209. Ai, tolerantzia!

Oso interesgarria iruditu zitzaidan, duela aste batzuk Jon Egigurenek danbolineko Komunitateko txokoan argitaratu zuen “Aizarna eta eliza protestantea” izeneko testua (2020-11-07). “Badirudi 1868. urtean Gipuzkoako katolikoak urduri zeudela, gobernuak eliza berri bat irekitzeko baimena eman zuelako Madrilen”, dio Egigurenek, eta halaxe zen. Jendea oso urduri zegoen, liberalismoa indar hartzen ari zelako Espainian. Gaur egun, mutatis mutandis, ezkerra elkartu eta indartu nahian dabilenean, eskuin muturra horren aurka direnak eta bi egin nahian dabilen bezala, orduan ere, Gipuzkoako gizarte kontserbadoreak ezin zuen inola ere onartu liberalen “gorakada”. Testuinguru hartan, Elizak galtzeko zorian ikusten zituen bere pribilegioak eta borrokan hasi beharra zeukan. 1869an, Vatikanoko I. kontzilioak lozorrotik atera zituen katolikoak, eta Rodriguez del Corok dioena gertatzen hasi zen: “La violencia dialéctica estaba ya antes dentro de los sermones, exhortaciones y pastorales”. Egigurenek aipatzen dituen garai haietatik gutxira lehertu zen azken Gerra Karlista.

Ni hemen 20 bat urte geroagoko albiste bat ekartzera noa baina ondo baino hobeto adierazten ditu garai haiek (“Estos tiempos tan miserables y calamitosos” dio albisteak). “El Fuerista” egunkaritik (1890-04-25) hartua da hemen kontatuko dudan pasartea. Donostian 1888tik 1898ra bitartean argitaratu zen “El Fuerista”, egunkari katolikoa, eta integrismoaren bozeramailea Gipuzkoan.

1890. urtea. Aste Santua pasa berria zen; hain zuzen ere, Ostiral Santua apirilaren 5ean izan zen. Handik hamabost egunera, Misioak ospatu ziren Aizarnan, eta haien berri ematen du “Un católico” izeneko berriemaileak: “Handia, oso handia izan da Aizarnako biztanleok (los habitantes de esta Tierra de Aizarna) sentitu dugun poza; izan ere, gehien-gehienak langile jendea, jornalariak eta abar izaki, esan daiteke ia denak, edo gehienak, joan direla Jainkoaren Etxera beren Ministroen ahotsa entzutera, eta zuzentasuna eta isiltasun handia nabaritu da”.

Buen orden y mucho silencio” dio berriemaileak. Hitz esanguratsuak, zalantzarik gabe; zorroztasuna eta kontrola adierazten duten hitzak. Jendea gainezka, Aizarnako elizan, handik eta hemendik etorrita: “Nahiko erregularra izan da toki batetik eta bestetik hurbildu den jendea, hain gizon jakintsuen ahotatik ateratako hitzak, igurtzi ebanjelikoz beteak, entzutera; baina misioetan zehar izan diren jaiegunetan, hainbestekoa izan da jendearen elkartzea, ia ezin izan dela kabitu eliz barruan, nahiz eta nahiko hazia izan.

Ondoren, misio horietan zestoarrek izandako jokaera aipatzen du, ezer baino lehen ohar bat jarriz: “No siendo mi ánimo herir la susceptibilidad de nadie”. Nabarmen ikusten da Aizarnakok klik eta klok eta Zestoar txoroon arteko lehia ez dela oraingoxea: “Esan beharra daukat (eta honekin ez nuke inor mintzerik nahi) goraipatzekoa dela Zestoako apaizgoa, agintari eta gainerako pertsona agurgarrien jarrera; izan ere, nahiz eta eguraldi euritsua izan, jende ugari etorri da-eta prozesiora, berriro ere gure artean izateko irrika erakutsiz.”

Horrekin nahikoa ez gero, eta oraindik ere hauspo gehiago ematen die zestoarrei berriemaileak (zestoar infiltraturen bat ote?). Zurikeriazko hitzak (barkatuko al dit irakurleak, are gehiago Euskaraldia sasoi betean egonik) hobeto geratzen dira erdara batuan, eta halaxe azalduko ditut: “Así pues, digno de alabanza es el Señor Párroco de Cestona, señores coadjutores de la misma, señor Alcalde presidente del Ilustre Ayuntamiento, Secretario de idem y otras muchas personas imposible de enumerar por el celo puesto en práctica para hacer lucir una función religiosa.”

Ikaragarrizko jendetza bildu zen Zestoatik Aizarnara zihoan prozesioan. Hiru omen ziren jendetza osatzen zuten Kongregazioak eta hiru estandarte eder eta parrokiako gurutzea zeramatzaten. Nolanahi ere, misio egunetako eguraldi okerrena egin omen zuen prozesio egunean, eta ezin izan zuten elizatik atera. Eguraldia lagun izan bazuten, zestoarrak ez ezik, beste herrietako jende ugari ere hurbilduko omen zen Aizarnara.

Zortziehun komunio inguru eman omen zituzten, alajaina!, “pero si se tiene en cuenta que la mayoría de los fieles habían cumplido con el precepto de la Pascua anteriomente a estos actos, es bastante regular el número de los que se han acercado a recibir el Pan de los Angeles”.

Eta artikuluaren amaierak ere perla dotoreak dauzka, eta hau ere erdara batuan lagako dut: “Por último, la conducta que honra al clero de este alrededor en general y en particular al de Cestona, Urdaneta, Alzola y otros pueblos es digna del mayor elogio, pues estos señores por asistir a rendir homenaje a Dios y a su Santísima Madre, han trepado por sitios muy escabrosos, no perdonando sacrificio alguno, asistiendo a todos los actos religiosos, confesonario, etc., y cuidar de las ovejas de su rebaño”.

Eta, azkenik, etxekoei eskerrak ematea tokatzen zaio: Kasimiro Barrenetxea Aizarnako erretoreari eta Frantzisko Zumeta eta Kastor Odria laguntzaileei. Gero misiolariei ere bai, Migel Oiartzun eta Ignazio Aizkorbe jesuitei.

Desio batekin amaitzen du “Un católico” deritzan berriemaileak: “Y que Aizarna, último rinconcito de Guipuzcoa tenga muchos pueblos que sigan sus huellas a fin de que fructifique la buena y sana doctrina que tan necesaria es en estos tiempos tan miserables y calamitosos”.

* * *

1890eko kontuak dira horiek, hain zuzen ere, gure herrira Pio Baroja medikua iritsi baino lau urte lehenagokoak. Barojaren lan ezagunenetakoa Yon Etxaide idazleak itzuli zuen, Kuliska Sorta bilduma ederrean, “Itxasoa laiño dago: Xanti Andia itxas-gizonaren bizitza ta kezkak” izenburuarekin (1959), eta lehen jorratu dugun gaiarekin zerikusia daukan kontu bat aipatzen du hitzaurrean: zergatik aldendu ote zen Baroja “Eliza’ren artaldetik”.

Eta berehala galdera hau botatzen du: “Ez ote zioten askok eta askok, erakarri ordez, Eliza’ren ateak itxi, sar etzedin?”. Eta ondoren: “Beste oztopo nagusi bat arkitu zizun Baroja’k Eliza’ren magalera etortzen galerazi zionik, ots, bera jaio ta azi zen aldiko katolikoak eta eliz-gizonak batez ere (…) jarri zioten esi urragaitza, beren espiritu ertsi, zital eta tolerantzi gabeak eraginda”. Eta segidan dio: “Gordiñegi mintzatu naizela XIX’gn. mendeko katoliko-giroaz?” Charles Moeller teologo belgikarra aipatuz, honakoa dio: “Katolikoen jokabide ertsi, alderdikeritsu, tolerantzigabe eta arrokerizko au izan zen, ene ustez, Pio Baroja’ri eta bere aldiko anitzei danontzako zabalik bear lukeen Eliza’ren ateak itxi zizkienak”.

* * *

Post-data. Lerro hauek idazten ari nintzela, Jon Cuadradok danbolini esandakoak iritsi zaizkit esku artera. Gaur egun, mendebaldeko gizarteetan erlijioak bizi duen egoera korapilatsuan, Cuadradoren hitz batzuk poza eta itxaropena eman didate. Kazetariak kristautasunaren etorkizunaz galdetzen dionean, honela erantzuten du apaizak: “Aldaketa momentuan gaudela esango nuke, bai Eliza eta baita gizartea ere. Jarraipena izango du, baina jarraitzeko modua ezberdina izango da. Ez dut uste nik ikusiko dudanik, aldaketak oso pixkanaka ematen baitira. Ez nuke jakingo zer etorriko den esaten, baina zerbait ona etorriko dela esatera ausartuko nintzateke. Benetako fedea duten komunitate txikiak izango direla esango nuke; ez da gaur egun hurbiltzen den adina jende hurbilduko. Jakina, kopurua ez da garrantzitsuena, ez da izugarrizko elizen beharrik izango, nahikoa da familia giro atsegina izatea. Etxetan bilduko gara, agian, eta bertan egongo dira egiazko fededunak. Beraz, esperantzaz begiratzen diot etorkizunari.”

Benetako fedea komunitate txikietan, etxeetan elkartuz… hasiera-hasierako kristau elkarte haiek bezala. Eta Manuel Fraijoó-ren hitzak etorri zaizkit gogora. Hark, Dodds aipatuz (Paganos y cristianos en una época de angustia) eta hasierako kristautasunari buruz ari dela, honela dio: “(…) Su principal ayuda consistía en mitigar la soledad. Y cita a Epicteto, que habla del horrible desamparo que puede experimentar el ser humano en medio de sus semejantes. El cristianismo venía a llenar los tres ámbitos: el del alivio de la existencia presente, el del más allá, y el del desamparo y la soledad”. Ez da erronka makala.

 

Argazkia: “Prozesioa Aizarnan. 1945” (argazkiaren zati bat). Santiago Carrero. Iturria: www.aizarna.com (Jon Egiguren).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide