202. Koldarrak

Dirudienez, Zestoan eta gure gizartean ez dago adierazpen askatasunik. Gizarte totalitario batean bizi gara, poliziaz eta indar errepresiboz josita, zentsura gogor baten mende, gizarte bateko eskubide oinarrizkoenak –adierazpena, esate baterako– zeharo zapalduta.

Nolanahi ere, Zestoako estatu totalitario eta maltzurrak ez dauzka denak menderatuta, eta askatasunaren gidari berri batzuk herri txiki honetan falta zaigun hausnarketa eta eztabaidaren sustatzaile bihurtu dira. Modu anonimoan egiten dute, bidaltzailea nor den jakiterik ez dagoen –eta erantzuterik ere ez– mezu elektroniko bidez, edota bitarteko tradizionalagoen bidez. C5 tamainako kartazal zuria, helbidea paperezko txartel batean idatzia eta kartazalari itsatsia; helbidea Arial edo antzeko letra-tipoan, maiuskulaz, laser inprimagailuz idatzia: “Ayuntamiento Zestoa. Attc. Fernando Arzalluz. Plaza de los Fueros 1. 20740. Zestoa”. Niri bidalitakoak ez du frankeorik baina beste batzuk Gasteiztik bidalitako anonimoak dira.

Pentsatzekoa denez, anonimo gisa bidaltzeko oso gai delikatuei buruzko idatziak dira, aurrez aurre edo aldizkariren bat erabiliz adierazi ezin daitezkeenak, alegia, horrela, denen bistan adieraziz gero, bidaltzailearen integritate fisikoa arrisku larrian jar dezaketenak: zekorketak, pandemia garaiko musukoak, Usurbilgo erlojua… Gai arriskutsuak, izen eta apellidoz adieraziz gero jo eta tiroz garbituta Erdikalean azaltzeko arrisku bizia daukatenak. Nire bigarren hizkuntzan esango nukeen bezala, “¡Menos lobos, Caperucita!”.

Interneteko blog batean irakurri dut –eta hala pentsatu izan dut beti neuk ere– anonimoa (gurea bezalako gizarteetan) koldarkeriaren seinale garbia dela: “de comportamiento similar al de las alimañas. Saben donde atacar, el momento y lugar en que pueden hacer más daño. Conocen los sentimientos de la otra persona y su punto débil. Lo usan cuando la vulnerabilidad del otro/a se ha puesto al descubierto. El experto en los envíos de anónimos suele ser alguien con la personalidad trastornada y poseedor de una doblez de comportamiento que puede pasar desapercibida”.

Dirudienez (behin ere ez dago ondo ezagutzerik anonimoen bihotz erdibitua) herriko gauzen inguruan sentsibilitatea eta ardura duen pertsona da gure anonimoa (edo anonimoak), baina gauzak egiteko moduak lokaztu egiten du (edo ditu) zeharo. Koldarra, alajaina. Basapiztien antzeko portaera (comportamiento similar al de las alimañas”). Umea. Jarrera itsusikoa. Zikina. Norbere ekintzekiko erantzukizun eza adierazten duena. Jasotzailea oso deseroso eta urduri jarri nahi duena. Gizalege kaxkarrekoa. Zestoarra izatearen harrotasuna lohitu egiten duena. Herritarrok aukeratutako agintariei anonimoak bidaltzea, berriz, lehen aipatutako denaz gain, demokraziari –eta demokraziak hitzaren balioa du oinarri– burla egitea iruditzen zait.

Lasai asko jarriko nuke hemen nire telefonoa edo helbide elektronikoa, baina zertarako? Badakit-eta, ondo asko, bidaltzaile anonimoak badituela nire datuak. Koldarra da, ordea, eta gizatasunean eta elkarrizketan sinesten ez duena, eta nahiago du frankotiroketa aurrez aurrekoa baino.

Ez litzateke batere zaila nik hemen argazkian jartzen dudan kartazalaren egileari maskara kentzea, nire ustez ez delako lehen aldia horrelakoak egiten dituela, eta gainera modus operandi zabarra duelako. Niri Usurbilgo erlojuari buruz iritsi zitzaidan Noaua aldizkariko artikulua, lehen aipatu dudan moduko kartazalean bilduta zegoena, beste batzuei Gasteiztik bidali zitzaien baina nirea, haiekin batera, postariak entregatu zion udaltzainari. Hor galdera franko sortzen dira, eta lehena da nolatan tramitatu zuen postariak frankeorik gabeko gutun bat (besteekin nahastuta etorri ote zen?) eta hortik aurrera beste galdera asko sortzen dira. Agian, posta zerbitzuak, bere izen ona zikinduta gera ez dadin, arreta handiagoa jarri beharko lieke etorkizunean itxura horretako kartazalei? (gogora dezagun: C5 tamainako kartazal zuria, helbidea paperezko txartel batean idatzia eta kartazalari itsatsia; helbidea Arial letra-tipoan, maiuskulaz, laser inprimagailuz idatzia; “Ayuntamiento Zestoa” azpimarratuta).

Ez lieke lan handiegirik emango poliziei anonimo horiek nork bidali zituen ikertzeak baina ez dut uste erronka zientifiko handiegia izango litzatekeenik, eta, ondorioz, utz dezagun polizia bere lekuan; ez dugu, beraz, indar polizialen esku utziko kontua. Hemen, Akoako Armokako gurutzea pintura gorriz zikindu zutenean Jose Maria Zunzunegi apaizak esan zuena gogoratuko dugu: “Desde luego los cristianos/as de Akua-auzoa, de Aizarna y de Zestoa no vamos a poner el grito en el cielo ni apelar al brazo secular. ¡Faltaría más! A estas alturas nos duelen más los ultrajes y maltratos que Cristo recibe en sus miembros vivos” (Burlas anticristianas. 2006-10-27). “Apelar al brazo secular”… esaldi hori ikaragarri gustatu zitzaidan bere garaian.

Eta Zunzunegi aipatu dudanez, beraren beste hitz eder batzuk ekarriko ditut hona eta horrelaxe bukatuko dugu gaurko hau. Anonimoak ez baldin badaki, jakin dezala beti izango naizela prest gauzak aurrez aurre hitz egiteko, eta etor dadila hitz egitera, basapiztia edo alimañen antzera ibili ordez. Ez gaitezen barbaroen garaira itzuli berriro.

Parece que, en algunos, crece la indiferencia hacia el sufrimiento humano. ¿Tendremos que realizar un sacrificium intellectus: renunciar a la verdad y a la razón en beneficio de su violencia? ¿Estamos abocados a tener que afrontar de nuevo un período duro, tenebroso e irrespetuoso para con el ser humano y la civilización? ¿Vuelve otra nueva ola de «rebarbarización»? ¿La verdadera obscenidad no es esta nulidad; este derecho a no ser nada? ¿No se siente miedo ante la destrucción de unos valores existenciales considerados invulnerables durante tanto tiempo?”.

Sakontasunez galdetzen du Zunzunegik. Franco Battiato abeslari handiak dioen bezala, “Tornerà la moda dei vichinghi / Torneremo a vivere come dei barbari”. Itzuliko da bikingoen moda, itzuliko gara barbaroen modura bizitzera. Hurrengora arte.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide