• Gutxi badira ere bere burua arrazistatzat dutenak, arrazakeriarekin lotura duten jarrerak gure artean daude egunerokoan. Honen adibide dira, esate baterako, Oinarrizko produktu eta elikagai bankuaren eguneroko jardunean bizi behar izaten ditugun keinu zein mezu diskriminatzaileak, edota gure bilketa zein zozketetan nabari dugun parte hartze desberdindua aurpegia ematen duen bolondresaren jatorriaren arabera.
• Atzerritik ezer gutxirekin datorrena, arrazoi ekonomikoengatik deserriratua, zukutzeko haragi freskoa besterik ez da burgesiarentzat. Hemen onargarriak ez diren lan baldintza eta soldata humilagarrietan lan egitera behartuta dagoen eskulan merkea da atzerritarra, sarri esklabutzatik gertu dagoen egoeran bizirautera kondenatua dena.
• Honela, burgesiaren estatu aparatuek, migrazio eta fronteretako kontrol politiken bidez, langile irregularren ekoizpena ahalbidetu eta bere fluxua kontrolatzen dute. Alde batetik, ekoizpenean “berme” legaletatik haratago esplotatzeko bidea irekiz, eta aldi berean, dominaziorako jazarpen sistema oso bat egituratuz.
• Aipaturiko arrazoiengatik, eta elkartasun antolaturik ezean, bertako langileentzat parekorik gabeko konpetentzia bezala figuratu ohi ditugu atzerritik datozen langileak.
• Konpetentzia “desleial” honen izate nagusiena ordea, migratzaile askoren muturreko pobreziak eta egoera irregularrak determinatzen dute, pobrezia honen zergaitiak hein handi batean herrialde “aurreratuen” dinamikan bertan aurkituko ditugularik. Izan ere, burgesiaren aparteko irabazien iturria eta europako klase ertainaren paradigmaren zutabe diren inperialismoaren atzaparrek, eremu geografiko zabaleko milioka langileren miseria eragiten dute. Langile hauetako asko migratzean, paperik gabe, eskubiderik gabe, dirurik gabe, arautu gabeko lan jarduerak egin beharrean aurkitzen dira.
• Honen aurrean, klase esplotatzaileak bi aurpegi erakusten ditu. Batetik, milioika pertsona indarrez deserriratzen ditu, migraziora behartzen ditu; eta bestetik, lan esku merkea jasotzen duten herrialdeetan langileen arteko zatiketa bultzatzen dute; egoera honetan, diskurtso nazionalistak arrazistak… indarra hartzen dute.
• Langile klaseak aldiz, bere interesak defendatzeko, kontrako noranzkoan lan egiteko beharra du. Mugaz gaindiko antolakuntza internazionalista garatzea ezinbestekoa du, mundu mailako botere kapitalistari aurre egiteko aukera bakarra hau izanik. Hain justu,
1. Milioika herritarrentzat migrazioak, biziraun ahal izateko bitarteko izateari uzteko lan egin behar dugu.
2. Mugetako kontrol politikekin eta migrazio politikekin amaitzeko apustua egin behar dugu. Langileen arteko edozein motatako zatiketa eta bereiztasunekin amaitzea- arrazismoa, sexismoa… ezinbestekoa izango da.
3. Guztiok lan egiteko eskubide/betebeharra izateaz gain, besteen lanarekiko probestea eta dominazioa dakarren harreman sozial ororekin amaitzeko hautua muturreraino eramatea dagokigu.
Arrazakeriaren aurka, langile batasunaren alde,
Bertakoa ala atzerrikoa, langile klase berekoa!