211. Gurdi apaña berriro

Ez da denbora asko ((2020-06-10) nire txoko honetara 1920ko argazki zoragarri bat ekarri nuela. Asuntzion eta Lizaso hotelen aurrean, errepidean, bi idi pare, hemengo era tradizionalera uztartuak, beren kopetako dotore, gurtede, larruzko hede, gaineko ardi-larru eta soka gurutzatuarekin… Atzean gurdia, lehengo erakoa, egurrezko gurpilekin eta burdinazko azalekin. Gurdietan,belarrez, landarez eta lore ederrez dotoretutako egitura bat daramate, eta bertan emakume gazte bana gurdian eserita. Gero, atzean, bi gurdiei tarte nabarmena emanez, jendea ikusten da eta tartean musika izango zela ere antzeman daiteke. Bainuetxera doaz. Ezin genuen asmatu zer ospatzen ote zuten, zer ote ziren neska gazte horiek…

Gaur ordenagailuan gordetako paper zaharretan nabilela pistaren bat aurkitu dut eta, bide batez, gerra aurreko egoera korapilatsua hobeto ezagutzeko aukera izan dut. El Día eta Euzkadi egunkarietan orri pasan dabilenak Zestoari buruzko 72 bat kronika ikusiko ditu, laburrak baina mamitsuak, eta euskaraz. Denak armiarma.eus web gune zoragarrian aurki daitezke. Mereziko luke jakitea nor diren goitizen horien atzean dauden pertsonak: Agiromendi, Aintzane, Artzaia, Bide berritzen, Endoya, Etxekalte, Gezalaga, Iturri txiki, Itzal, Lilitxo, Sagastieta, Txiribiri…

Iturri txikiren albisteak (El Día, 1933-08-22) esaten digu abuztuaren 13an, igandez, Eusko Jaiak izan zirela Zestoan. Eusko Gaztediak antolatzen omen zituen Zestoako Udalaren laguntzarekin. Eta honela dio: “Ur artzaleai urtero eskeñi oi diote (…) Jayoi txistularien eresi alai batekin asiera eman zitzayola ba dakigu. Amarretan yaupa [meza] ospetsu bat ertxadonean [parrokia] abestu zala ere bai. Ondoren gorularien sayaketa eta erritarren lokotz laisterketa. Urrena aurreskularien leyaketa. Alberdi zarauztarra ta Lizaso aurkestu ziran. Alberdi garaile. Dantzaldi batez goizekoak amaitu berriz.”

Eta orain dakar gurdiaren kontua: “Arratsaldeko lauretan Arotzena jatetxetik gurdi apañak irten ziran. Espatadantzari, gorulari, txistulari ta albokariak antxe ziran. Jatetxeetan dantzaldiak egiñaz Lege Zar zeira [merkatua] zuzenduaz. [Badirudi Elizondoko frontoi edo aterpeaz ari dela]. Zeian espatadantzarien ya gorularien yarduketa. Pelotalekuan [Gurutzeaga] izan behar zun pelotaka egualdi txarragatik etzan jokatu. Aurresku eder bat ikusi gendun. Eta zortzi ta erdiak arte ziraun eusko dantzaldiaz jayak bukatu ziran.”

Beraz, gutxienez 1920tik antolatzen ziren gurdi apain haiek hotelez hotel ibili ondoren, plaza aldera itzultzen ziren. Ez dakigu 20ko hamarkadan Euskal Jaien barruan egiten ote ziren baina garrantzi gutxiko kontua da hori. Inportanteena da gutxienez 20ko hamarkadatik aurrera, gurdi dotoreak kalez-kale ibiltzen zirela herrian eta, seguruenez, ohitura horrek eragin zuela danborradan karroza ateratzea hainbeste urtetan zehar.

* * *

Gurdi apañak”, beraz, Arozena hoteletik… Aurreko egunetan, ordea, jatetxe batean (ez da esaten non) orri batzuk zabaldu zituzten, eta Iturri txikik esaten du: “Oŕiok uts utsak dira, baimen gabekoak (clandestinoa)”.

Gogoratu 1932ko abuztuko kontuez ari garela. Ordurako Errepublikak urtebete baino gehiago eginak zituen eta Espainiako eta Euskal Herriko egoera politikoa oso mikaztua zegoen. Gaur egun Voxekoek edo PPkoek bezala, orduan ere, eskubia su eta gar zebilen beren pribilegioak galduko ote zituzten eta Espainia zeharo puskatuko ote zen asaldatuta. Gazteleraz esango litzatekeen bezala “de aquellos polvos vienen estos lodos” edota Justo Mokoroak dioen bezala “hautsok ekarriko dituzte lohiak” edo “Zain zaharraren usainak”.

Kontua da ordurako tentsio handia zegoela gero eta indar handiagoa hartzen ari zen Eusko Alderdi Jeltzalearen eta karlista edo tradizionalisten artean, eta hori bikain islatzen du berriemaileak. Irakur dezagun zer dioen: [Orri horiek] nork zabaldu dituzten uŕutitik desaugu. Karlatarren eta beste españazalien lanak direla ziur gaude. […] Ez jakiñean daudenak ikustearren, orri ori dan bezala argitaltzen degu: El próximo domingo día 13 del corriente mes, se va a celebrar en este pueblo una fiesta que dan en llamar ‘vasca’. No os dejéis engañar, por que ocultando cobardemente su filiación separatista, lo que buscan es quitaros los cuartos (errexa zeok) para que después puedan emplear en hacer esa infame campaña antiespañola […]. Ahora bien, querida colonia española (agur ipurgarbitzalea) que tanto beneficio hacéis a Cestona con venir a ella en busca de vuestra salud (gure onagatik ez datoztela badakigu) ved si debéis dar un solo cuarto a tan falsos fines tan poco nobles (ori dek ¡ederki! itzegitea) o si por el contrario debéis hacer el vacío a semejantes fiestas […] que con tanto disimulo ocultan sus fines ponzoñosos. Viva España. A los agüistas no separatistas”. Urzale ez-separatistei, dio karlisten idatziak. Dirudienez, bazeuden urzale separatistak ere. Kataluniarrak agian?

Kontuak kontu, giro mikatz horrek ez zuen asko iraungo: hiru urte barru hemen zen gerra. Eta haren ondoren, sekulako isiltasuna. Zapalduek behintzat bai. Beharko!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide