Azkoitia, Azpeitia eta Zestoatik autobusak genituen antolatuta, eta guztira 150 lagun inguru joan ginen eskualdetik; ia denak autobusetan, kabitu ez zirenak autoetan. Iruñera iritsi aurretik, Zuastiko ordainlekuan, Guardia Zibilen kontrolarekin egin genuen topo. Kontseilu Sozialistek dietutako manifestaziora zihoazen autobusak gelditzen ari ziren, beraiek hala esanda, eta gure autobusak ez ziren salbuespen izan. Autobus barruko kide guztiak identifikatu zituzten Guardia Zibilek, eta apur batean zain eduki ondoren, joaten utzi ziguten.
Aipatutako kontrol errepresiboetan galdutako denboraren eraginez, orduerdi bat berandu hasi zen manifestazioa. Bertan, milaka lagun batu ginen, oro har, Euskal Herriko txoko guztietatik etorrita. Antoniutti plazatik hasitako manifestazioa Errotxapea auzoan amaitu zen, eta ibilbidean borrokarako eta sozialismoa eraikitzeko deia egiten zuten oihuak izan ziren nagusi.
Manifestazio amaierako hitzartzean, hainbat gai aipatu ziren: Maiatzaren 1aren historiari aipamentxo bat egin zitzaion, klaserik gabeko gizarte baten alde bizitza eman zuten militanteak oroitu ziren, kapitalismoa gainditzeko estatuen eta instituzio burgesen ezintasuna azaleratu zen, instituzio horiek kapitalismoaren tresna baitira, eta horri lotuta alderdi sozialdemokraten saiakerak porrotera kondenatuta daudela esan zen. Ondorio gisa, langileok alderdi parlamentarioen fartsatik kanpo antolatzeko deia egin zen, “alternatiba sozialista eraikitzeko” deia, Estatu Sozialista ortzimugua hartuta alderdi komunista eratzen joateko, eta “behin betiko kapitalismoarekin eta horrek sortzen duen sufrimendu guztiarekin amaitzeko”.