206. Besarkada bat ostalariei

Orain dela 116 urte, José Marinez Ruiz, Azorin, gure herrira etorri zenean, Blasen ostatua zen bakarrik herrigunean: “Jendea ateetara eta balkoietara irteten da; zeuen aurrean errotulu bat ikusten duzue –Fonda de Alcorta– eta irudikatzen duzue euskal ostatu horietako bat, herriko ostatu maite horietako bat, non ematen dizkizuten isiltasun osoz, bizpahiru plater ondo gozatuak, garbiak; eta han irudikatzen duzue andre xahar bat irribarre eta begi-keinuak egiten dituena erdaraz hitz egiten diozunean”.

Orduz gero, ikaragarri aldatu zen Zestoa eta, nola ez, Alkorta bera ere bai. Behin Karlosek kontatu zidan bezala, 50eko hamarkadan, bere kotxe ofizial beltzean etortzen omen zen Fernando Suarez de Tangil, Vallellano-ko kondea, orduko Avenida del Generalísimo Francotik (gaur Toribio Altzaga) eta Alkorta atarian geratzen omen zen. Hitzik esan gabe, edo kortesiazko diosala egin ostean, esertzen omen zen jakineko mahai batean, eta zerbitzariak ba omen zekien, hitzik gurutzatu gabe, zer zerbitzatu behar zitzaion kondeari. Anekdota horrek gauza asko erakusten ditu, esate baterako, ohiturak maite zituen bezeroa zela kondea, ohiko bezeroa, hitzekin baino bere jarrera eta aurpegierarekin –eta autoritatearekin– komunikatzen zela eta abar eta abar. Baina, batez ere, anekdotak asko esaten du zerbitzariaren profesionaltasunaz: ezer esan gabe, gai zen bezeroak nahi zuena asmatzeko eta behar zen bezala, profesionaltasunez, eskaintzeko; gai zen, behar ziren kortesiazko hitz haiek baino gehiago erabili beharrik gabe, bezeroaren nahia erabat asetzeko, inolako aztoramenik gabe.

Zerbitzaria, bainuetxera etortzen zen handiki jende harekin, kortesiaz baina hotz portatuko zen, langile soil bati ez baitzegokion de igual a igual hitz egiterik gizon haiei (jakina, emakumeak bere etxean geratzen ziren garai haietan). Baina bestelako bezeroekin, eta egoerak hala eskatzen zuenean, zerbitzaria solaskide bikaina izan zitekeen, eta establezimendu hura besteak baino kutunagoa izan zezaten bere ahaleginak eta goxotasuna jar zezakeen. Gero beste kontu bat ere bazegoen: taberna beraren dekorazioa nolakoa zen, zer giro sortu zuen edo zer nortasun eman zion jabeak denborarekin establezimenduari, zer ontziteria zeukan, gauzak zerbitzatzeko garaian detaile txiki horiek… Zorionez, 70eko hamarkadara arte hainbeste kanpotarrekin/udatiarrekin lana egin behar izanak, nolabaiteko ukitua eta prestigioa eman zien gure tabernei eta batez ere Alkortari; zerbaitengatik deitzen zioten, gure gurasoen garaikoek-eta, Barra eta ez taberna. Alkortanean baino gehiago “Barrean zeuden” esaten zuten. Alkorta zen el bar por excelencia; gainerakoak tabernak.

Bueno, baino zertara dator sermoi hori dena, lehengo batallita horiek denak, esan dezake norbaitek, batez ere gazte jendea bada (irakurtzen ote naute gazteek?). Bada, esango diot irakurleari, orduan gu baino zaharragoek ikusitako eta bizitako hura gaur ere bizirik dagoela oraindik ere. Nik behintzat sentitzen dut hori. Ez naiz taberna zale porrokatua eta, ondorioz, nire ibilerak gehiago izaten dira gosaritxo bat hemen, eguneroko kafesnea han, pintxo bat edo ardotxo bat beste hartan, establezimendu denak pasatzen dituen txikiteo ibilaldi hori baino. Baina, esan bezala, nabaritzen dut nik garai bateko zera berezi hura, agian, inguruko herriek ez zeukaten taberna kategoria hura.

Jateko goxoa, etxekoa, edukitzen saiatzen dira batzuk, ardo aukera berezia edukitzen beste batzuk, edota kafearen kalitatea zaintzen beste batzuk… Gero badira establezimenduaren dekorazioa zaintzen eta ukitu berezia ematen saiatzen direnak, eta horiek biziki maite ditut, zeren ematen du taberna jatekoa eta edatekoa bakarrik dela eta ez dekorazioa eta estetika pertsonala. Taberna batean asko da dekorazioa, eta batzuetan etxean bezala goxo-goxo sentitzen zara. Ikaragarri estimatzen ditut dekorazio estatikoa (koadroak, lanparak, objektuak…) baino harago, dekorazio bizia jartzen dutenak (landareak…) nahiz eta horiek tabernako lanaz gain esfortzu gehigarria suposatzen duten (ez al da egia, Iranzu?).

Produktua eta dekorazioaz gain, ni bezalako pertsona hitzontzi batek asko estimatzen du zerbitzarien jarrera eta solasaldia. Zerbitzaria hitz gutxikoa izan behar du Vallellanoko kondea zerbitzatu behar duenean, baina nik nahiago pertsona atsegin bat barraren bestaldean. Ez dauka zertan bezeroari itolarria sortzen ibili beharrik (izaten dira, lagunen batekin joan zerbait hartzera, eta tabernariak monopolizatzea solasaldia) baina konplizitate pixka bat eragiten jakin egin behar du; pertsona atsegina izaten jakin egin behar du. Esango nuke niretzat, azkenean, taberna on batek honako ezaugarriak behar dituela: produktu ona, dekorazio gustagarria, giro atsegina eta konplizitatea sortzen dakien zerbitzaria. Horrelako kasuetan, ni etxean bezala sentitzen naiz.

Etxean bezala sentitzen naiz Zestoako hainbat tokitan (izenak ez ditut esango, lotsagabe ez geratzeko, baina ezagutzen nautenek badakite zertaz ari naizen). Etxean bezala, goxo eta ondo hartua sentitzen naiz gure tabernatan. Badakit egun hauetan faltan botako dudala gure tabernek ematen didaten plazer hori guztia. Badakit, batez ere, beraiek sentituko dutela hutsunea, inpotentzia eta tristura. Ez dut uste beraiek direnik pandemia honen erantzule. Kulpa ez du ostalaritzak baizik-eta gure portaerak. Orain animoak ematea tokatzen zaigu denoi.

Bejondeizuela, eta tunelaren bukaeran azalduko da argia halako batean. Besarkada bat denoi.

Argazkia: Herriko jende ezaguna aspaldiko Amabirjinetan. Hondoan, Herrero taberna.  Kostako zaigu horrelako lagunarteak bizitzea berriro.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide