Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatua sortu dugu
— 2023-10-25Urola Erdiko Kontseilu Sozialistan proiektu berri bat dugu esku artean, eta mezu honen bitartez tresna honen berri eman nahi dugu. Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatua sortu dugu eta horren harira, datorren asteetan aurkezpenak egingo ditugu Azpeitian eta Azkoitian.
Egia da momentuz ez dugula Zestoan aurkezpenik egingo. Baina eskualde mailan antolatzen den eragilea izanik, Zestoan ere egingo du ekarpena Etxebizitza Sindikatuak hemendik aurrera.
Urteak dira Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik tresna ezberdinak sortzen ari garela, instituzioetatik at antolatzeko eta etengabe kolpatzen ari diren bizi-baldintzen alde borrokatzeko helburuarekin. Honela, esparru desberdinetan aritu gara lanean orain arte: Langile Autodefentsa Sarea, Oinarrizko Produktuen Biltegia…, eta pauso bat aurrera ematea erabaki da, etxebizitza esparruan ere interbenituz.
Dimentsio historikoko krisi batean gaude murgildurik, eta gure bizi-baldintzen okertze orokortu bat ari da ematen. Etxebizitzaren arloan ere ari dira espresio desberdinak azaleratzen, eta gure eskualdea ez dago hortik salbu: etxebizitzen prezioen igoera, gazteon emantzipaziorako zailtasunak, legez kanpoko etxegabetzeak, etxebizitzen kalitatearen kaskartzea… Aurkezpen horietan, eskualdeko datuak eta horien inguruko analisiak zein ondorioak plazaratuko ditugu, eskualdeko errealitatea zertxobait gehiago ezagutzeko.
Egoera horren aurrean, ezinbestekoa iruditzen zaigu errealitate honen aurka antolatzea eta etxebizitzaren esparruan jasaten ditugun eraso guzti horiek borrokatzea. Beraz, Etxebizitza Sindikatuan ekarpena egiteko deia luzatzen dugu, eta datorren asteetan egingo ditugun aurkezpenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
AURKEZPENAREN DATAK:
– Azaroaren 3an, Ostiralean, 18:30eanà Azpeitiko Azoka plazako aretoan
– Azaroaren 4ean, Larunbatean, 11:00etanà Azkoitiko Elkargunean
Egin zaitez bazkide