317. EGOzestoa
— 2024-12-28Duela ia mende laurden –nola joaten diren urteak!– jasotako ohartxoak dituzu hauek, irakurle, “Ecos de sociedad” gisa idatzitakoak. Egun hauetan izan dut Euskadiko Gazte Orkestrak Gabonetako ohiko agerraldian eskainiko duen egitarauaren berri, eta nola gure musika bandaren zuzendari ohi Iker Sánchez izango den zuzendari gonbidatua. Emanaldiak Tolosa, Donostia, Gasteiz eta Bilbon izango dira oraingoan, baina garai batean gure herrian ere izaten ziren, oraintxe bertan irakurriko duzuen bezala. Ezertan hasi aurretik, urtea bikain amaitzea opa dizuet denoi, eta, jakina, datorrena askoz hobeto hastea. Hala izan bedi.
* * *
Zestoa. 2001-12-30. Pasa den abenduaren 30ean, Urtezahar bezpera, ospatu zuen Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko entsegu orokorra. Ekitaldira, oso xumea izan arren, artea, musika eta politika arloko hainbat pertsona ospetsu agertu ziren, eta ikuskizun eder hark amaiera bikaina eta glamour handikoa eman zien Zestoako urte amaierako egun zozo haiei.
Ekitaldia Zestoako Arozena Hoteleko Gela Nagusian izan zen, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Mari Karmen Garmendia izan zen buru. Jantzi beltz bikaina zeraman, eta hari kolore ukitu bat emateko, loredun loredun zetazko zapi eder bat lepoan. Agintarien segizioan beste honako hauek ere oso dotore hurbildu ziren: Hiribilduko Alkate jaunak itsas urdin koloreko diseinuzko berokia erakutsi zuen, eta lila koloreko fulard polit batek oso era atsegingarrian laguntzen zion janzkera guztiari. Agintari palkoa ondratu zutenen artean, han ziren Kulturako eta Zerbitzuetako zinegotzi agurgarriak ere –biak janzkera soilagoz atonduta– eta haiekin batera herriko kultur teknikaria, zeinak erakutsi zuen, okasio hartarako, lebita tankerako txaketa, italiar diseinugile ezagun batek egina, eta sport ukitua ematen zioten kotoizko galtza beige batzuk. Zestoar kulturako jende ezaguna ere bildu zen han, baita Elizako hierarkiaren ordezkariak ere. Ageri zen, baita, Azpeitiko zein Azkoitiko kultur pertsona ezagun bat edo beste ere (jakina da bi herri hauetako musika zaletasun fina).
Orkestrako zuzendariaren –Juan Jose Ocon jaunaren– aurkezpen laburraren ondoren, kontzertuari hasiera eman zitzaion Saint-Saens-en Animalien Inauteria deritzan interpretazioarekin. “Fantasia zoologiko handia” izendatua izan den musika-parodia hura amaitu eta handik pixka batera, atsedenaldiari eskaini zitzaion tartea. Ordu laurden batean edo, hainbat gairi buruzko berriketaldi interesgarria izan zen: kontzertuari buruz, Ekaingo obren bilakaeraren gorabeherak (kontzertu-gelatik ikus zitezkeen obrak) eta antzeko beste zenbait gai. Elizako ordezkariak ere –Sailburu Txit Gorenaren eskualde berekoa dela esan behar da– aprobetxatu zuen aukera Garmendia anderearekin iritzi trukaketa egiteko, baina gure kazetariak arreta handia jarri arren, ez da hitz egindakoaren nondik norakorik jakiterik izan. Litekeena da, gaztetako kontuez aritzea; izan ere, halako xalotasuna nabarmentzen zitzaien biei…
Minutu batzuk geroago, eta kultur teknikariaren deia eta txaloari zintzo erantzunez, entzuleak kafetegia utzi, eta kontzertu-gelan eseri ziren berriro. Lehen zatian atze aldean kokatu zen apaiz jauna, oraingoan, agintarien tokian jartzera gonbidatua izan zen. Wagner-en Lohengrin. III. ekitaldiaren preludioa, Gershwin-en Amerikar bat Parisen eta Araguesek konposatutako Christmas Suite entzun ahal izan ziren bigarren zati hartan.
Ekitaldiari amaiera emateko Vienan urtero jo ohi duten martxa ezaguna –Strauss-en Marcha Radetzky– interpretatu zuen Orkestrak, eta publikoak zein agintariek txaloekin lagundu zieten.
Azkenik, entzuleak eta musikariak joan ondoren, agintarien segizioak lunch xume batean parte hartu zuten: iberiar urdaiazpikoa, ardoa, vermoutha eta abar. Goiza ohiko “Urte berri on” eta horrelakoekin amaitu zen. Luxuzko limusinak zain zeuden atarian, eta hango gramourra berehala ezkutatu zen.
[Beti proposatu izan diet Danbolinekoei Hola Danbolin edo antzera deituko litzatekeen gehigarri bat atera beharko zuketela, herriko txutxu-mutxuen berri emanaz. Horrelako saiakera trakets bat besterik ez da goian jasotakoa. Bistakoa denez, ez didate kasu zipitzik ere egin mende laurden honetan. Akaso, hobe eta dena]
Argazkia: EGO Zestoako Arozena hotelean, 2000. urte amaieran (Danbolin-zulo kultur elkartea).
Egin zaitez bazkide