205. Bainu turkiarra Zestoan

60ko hamarkada hasierako festa egitarau batean oso publizitate bitxia topatu zuen lehengoan nire lagun Bizente Davilak, egitarau zahar horiek arakatzen zebilela: “Isardi bainu turkiarra. Betirako gaztetasuna. Honakoak saihesteko: gizentasuna, zahartzea, erreumatismoa, artritismoa, insomnioa, nekea, zelulitisa eta abar eta abar. Ferron. Zestoa.” (egitarauko publizitatea testu hutsa da; argazkia gero erantsi diogu testua pixka bat bizitzeko).

Bromatarako aukera ederra ere eman zigun publiak. Izan ere, Zestoan garai haietan, mundu arabiarrean ohikoa den hamam txiki horietako bat egongo zela irudikatzeak hizpidea ekarri zigun, eta are gehiago, hamamaren kontuari eta saunei broma-haizeak ateratzen hasi ginenean: hirietan-eta, saunak eta horrelakoak ohiko topaguneak izaten ziren homosexualen artean, eta horrelako txiringito bat Zestoan irudikatzeak bakarrik, noiz eta 60ko hamarkadan, bada halako mundu aske eta aurreratu batera eramaten gintuen. Baina, tira, laster jaitsi ginen exotismoaren eta gay harrotasunaren lainoetatik eta errealitatearen mundu arruntera itzuli ginen.

Kontuak kontu, ez dakigu zer saltzen zuen Ferron dendak (Kaleokerrean zegoen, Larrañaga baino beheraxeago) “Isardi bainu turkiarra” izenarekin. Itxura guztien arabera norbere etxean sauna muntatzeko tramankuluren bat izango zen. 60ko hamarkada ez da oso aspaldikoa eta, ondorioz, herritar asko gogoratuko dira bainu turkiar haietaz eta eskertuko genieke pistaren bat emango baligute.

Gu saiatu gara interneten ikertzen baina ez dugu gauza handirik jakin ahal izan. Senak esaten dit ez ote zen izango mende hasieran Ingalaterran Victorian turkish bath izenarekin ezagutzen ziren tramankulu haien bertsio modernoren bat. “Lurrun lehorraren, lurrunaren, oxigeno-sendagarriaren eta bainu perfumatuen luxu eta abantaila guztiez etxean gozatzeko aukera ematen dio mundu guztiari. Sendagai segurua hotzeria, gripea, giharretako mina, artikulazio gogortuak, erreumatismoa, eta abarrentzako. Larruazal osasuntsua bermatzen du, kolore argiko aurpegia ere bai eta gizentasunaren kontrarako ere aproposa da. Eramangarria da, edozein gelatan erabil daiteke eta erabiltzen ez denean tolestu egiten da.” Ez zioten nolanahiko publizitatea egiten mende hasiera hartan. Besteak beste, J. L. Foot & Son (171, new Bond St., London, W.) enpresak saltzen zuen bainu turkiar hura Europa osora.

Beste publizitate foileto batzuetan, tramankulua nolakoa zen azaltzen da. Armairu itxura zeukan, ate batekin pertsona barrura sartzeko. Barruan eserleku erregulagarria zeukan eta bi irekigune, eskuak kanpora ateratzeko; horrela, bainu-hartzaileak zerbait edateko bi besoak atera zitzakeen edota, nahi izanez gero, barruan zegoen bitartean zerbait irakurtzeko ere bai. Armairu horrek ura berotzeko su txiki bat zeukan kanpoan eta tutu baten bidez lurruna armairu barrura bideratzen zen.

XX. mende hasierako armairu haiek garatzen joan ziren pixkanaka, hemen irudian jarri dugun 60ko hamarkadako itxurara iritsi arte. Ikusten den bezala, armairua oso modernoa da, eta lurruna kanpoan sortu ordez, eserleku azpian bertan sortzen da. Suaren ordez, bertsio moderno hauetan, argindarrak berotzen du barruko ura, kanpoan surik egiten ibili gabe. Mende hasierakoek besoak ateratzeko zuten abantaila, ordea, berri horietan ez dago eta, nolabait esateko, sarkofago itxura gehiago daukate. Bistakoa da, hala ere, praktikoagoa dela horrela, besoak ateratzeko leihatila haiekin lurrun asko galtzen baitzuen armairuak. Zaila da jakitea zenbat zabalduko ziren tramankulu horiek Zestoa eta inguruko herrietara baina saltzeko esperoan jarriko zuen publizitatea Ferronek.

Bainu turkiar eramangarri horiek ez dira, inondik inora, antigoaleko gauza. Interneten begiratu besterik ez dago gauza moderno askoa dela jabetzeko. Plataformarik handienak, Hego Ameriketako lurralde baten antzeko izena daraman horrek, aukera mordoxka eskaintzen ditu; esate baterako, Baño turco terapéutico portátil, spa en casa, con silla, color rosa” titulupean, xehetasun guztien berri ematen du: lurrunaren tenperatura (60º C), 10 tenperatura maila, potentzia, tenporizadorea… Honako produktuak ditu barne: bainu turkiarrerako karpa (muntatu gabe), lurruna sortzeko makina, mangera, alfonbra, urruneko kontrola, eserleku tolesgarria… Gainera, antzinakoek bezala, eskuak ateratzeko leihotxoak ditu, lurruna hartu bitartean tragoxka bat hartu edo libururen bat irakurri nahi izanez gero. Denera, 74,66 euro. Ez da kapritxo garestia.

Hala ere, bada hor beste kontu bat erosketa egin aurretik ondo aztertu beharko litzatekeena: zer da hobea, lurrun-bainua edo sauna? Hor ez naiz ni sartuko, lehenaz gain barregarri gera ez nadin. Zoazte kiroldegira, hango adituek esango dizute-eta. Bukatzeko, herritarren lekukotzaren zain geratzen naiz, zer ote zen Ferronek, “Iserdi” izenarekin iragartzen zuen zera hura. Ondo izan eta zaindu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide