Ostegunean hil zen langilearen harira

Pasa den ostegun goizean hil zen herriko lantegi batean langile bat bihotzekoak emanda. Lantegian bertan jasan zuen ezbeharra eta ospitalera eraman zuten arren ezin izan zuten suspertu. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik gertakari hau salatzeaz gain, lehenik eta behin, gure babes eta doluminak adierazi nahi dizkiogu senideei eta ingurukoei.

Lan-heriotzak dinamika kapitalistak berekin dakarren adierazpen formarik gordinenetako bat dira; ezin dira dinamika orokorretik at ulertu. Burgesiaren ofentsiba ekonomikoa ematen ari den honetan ere, lantegietan nahiz egunerokoan jasan behar dugun biolentzia estrukturala mila modutan ageri zaigu: lan-baldintzen kaskartzea, laneko presioa edota soldaten beherakada adibide batzuk dira, eta faktore horiek guztiek bizkortzen dute gizartean ematen ari den proletarizazioa.

Proletarizazio honek sustrai ekonomikoak baditu ere, ondorioak ugariak dira: hasi baldintza ekonomikoen kaskartzetik eta egoera emozionalaren kaskartzeraino, depresioak, gaixotasun mentalak edota osasun arazoak ugarituz.”Ez traumatiko” deitu diren lan-heriotza hauek ere prozesu honen ondorio ere badira; eta beharrezkoa zaigu horrelakoak salatzea; esan bezala, kapita dinamikaren ondorio direlako.

Halakorik gerta ez dadin nahi izateti k harago, beharrezkoa dugu langile antolakuntza sustatzea langileriaren lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko. Eta gure ustez, hori da Estatu Sozialistaren eraikuntzarako funtsezko premisa, gizarte sozialista batean emango baitira horrelako ezbeharrak sahiesteko baldintzak, gizateriaren ongizate ekonomiko eta soziala helburu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide