313. Genealogia kontuak eta Don Pepe berriro

Joan den larunbatean, eguraldi epel, goxo, garaiz kanpokoa zen Aizarnan. Hotza, aldiz, eliza barruan, organo kontzertu ederra entzuteko zain geundela. Hantxe, Aizarnako zein Zestoako “kronistak”, esan nahi baita, Jon Egiguren eta neu, eta Aizarnakok klik eta klok eta zestoar txorooi tokatzen zitzaigun bezala, tertulia ederrean egon ginen minutu batzuk: Hi, aizak, Don Pepe Villar eta Zestoako Villar eta hori ez zekiat ba, seguru al hago loturarik badutela? Eta hik Martiñenekon bizi zela diok, eta ba al zian ba zer ikustekorik hango Mujikatarrekin?

Organoa hastera zihoan, eta hantxe garatu zen gure jarduna, ez aurrera, ez atzera. Hel diezaiogun, bada, gaurko honetan. Gipuzkoako elizatako bataio, ezkontza eta heriotzak, 1901. urtera arte, Interneten kontsultagai daude gaur egun, baina kontuz gero: droga gogorrenak adinako mendekotasuna sortzeko kapaz da datu bilduma hori; kontuz ibiltzen ez bazara, irakurle, hasi eta utzi ezinik geratzeko arriskua daukazu. Egiatan ari naiz. Beste iturri zoragarria da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Artxiboataria delakoa. Biak erabiliz saiatuko naiz gure Don Peperen genealogia pixka bat argitzen.

Bueno, joan gaitezen Don Peperen garaira. Gure datuen arabera 1880an jaio zen Donostian; José María Casildo Marcos izenekin bataiatu zuten; onomastika horrekin beharko gizon berezia irten. Bera zen zaharrena eta anai-arreba gehiago ere baziren: Joan Frantzisko (1882; egun gutxi zituela hila), Maria Juana Julita (1883), Isidro Mateo Migel (1885), Ignazio Joan (1887) eta Frantzisko Benantzio (1889).

Gurasoak, Ignazio Villar Arangua, Hernanin jaio zen (1844) eta Fabiana Mujika Olaskoaga, Aizarnan (1851). Ia seguru Alkatekoan jaioko zen baina horretaz hitz egingo dugu geroxeago. Ez zuten bizitza luzea izan senar-emazteek Fabiana 1891n hil baitzen eta Ignazio, berriz, 1899an, biak ala biak Donostian. 10 urte zituen, beraz, Joxemarik –Don Pepek– eta 7, 5, 3 eta bat gainontzekoek, ama hil zitzaienean. Aita zendu zenean, berriz, 19 zaharrenak eta 16, 14, 12 eta 10 txikienak. Zaharrenari izan ezik, gainerakoei tutore bat izendatu zitzaien, adin txikikoak zirelako.

Errepara diezaiogun orain Fabianaren gurasoei, alegia, Don Peperen aitona-amonei: aita Migel Jose Mujika Etxaide (1821) eta ama Joana Josefa Olascoaga Legarda (1818). Oraingoz gera gaitezen hemen.

Goazen orain Villar familiaren etxea esaten zitzaion horrekin Don Pepek izan zezakeen harremanaren aztarnak aurkitzera. Hemen interesatzen zaigu, batez ere, Jose Luis Etxaide Olaskoaga, bera izan baitzen Medikuzarraren etxea edo guk Villar etxea deitzen genuena erosi zuena, 1902 inguruan. Jaun hori, bere anai Joan de la Mata Etxaiderekin batera Zestoako Bainuetxearen jabea zen.

Anai horiek Don Peperen gurasoen belaunaldi bertsukoak ziren. Haien gurasoak (bazituzten anai-arreba gehiago ere) Jose Domingo Etxaide Mugertza (Zestoa, 1812) eta Mikaela Olaskoaga Legarda (Itziar, 1809) ziren.

Honez gero konturatuko zinen, irakurle, non dagoen gakoa ezta? Halaxe da, bai, Olascoaga askotxo ageri dira eta Olascoaga Legarda errepikatu egiten da: Mikaela eta Joana Josefa ahizpak dira. Horrela bada, Don Peperen amaren aldeko amona (Joana Josefa) eta Bainuetxeko zein Medikuzarraren etxearen jabe ziren Jose Luis Etxaide eta horien ama (Mikaela Legarda) ahizpak ziren. Esan nahi baita, Don Peperen gurasoak eta bainuetxeko jabeak lehengusuak zirela.

Eta orain, belaunaldi bat atzerago egingo dugu: Joana Josefa eta Mikaelaren gurasoak ziren Andres Olaskoaga Rezabal (Aizarna, 1773) eta Maria Rosa Legarda Urdalleta (Aizarna, 1779). Andres Olaskoagak, besteak beste, anai bat bazuen, Joseph (Aizarna, 1778) eta haren semea zen Jose Manuel Olaskoaga Etxea (Aizarna, 1805 – Aizarna, 1880). Gizon honena zen, alegia, Don Peperen amona Joana Josefaren lehengusuarena, Alkateko etxea. Azkenerako utziko dut jaun horien denen zertzeladatxo bat.

Beraz, pitin bat nahasgarria bada ere, lotu ditugu gauzak. Egia esan, Don Pepe eta anai-arrebak 1899an umezurtz geratu zirenean, beharko zuten, bai, ahaidetasun horiei denei atea jotzea, eta ulertzekoa da beti gordeko zuela bihotzean Don Pepek Aizarna, eta hango familiarrek eskaini zioten laguntza.

Bueno, eta zer lotura zuen Martiñenekoekin? galdetuko dit irakurleak. Bada erraz ikus dezakegu: Martin Mugika Kaltzakorta (Aizarna, 1872) –haren izanak ematen dio izena etxeari– da gakoa. Bere gurasoak Jose Manuel Mujika Etxaide (Aizarna, 1835) eta Josefa Kaltzakorta ziren. Irakurlea berehala konturatzeko detailea da Jose Manuel Mujika Etxaide eta Don Peperen aitona Migel Jose (Aizarna, 1821) anaiak zirela.

Bukatzeko, agindutako zertzelada. Hemen, genealogia honen tartean, jende handia azaldu zaigu, oso, baina beste batean sakondu beharko dugu hori. Bi hitzetan esateko, ordea, hemen titular batzuk: Etxaide Olaskoaga, bainuetxearen jabe, Hotel Nagusia eraiki zuten (1895), alkate ere izan ziren, meategi bat baino gehiagoren jabe, Medikuzarraren etxea erosi zuten herrian… Martin Mugikari ere ez zitzaion gaizki joan bizitza, besteak beste meategien anparoan.

Baina Aizarnako ilustretan ilustreena Jose Manuel Olaskoaga da dudarik gabe, alegia Don Peperen aitonaren lehengusua. Auñamendi Entziklopediak dioenez –eta gaurkoz ezin dut gehiago arakatu– Gipuzkoako ahaldun nagusia izan zen, laugarren barrutikoa, 1841eko Segurako Batzarretan hala izendatua. Beste askotan ere izan zen hautatua, hala nola, 1848ko Zumaiako Batzarretan, 1854ko Donostiakoetan, 1858ko Errenteriako Batzarretan eta 1864ko Irungo Batzarretan hautatu zuten berriro. Halaber, 1868ko Zumaiako Batzarretan, 1872ko Tolosako Batzarretan eta 1876ko Donostiako Batzarretan hautatu zuten berriro.

Botere handiko gizona, kontserbadorea oso, hori bai, egunen batean Aztarka hauetan hobeto aurkeztuko duguna.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide