204. Gorrien eguna

Igandean egitekoa genuen Errepublika garaiko azken udal ordezkarien omenezko ekitaldia. Bertan behera geratu da Covid birusak sortu duen egoeragatik, eta pena handia eman digu. Ilusio handiz ari ginen antolaketa lanetan eta egun hori iristeko irrikaz zeuden Errepublikako azken zinegotzi haien oinordekoek. Hurrengo batean beharko du.

Egun tristea izan behar zuen duela 84 urteko irailaren 20ko hura. Aurtengoa bezala, hura ere igandea zen. Ordurako, gure herrian uda pasatzen egondako ehunka urzaleak joanak ziren beren etxeetara. Zestoako kaleetan apenas zebilen jenderik. Mortu zegoen herria. Izua eta larritasuna ziren nagusi, jendeak bazekien eta erreketeak eta altxatuak laster izango zirela Zestoa aldean. Agintariek eta ingurukoek bazuten nahiko lan ebakuazio lanetan; zientoka herritarrek alde egitea beste erremediorik ez zuten, ondorenean etorriko zen errepresioa jasan nahi ez bazuten. Bestalde, kanpoko miliziano asko zebilen herri aldetik eta haiekin ere arretaz jokatu beharra zuten agintariek, ez egitekoren bat egin ez zezaten. Tristea eguna. Agurrak, besarkadak, aieneak, nerbioak, izua, etsipena, negarra…

Gorrien eguna deitzen omen zioten irailaren 20 hari, esan zidan 2006ko otsailaren 13ko arratsalde eder hartan Jose Mari Zunzunegi apaizak. 8 urte egiteko oso gutxi falta zitzaion Zunzunegiri baina ondo gogoan geratu zitzaizkion egun hartako gauzak. Oso zabaldua omen zegoen herrian gorriek eliza erreko ote zuten susmoa. Une batean, beren etxetik –Foru plazako etxetik–, jendea ikusi omen zuten bidoi moduko batzuekin Erdikalean gora plaza zeharkatzen. Gero, berriz, elizako argia piztuta ikusi omen zuten. Hurrengo egunean enteratu omen ziren bidoiekin zihoazenak herrikoak omen zirela, eta Hotel Blasatik harrapatu omen zituzten bidoi haiek; olioa eta horrelakoak omen zirela, han Blasan errekisaturik zeudenak. Argia, berriz, sakristauak piztu omen zuen, besterik gabe. Dena izuak eragindako osaketa.

Gau hartan Potxoloneko etxera eraman omen zituzten umeak (Tomas eta Jose Mari) badaezpada ere. Potxolonekoak tartekoak zituzten. Goizean jaiki zenean, irailaren 21ean, eta bere etxera zihoala, beren etxeko kamioia (Zunzunegitarrena) ikusi omen zuen kanposantuko sarreran, Panaderoko ondoan. Zortzi urteko mutikoa, igo omen zen kamioira eta bi hildako ikusi omen zituen. Iraetan fusilatutako erreketeak izan behar zuten. Besteak kanposantura eramanak izango omen ziren ordurako. Ume bat, eraildako haiei begira-begira, Don Jose Mariari bizi zen bitartean burutik kendu ez zitzaion irudia. Goiz hartan, edo egun hartan, 1936ko irailaren 21ean, Akoa aldetik behera iritsi omen ziren erreketeak (tercio de requetés) eta haiek egin omen ziren herriaren jabe.

Beste gauza batzuk ere kontatu zizkidan Don Jose Mariak: Lili jauregi inguruan fusilatutako gorriak (han omen zen Tomas eta bidali egin omen zuten handik). Lastima, ez Tomas ez Jose Maria, ez dauzkagu hemen han ikusitakoa kontatzeko. Zertan ibili ginen jende hari galdetu gabe? Zergatik ez genien gehiago sakontzeko eskatu? Agian beraiek ezkutuan gordeta zeukaten hura gogoz kontra ez ateratzearren? Agian lotsatiak izan ginelako? Ez genuelako nahiko enpatiarekin jokatu haien konplizitatea lortzeko? Galderak, milaka, eta erantzunik ez.

Egun hauetan, badugu kezka handiagorik zoritxarreko Covid hori dela eta, baina iritsiko da udaberria edo une egokia berriro gaiari heltzeko eta Errepublika garaiko azken udal ordezkariei merezi duten omenaldia egiteko. Herrigintzan aritu den orok du meritua eta horretan ibili den edozeini aitortu behar zaio herriaren alde egindako lana. Baina esango nuke bereziki Errepublikako azken zinegotzi haiek merezi dutela. Honekin ez ditut gutxietsi nahi herriaren alde lanean jardundako beste makina baten merituak baina iritsiko da unea, pixkanaka-pixkanaka, beste horiei ere behar duten aitortza egiteko.

Errepublikako azken zinegotzi haiek egoera oso mikatz batean egin behar izan zuten lana. Ez dakit zinegotzi haiek jakingo zuten baina oso zabalduta zegoen ordurako hainbat militar eta eskuineko jende estatu kolpe saiakera bat prestatzen ari zirela. Nahiz eta lasaitasun itxura zeukan Zestoak, eta urzaleak aurreko urtetan bezala etorri ziren, egoera ekonomikoa eta soziala oso gogorra zen. Hori dena areagotu egin zen uztailaren 18tik aurrera, eta udalak zenbait erabaki drastiko hartu behar izan zituen, herriko Fronte Popularrak bultzatuta, besteak beste, bainuetxea udalaren esku geratzea (“municipalización de la Casa Aguas y Balneario de Cestona, S. A.”) edota herriko hiru enplegatu, tartean idazkaria, kaleratzea.

Gogorrena eta arbuiagarriena izan zen, hala ere, demokratikoki aukeratutako udal ordezkariak indarrez kaleratu zituela frankismoak eta errepresalia gogorrak jasan izan zituztela. Haietako batzuen seme-alabak bizirik daude oraindik eta, beste askotan, bilobak. Merezi dute, ahal bezain pronto, oroimena eta aitortza jasotzea eta haiek sinesten zuten herri askeari haize ematea. Hala izan dadila.

* * *

Simon Arambarri apaizak Anai arteko borroka Azkoitian” liburuan esaten du Artetxe medikua bidali zutela Iraetara, han eraildako erreketeak ikuskatzera,  “ildakoak bere begiz ikusi ta sendagile bezela agiri bat egitera”. Artetxeren hitzek pista bat ematen digute zer sentituko zuen Jose Mari Zunzunegik, 8 urteko mutikoak, Panaderoko ondoan, beren etxeko kamioian, ikusi zituen bi hildako haien aurrean:

Gau osoan, izarpean (a la intemperie) gelditzen diran gorputz illak, oi ez bezelako txuritasun kezkagarri bat azaltzen dute. (…) Txuritasun orrez gaiñera, odolez zikindutako aurpegiak, kristal bihurtutako begi larriak eta aurpegietan gaueko intzez erantzitako belar izpiak ikustea… nahikoa zan, nornairi barru barruraiñoko biotz-ikara” [sartzeko].

 

Argazkia: Errepublikako azken udal ordezkari haiek landutako itxaropena bertan behera geratu zen eta irailaren 21etik aurrera frankismoaren harrokeria nagusitu zen (Kortadi familiaren argazkia).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide