HERRITARREK ERABAKI DEZATELA

EAJren Udal Gobernuak hondakinen bilketa sistema aldatzeko hartu duen erabakiaren aurka, Zestoako Ehbilduk datorren ostegunean, maiatzak 26, ospatuko den plenora aurkeztuko duen mozioa duzue ondorengoa:

“Iragan hilabeteetan Udal Gobernuarekin hondakinen bilketa sistemaren aldaketaren harira eztabaida ugari izan ditugu.

Gure ustez eta Urola Erdiko Mankomunitateko teknikarien iritziak aintzat hartuaz, Zestoan indarrean den bilketa sistemaren emaitza onak ikusita, hau aldatzea ikuspegi teknikotik zentzugabekeria izateaz gain, Zestoan lortutako adostasunaren aurkako neurri gisa hartzen dugu.

Izan ere:

1- Zestoan, 2014an udalean ordezkaritza zuten Bildu eta EAJk, herriko beste eragile ezberdinekin batera, Hondakinen Mahaian adostuta jarri zen egun daukagun bilketa sistema. Gaikako bilketa tasa %27tik %75era igotzea lortu genuelarik.

2- Gaur da eguna, mankomunitateko herrien artean emaitza onenak ematen ari den sistema dela gurea eta askogatik herritarren artetik kexarik gutxiena jaso izan duena ere. Mankomunitateko teknikarien arabera, kasurik hoberenean egungoa aldatzeak gaikako bilketan %5eko galera eta okerrenean %27koa suposatuko luke.

3- Errauskailuaren eraikuntza eta honen kudeaketak Gipuzkoan sortuko dituen kostu ekologikoez gain, ekonomikoki ere zabor zergak igoaz herritarrak zorpetuko ditu. Ondorioz, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da gaikako bilketa tasarik handienak izatea. Ezin ahaztu gainera, 2006an Zestoako herritarren gehiengo zabalak errauskailuari ezetz esan ziola.

4- Ikuspegi demokratikotik ere, aurreko legealdian eragile ezberdinen artean adostutakoa EAJk alde bakarretik haustea eta 2015eko abenduaren 3ko plenoan alkateak Hondakinen Mahaia deitzeko emandako hitza jan izana oso larritzat hartzen ditugu. Gogoratu, adostu aurretik 2014an Zestoako EAJk ere herri galdeketa eskatu zuela.

5- Zestoako Ehbilduk, Udal Gobernuari behin eta berriz adierazi izan dio, egungo sistema hobetu eta herritarrentzat erosoagoa izateko bidean, adostasuna lortzeko bere prestasuna. Proposamen ezberdinen artean, ontzi arinak edukinontzi bidez jasotzea ere planteatu dugularik.

6- Gobernuaren aldetik azaldu zaigun jarrera itxia ikusita, gutxienez azken hitza herritarrek izan beharko luketela iruditzen zaigu. Legealdi hasieran, EAJk Gipuzkoan alkatetza eskuratu eta atez atekoa jarrita zeukaten herrietan galdeketa agindu zuen eta kontu honekin desadostasunak sortu diren hainbat herrietan galdeketa bidez itxi da auzia. Zestoan orain arteko bilketa sistema adostua izanda, hau hautsi aurretik herritarrei galdetzeko are eta arrazoi gehiago daudela uste dugu.

Beraz, Udal Batzar honek hondakinen bilketa sistemaren aldaketa herri galdeketa bidez erabakitzea ebazten du.”

Zestoan, 2016ko maiatzaren 23an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide