207. Denbora lekuko

Duela dozena erdi bat urtera arte, bazen Donostian liburu-denda eder-eder bat Manterola izenekoa, eta bertan Arbelaitz ahizpak, Mari Loli eta Maria Luisa, zein baino zein atseginagoak, han zeuzkaten altxorrak –batez ere euskal gaiak– erakusteko prest. Ondo gogoan dut bi grabatu erosi nizkiela duela urte mordoxka bat (aurrean daukat faktura eta 1997ko abuztuaren 20az ari gara: Fernando Arzallus. Dos grabados de Cestona. Total, 21.000 –pezetak, noski). Biak bainuetxea irudikatzen dute. Bat postal tamainakoa, “Manual del viagero (sic) en las Provincias Vascongadas” liburutik hartuta (1847). Gai hauetan aditua ez denari esango diot ohikoa izaten dela grabatuak liburutik moztea edo bereiztea, grabatuak soltean hobeto saltzen omen dira-eta liburuan txartatuta baino; bibliofilia negozioaren kontuak. Bada, horixe, bat postal tamainakoa. Bestea, ia-ia folio tamainakoa, duela 15 urte argitaratu genuen “Zuri-beltzean bizi izanak” argazki-liburuan. Nirea, ordea, zuri-beltzezko litografia da, eta orain interneten aurkitu dudan hau, berriz, litografia berbera da baina akuarelaz koloreztatua. Esan beharrik ez dago, zoragarria.

Bistakoa denez, bainuetxe inguruko paisaiaren irudia da, Baio azpialdeko magaletatik hartua. 1845. urtekoa behar du. Izan ere, urte hartan ireki baitzuen George Carpenter ingeles jatorriko artistak lehen litografia lantegia Donostian. Garai haietan, Donostia eta inguruetako irudi asko zabaldu zituen, tartean hemen ageri dugun irudi eder hau. 1846-47an hasi ziren zubi ondoko Hotel Entrada eraikitzen, eta, ondorioz, hortxe daukagu litografiaren tarte kronologikoa: 1845-46.

Ikusten den bezala, artean ez zegoen ez txaletik, ez Gran Hotelik, ez Alamedarik… Soilik Bainuetxea (Casa de Baños), ibaiaren alde batean, eta Katalin Zubizarreta andrearen ostatua, bestaldean. Sarrera Gesalagako zubiaren ondotik zen. Aprobetxatuko dut esateko, itxura guztien arabera, sarrera hori oraindik ere zutik dagoela; ematen du ez zutela eraitsi Entrada hotela eraikitzerakoan. Zoragarri legoke norbaitek bainuetxeko jabeei esango balie lehenbailehen kentzeko lawsoniana horiek begien bistatik, XIX. mende hasierako sarrera eder hori ezkutatzeaz gain, beren sustraiekin eraikin dena hondatuko dute-eta. Esana geratzen da. Jarrai dezagun. Bainuetxea eta gerora Entrada izango zen sarrera dotore hori elkarrekin komunikatuta zeuden 156 metro luzeko eta 18 zabaleko zumardi edo paseo baten bidez. Ezkerretara, estalitako galeria eder bat zeukan kare-haitzezko zutabeekin eta erdian kaperatxo batekin. Bide batez (gaur errieta egiteko eguna dut): harrizko zutabe horietako batzuk tren geltoki inguruan zeuden duela urte gutxira arte, eta norbaitek eraman zituen auskalo zein txalet edertzeko; bada, on egin dagiola. Jarrai dezagun. Ezkerretara, paseoa, eta eskuinetara dozena bat komun, ondo beharrezkoak izango ziren-eta.

Utz iezadazue, hainbeste daturen aurrean irakurlea pixka bat lasaitzeko, zikinkeria pixka bat zabaltzea: Al atravesar el paseo de árboles que hay en el centro del establecimiento y entre una y otra casa, llaman la atención de una manera poco grata, y afean algo su belleza unas casitas colocadas de trecho en trecho, de la forma de garitas de centinela; pero el prodigioso e instantáneo efecto que producen aquellas aguas las hace de tan apremiante necesidad, que aun a pesar de su profusión, cuéntanse mil tristes anécdotas de personas que corriendo hacia ellos como corre el navegante al puerto en momentos de borrasca, al llegar si aliento hubieron de articular con dolor la fatídica frase ¡ya es tarde!, no sin excitar la risa de los que tal vez dentro de unos pocos instantes podían verse en no menos apurada situación” (Madrazo, Francisco de Paula: Una espedición a Guipuzcoa, en el verano de 1848).

Inguruko paisaiari dagokionez, zoragarria ikusten da, dena hain berde. Egia esan, ez da guztiz errealista eta erromantizismoak bereak eta bi egin ditu baina, zer demontre, gaur egungo Photoshop eta irudien tratamendurako baliabideek egiten dituztenak ikusita, hemengo hau bekatu txikia da oso. Ez da oso paisai desberdina 50 urte geroago Barojak deskribatu zuena: Eta atertu zuen, haizea gelditu zen; zeru zurbilean eskualdeko mendi garaien ingurune kapritxosoak nabarmentzen hasiak ziren, artean zehaztasunik gabe, eta goiza begi grisekin azaldu zen –Shakespearek dioen bezala– eta Urola-bazterrak maitasunez begiratzen ari zela, gelditu egin zuen begirada zubi ugarietan eta bide ingurutsuetan, urtegi eta ur-jauzietan, baserri alaitsuetan, sagasti berdeetan, mendi agurgarrietan, eta Zestoa ikustean, goragune batean jarria, etxe zuriak irtirinki erakutsiz, irribarre egin zuen goizak, eta bere irribarrea eguneko lehen eguzki izpia izan zen, txistua eta danbolinaren soinu alaia festaren lehen notak ziren bezala”.

Eta azkenerako utzi dut Gesalagako zubiaren aipamena, hemen ere errieta egiteko asmoa dut eta. Hor ageri den bainuetxea eraiki aurretik ere, XVIII. mendean, bazen etxetxo koskor bat han, Jovellanosek, 1797an Zestoa bisitatzera etorri zenean honela deskribatu zuena: “Primero, casita con una fuente, estrecha y sucia; un viejo tomaba chocolate, y pedía sudores; luego, otra casita con su cocina y cuarto; y en un corralillo, otra fuente con dos caños, que caen en dos alberquitas hondas, formadas de pizarras, que son los baños, al raso; todo ruin; el agua no llega al grado de tibia, sino como caldeada al sol; son de don Manuel Lili”. Etxetxo koskor hartara joateko, ez zegoen zubirik Gesalagakoa egin zuten arte (1792) eta txalupatan joaten omen zen jendea bainuetxera herriko Zubizarretik. Bestalde, zubi hura egin aurretik, errepide nagusia Erretzabal aldetik, bainuetxe gainetik Lasaora ailegatzen zen, eta, beraz, Gesalagako zubiak eman zuen aukera kostaldetik Urola barrenerako errepidea erosoagoa izan zedin (Benta aldetik, gaur egun Bidezarra deitzen diogun tokitik).

Eskerrak, beraz Gesalagako zubia egin zutenei. Zubi horren zati bat “gorriek” edo errepublikazaleek apurtu zuten, lehergailuekin, gerra garaian, Azpeitia aldera ihesi zihoazela (frankistei bidea ixteko). Hala ere, berehala berreraiki zuten frankistek (gaur egun ikus daitezkeen hormigoizko konponketak ordukoak izango dira) eta martxan egon zen, errepide nagusi gisa, 1954ra arte eta oinezkoentzat handik 90eko hamarkada amaitu arte. Orain, ordea, gure udalak (nola Anttoni hala Peru, bi alderdiek berdintsu jokatu dute gai horretan) Txirritaren teoria jarraitzen dute, alegia hargin andaluzarena, esan nahi baita “bera eroriko dek, ezagiok bultza”. Itxi dute hesiz, segurua ez omen delako, utzi dute sasiak hartzen, eta gustura geratuko lirateke uholde batek gutxienez Zumaiara eramango balu zubi “p…” hori.

Ez dut uste hainbesteko lana denik hor dauzkan zabalgarri horiek kendu, burdinazko barandak erretiratu eta harrizko karel xumea jartzea irudian ikusten den bezala. Ni behinik behin, izugarri poztuko nintzateke herriko bi erakunde handienek (oraingoz Eliza kanpora utziko dugu) beren etxeko-lanak egingo balituzte. Batek altzifre zahar horiek ipurditik bota eta besteak zubia txukundu. Hemen, bukatzeko, zoragarri datorkit moda-modan jarri den esaldia: “Izan zirelako gara; garelako izango dira”. Denbora izango da lekuko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide