Maiatzaren Lehenean mobilizatzera deitu dute Kontseilu Sozialistek

Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki! Lelopean mobilizazioa deitu dute maiatzaren 1ean Iruñean. Honakoa hau da Kontseilu Sozialistek Maiatzaren Lehenaren harira zabaldu duten irakurketa:

Maiatzaren Lehena langile mugimenduaren historia iraultzailea omentzeko eguna da. Chicagoko gertaeretatik ia mende eta erdi pasatu den arren, aginte kapitalistak bere horretan dirau eta langileok kapitalisten menpeko izaten jarraitzen dugu. 1886tik buelta asko eman ditu historiak, eta garaipenak eta porrotak aldizkatuz joan dira. Langileriaren proposamen politiko osatuena, komunismoa, milioika pertsonentzat ortzimuga izan zen XX. mende osoan zehar. Hainbat estatu ere egituratu ziren sozialismoaren izenean, eta langileriarentzako hobekuntza handiak ekarri zituen arren, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa burutu gabe geratu zen. Aipamen berezia egin behar diegu klaserik, eta, beraz, zapalkuntzarik gabeko jendarte baten alde bizitza eman duten guztiei, haien memoriagatik eta ondoren etorriko direnei bizitza hobea emateagatik egin baitugu borroka.

Sozialdemokraziaren erruz Maiatzaren Lehena folklore huts bilakatu da aspaldian eta jaieguntzat hartzen dute askok borroka eguntzat hartu beharrean. Are, egungo egoeraren balantzea egiten badugu, lan baldintzen okertzea, bizitzaren garestitzea, gerra, eskubide politikoen ezabatzea eta abar luze bat dira ikusten ditugunak. Kapitalismoak bere onenak emanak dituela dirudi eta garai bateko Ongizate Estatuaren ameskeriak desegin dira. Hala eta guztiz ere, bada oraindik kapitalismoa erreformatu daitekeela sinetsi nahi duenik. Erdi mailako klasea eta bere alderdiak –sozialdemokrazia, batez ere- horren erakusle dira. Izan ere, egungo estatuen ustezko bertuteetan sinesten dute, horiek sozialdemokraziaren kontrolpean egonda kapitalismoari aurre egiteko tresna bihurtuko bailiran. Estatua kapitalismoaren baitako instituzio bat da, ordea, eta oligarken mandatuen arabera aritzen da. Sozialdemokraziak estatu kapitalista langileriaren alde lerratzeko egiten dituen saiakera guztiak porrotera kondenatuta daude. Sobera ezaguna da hori jada.

Maiatzaren Lehenean Iruñean mobilizatuko gara, “Kapitalisten eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki!” lemapean. Egunak joan eta egunak etorri langileon bizi baldintzak okertzen ari dira, eta bien bitartean, parlamentuko alderdiek promesak eta ilusio faltsuak baino ez dizkigute saltzen. Are gehiago hauteskunde garaian. Alderdi horien ahoetatik errealitatea bestelakoa dela entzungo dugu, gauzak hobetzen ari direla eta beraien eskuetan dagoen guztia egiten dutela herritarren interesak defendatzeko, alegia. Kontrara, herritarrenak baino beraien interes partikularrak defendatzen dituzte: alderdikoak, estatusaren baitakoak, ekonomikoak. Jakin badakigu instituzioak bankarien eta oligarken maileguetatik bizi direla, eta miseria eta murrizketak baino ezin ditugula espero horiengandik. Eskuinetik ezkerrera, alderdi horietatik batek berak ere ezin dio muzin egin oligarkiaren aginduei.

Horren guztiaren aurrean alternatiba sozialista eraikitzea da gure hautua: bankarien eta enpresari handien eraginetik kanpo jardutea, langileon interesak defendatuz eta hori guztia sozialismoaren norabidean kokatuta egitea eta militantzian, eskuzabaltasunean eta balore unibertsaletan oinarrituta aritzea. Estatu Sozialista da langileon ortzimuga, eta hori egunez egun, borroka bakoitzean eta estrategikoki arituta erdietsiko dugu. Behin betikoz kapitalismoarekin eta horrek sortzen duen sufrimendu guztiarekin amai dezagun. Maiatzaren Lehenean Iruñeako kaleetan ikusiko dugu elkar.

MAIATZAK 1 | IRUÑEA




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide