ARGITERIAZ AZKEN BERRIAK

Zestoako ehbilduk herriko argiteria publikoarekin lotutako bere enegarren kezka adierazi nahi du. Zestoako argiteriaren kudeaketa 10 urterako eskuratu duen Tecuni enpresa, lan gatazka larri batean murgilduta dago. Dagoeneko hainbat langile kaleratuak izan dira eta zuzendaritzak epe laburrean 40 langile kaleratzeko mehatxua egin du. Langileek, euren lan baldintza prekarioak salatzeaz gain, enpresako zuzendaritzak negoziazioari uko egin izana ere salatu dute.

Gauzak horrela, ehbildutik argiteria publikoa pribatizatzearen zentzugabekeria hasieratik salatu bagenuen ere, herritar guztiok ikusi duguna ikusita gero, entzuten ari garen berriak are kezkagarriagoak dira. Enpresa pribatuek etekin ekonomikoak interes publiko orokorren gainetik jartzen dituztela sobera demostratua gelditu da eta langileak lan baldintza txarretan dituen enpresa batek, ikusi dugun bezala gutxieneko zerbitzu duin bat nekez eskain dezake.

EAJren Udal Gobernuak hartu dituen erabaki okerren ondorioz, herritarrak kaltetuak izaten ari gara, bai ekonomikoki eta baita zerbitzuaren kalitateari dagokionez ere eta bitartean EAJren Udal Gobernua ez da ezer egiten ari.

Ehbildutik garbi adierazi nahi dugu, herritarren behar eta interesak babesteko bermerik onena kudeaketa publikoa sendotzean datzala eta etorkizunean zestoarron ongizatean sakontzeko ikuspegi publiko eta kolektiboa izango dugula helburu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide