Esklabak Zentro Sozialista, 5 urte
— 2023-09-045 urte bete dira Azpeitiako gazte talde bat Esklabetara sartu ginenetik. Krisiak bete-betean kolpaturiko belaunaldia izanik, gure bizi baldintzen aurkako ofentsiba kapitalista gauzatzen ari zen garaian eman zen okupazioa aurrera eramateko pausoa, erasoaldiari aurre egin eta prozesu sozialistari ekarpena egiteko asmoz. Hori da oraindik gure jardunaren norabidea.
Izan ere, azken urteetan are gehiago sakondu da langile klasearen aurkako erasoaldia; horren adibide dira oinarrizko elikagaien prezioaren igoera, lan baldintzen kaskartzea, kode penalaren gogortzea edo faxismoaren moduko ideologien indartzea, besteak beste. Testuinguru honetan, ez dago proletalgoaren interesak defendatzen dituen partidu politiko instituzionalik, guztiek, ezberdintasunak ezberdintasun, ez baitute ordena burgesa bera zalantzan jartzen. Horregatik, beharrezkoa da langile klasea bere bizi baldintzen alde modu independentean antolatzea.
Horretarako baldintzak eskaintzen dituzte Zentro Sozialistek; izan ere, proiektu orok azpiegitura jakin batzuk behar ditu bere jarduna aurrera eraman ahal izateko. Hala nola, aipaturiko langileon antolakuntza independentearen adibide dira Esklabak Zentro Sozialistan garaturiko Oinarrizko Elikagaien Biltegia edo Laneko Autodefentsa Sarea; tresna horiek, gizarteko sektore zaurgarrienekin hartu emana izan eta proletalgoa bere bizi baldintzen alde antolatzen laguntzea baitute helburu.
Era berean, espazio horiek era desinteresatuan lan egiten duten kideen ahaleginari esker sostengatzen dira. Kontrara, interes ekonomikoak baldintzatu gabeko funtzionamendua izan, gizarte burgesaren aurkako indarrak garatu eta prozesu sozial anitzak antolatzeko beste modu bat posible dela erakusteagatik, espaziook arrisku egoeran aurkitu ohi dira; horren erakusle dira azken urteetan Euskal Herriko txoko anitzetan gertaturiko desalojoak. Argi dugu hauen defentsarako berme bakarra antolakuntza baliabideen garapena dela; hala nola, proiektura modu batean edo bestean bere alea jarri nahi duen jendearen atxikimendua areagotzeari oso garrantzitsua deritzogu.
Horregatik, Esklabak Zentro Sozialistaren 5. urteurrena ospatzeko asmoz, irailaren 23an egun osoko egitaraua antolatu dugu; bertara gerturatzera eta ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Egin zaitez bazkide