Aurpegiak ez du ertzik, sudurra dago bakarrik
— 2017-05-09Gaurko “Aztarka” berezia duzu, irakurle. Urtebete da Interneteko atal hau idazten hasi nintzela, eta 51. aldia da hau. Berezia esan dut, oraingo honetan ni ibili beharrean bilatzen, beste batek bilatu bainau ni neroni. Tira, argiago azalduko dizuet kontua.
Duela egun batzuk Donostiako kafetegi batean. Larunbata. 13:30. Sartu naiz kafetegira, bazkaltzeko asmoz. Egunkaria hartu dut, Gara. Esertzen naiz, kamarerari galdetu ondoren. Sarreratik hurbil nago, izkina batean. Ondoko mahaian, nire eskuinean, bi emakume daude, bata hogeita hamarren bat urtekoa, bestea jubilatua baina gazte itxurakoa. Janzkera arrunta, pixka bat hippya. Kafesnea hartzen ari dira eta gazteenak jateko zerbait eskatu du (ingelesez ari dira eta ez diet ulertzen).
Ni egunkaria irakurtzen ari naiz eta, bat-batean, neskak marrazki koaderno bat ateratzen du. Begiratzen diot eta bera ere niri begira dagoela ikusten dut; zerbait marrazten ari da. Pixka bat geroago begiratzen diot berriro eta bera ere niri begira dago; zerbait marrazten ari da. Koadernoan marra batzuk besterik ez ditut ikusten. Uzten diot bakean, tarte luze bat pasa arte. Lehen platera ateratzen didate eta jan samartu dudanean, berriro begiratzen diot marrazkiari, baina oraingoan zeharo lotsagabe, eta berak, bihurrikeria bat egiten harrapatu izan banu bezala begiratzen dit, eta barrez hasten da, ezkutaketan harrapatua izan balitz bezala. Irribarre egiten dut eta jaten jarraitzen dut. Handik gutxira berriro begiratzen dut eta ia bukatu du marrazkia. Ni naiz, egunkaria irakurtzen. Altxatzen naiz mahaitik karikatura begiratzera, eta adierazten diot niri deigarriena iruditu zaidan xehetasuna: aurpegiak ez du ertzik, sudurra dago bakarrik. Barre egiten dut eta berak ere bai.
Neskari arrautza frijitu parea ekarri diote. Marrazkia nire aurpegi ondoan jarri eta argazkia ateratzen du mobilarekin. Ondoren, oparitu egiten dit marrazkia. “Eskerrik asko” esaten diot, eta kamarerari eskatzen diot galde diezaiela nongoak ote diren: Kaliforniakoak.
Jaten du arrautza parea eta ordaintzera doaz txartelarekin. Ezetz esaten diot zerbitzariari, neuk ordainduko diedala. Beraiek poz-pozik, “zein galaia!” pentsatuko zuten. Badoaz, eskua ematen diet biei eta agur esaten diet.
Ondoren, zerbitzaria, jakin-minez etortzen zait eta kontatzen diot zer gertatu zaidan. Esaten dit horrelako gauzak ez direla egunero gertatzen. Ez horixe. Berak dio hunkigarria dela hori gertatzea. Nik erantzuten diot lotsa pixka bat ere ematen duela. Niri bai behintzat, eta ez naiz erraz etorri neure onera. Nolanahi ere, tira, batzuetan zein ederra den bizitza. Eta zein erraza den dena.
Egin zaitez bazkide