela-eta, Dolores seroraren amarekin Barojak izan zituen gorabeheratxoak. Eta idazleak berak esaten du memoriatan: “Estas son las complicaciones de los idiomas antiguos que, naturalmente, no sirven para nada al hombre moderno”. Hori bai, euskarari aitzakia eta zahar kutsua baina harexek ahalbideratu zion mediku izatea, gure herrira etortzea eta euskal sena berraurkitzea.

Gurea bezalako herrietan, artean gure bainuetxe kosmopolitaren haize berriak iristeke ziren garai haietan, garrantzitsua izaten zen euskararen kontu hori, eta begira bestela zer gertatu zen Mendez albaitariarekin dozena bat urte geroago.

Aurretik, utziko dit irakurleak tarteki labur bat sartzen testuan. Interesgarria litzateke gure herriko albaitaritzaren historia txiki bat egitea eta gauza asko ikasiko genituzke. Albaitaritzaren historian dihardu, urte askotan, gure Iraurgi Lantzen-en hastapenetan hango gerente izandako Jose Manuel Etxaniz Makazaga albaitariak eta gu Zestoa Villa Termal proiektuarekin genbiltzanean ez hotz eta ez bero portatu zenak, orduko Iraurgiko agintariekin batera. Ondo daki, ordea, Etxanizek Hiri Termala proiektuaren garaian bezalaxe Barojaren garaian ere, berrikuntza eta jende interesgarri franko ibili zela gure herrian, eta horietako bat Mendez Pallares albaitaria izan zela. Zestoa bezalako herri txikietan bizi zen jendea ez zen ezjakina, garrantzirik gabekoa; alderantziz, hainbatek zuzen-zuzenean parte hartu zuen garai haietako modernizazio prozesuetan, Europan zehar ikusten zituzten metodo berriak hemen aplikatuz eta abar. Garai hartan, Mendez Pallarés bezalako jendeak dinamizatzaile paper garrantzitsua jokatu zuten herrietan, eta haiei esker inplikatu ziren, esate baterako, hainbat baserritar sektorearen berrikuntzan. Urrutira joan gabe, Mendez Pallares-en lanari esker, eduki zituen gure birraitonak hazitarako zezenak, edo Diputazioak garai hartan izendatzen zuen bezala, “Gurasotzako zezen tokia / Paradas de sementales”. Pertsona haiei esker, joan ziren gure “Gorri” idiskoa eta Aizarnako Etxegaraiko behia, 1908an, Madrilgo lehiaketara (Concurso Nacional de Ganado y Maquinaria Agrícola) eta sarituak izan ziren gainera. Baina, tira, ikaragarri luzatu naiz.

Esan nahi nuena da Mendez Pallarés hain albaitari ona izan zela baina euskaraz jakin ez, eta izan zituela nahiko gorabehera gure udalak. Baserritar dezente “oldartu” egin zitzaizkion eta hemen agiria: (…) por lo tanto se hallan en la necesidad y deber de suplicar a este Ayuntamiento que se digne anunciar vacante la plaza de veterinario de esta Villa, exigiendo como a los demás empleados que prestan sus servicios en esta localidad la condición necesaria e indispensable de poseer el idioma vascongado, cuya condición se omitió al ser nombrado aquél por el Ayuntamiento que en dicha época existía y ahora el vecindario que ha de contribuir a su sostenimiento viene sufriendo los perjuicios consiguientes a causa de no poderse entender con el repetido Veterinario en el lenguaje expresado en este país y que por todo lo expuesto suplican a este Ayuntamiento adopte acuerdo conforme a los deseos que los exponentes manifiestan en el cuerpo de esta instancia (…)”.

Baroja salbatu egin zen horrelako egoera bat sufritzetik (bestelako nahiko gorabehera izan zituen), eta ederki asko pasa zuen bere iguala-liburuetan ipuinak eta abar idazten. Eskertzea besterik ez gure herria inspirazio iturri izan zuelako.

 

Argazkia: Pio Barojaren “La casa de Aizgorri” (1900) liburuko protagonista bat, Ricardo Barojak marraztua. Pio Baroja bera izan zitekeen, Medikuzarraren etxe atarira irtenda.

Irakurle: hemen dituzu hasieran aipatu ditudan “Amarauna” irratsaioko bi pasarteak ere:

[TTAK] Joxe Mari Korta arroarra hil zuteneko hogeigarren urteurrena gogoratu dute Euskadi Irratiko Amarauna saioan (egin klik hemen)

[TTAK] Pio Baroja medikua Zestoara iritsi zenekoaz mintzatu dira Euskadi Irratiko Amarauna saioan (egin klik hemen)

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide