212. Pazientziaz eta astiro dastatzea

Askotan aipatu izan dut ederra litzatekeela Zestoa ageri den makina bat margolanen kopiekin erakusketa eder bat antolatzea. Herrikoekin hasi, esate baterako, Teodoro Erentxun, Eloy Erentxun, Narkis Balenziaga, Keixeta eta abarrekin, eta kanpokoak ere kontuan hartuta, hemen bertan komentatu genuen Søren Hjorth-Nielsen danimarkarra, Alejandrino Irureta edo Jesus Mari Lazkano eta abar ere bai.

Eta erakusketa horretarako, Axun Arrazolak esandakoa ere gogoratu daiteke, eta “odol berriei” ere tartea eskaini. Joan Erentxunek bere azken liburua argitaratu zuenean (1975), hitzaldi bat ematera gonbidatu zuten udaletxera Axun, eta han Urola aldeko tradizio artistikoaz hitz egin zuen, gehienbat arkitekturaz, eta honela amaitzen du: “Ante esta exposición (…) me pregunto y os pregunto, si puede extrañar la existencia en nuestros días de los que son fruto y otros aún promesa, como Narciso Balenciaga, Eloy y Juan de Erenchun, Juanito Eguiguren, Pili Alcorta, Paco Hernández, Maria Lourdes Unanue, en el aspecto pictórico”. Eta nik Cristina Sánchez ere aipatuko nuke, gure udaletxean erakusketak eskainitakoa da-eta. Horien denen margolanak jarriko nituzke. Eta, azkenik, hemen ahaztu zaizkidan edo ezagutzen ez ditudan besteak ere bai. Erakusketa handia bezain zoragarria litzateke.

Gaur hemen beste ale bat dakarkigu. “Orillas del Urola. (Proximidades de Cestona)” du izena margolanak. Egilea, Fernando de Amárica gasteiztarra (1866-1956). Amáricak paisaiagintzaren alorra jorratu zuen batez ere. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, gaur egun Legebiltzarra dagoen etxean, hasi zen marrazten 1885ean, baina 1893tik aurrera modu jarraituan. 1895. urte bukaeran Italiara bidaia egin zuen, Florentzia, Venezia, Milan eta Napoli bisitatuz. Gerora, margolari oso ezaguna egingo zen Amárica eta Joaquin Sorollaren ikasle izateaz gain, bere lehen obrak Parisko Aretoan (1903) eta Marseillako Erakusketan (1905) aurkeztu zituen. Euskal Herriko margolaritzaren figura nagusietakotzat jotzen da.

Lehenagokoa da, ordea, hain zuzen ere 1894. urtekoa, guk hona ekarri dugun margoa. Esan dezakegu, Inpresionismo deritzan estiloan egina dela. Ez dakigu zer neurrikoa den baina ez du ematen oso handia izan behar duenik, ia-ia, bozeto txiki bat da. Carlos de Haes-en (1826-1898) lanak ezagutzen dituena berehala konturatuko da haren estiloak Amáricarengan eragin nabarmena izan zuela. Hark ikasleak mendira edo naturara eramaten zituen, han bertan margotzeko eta ez estudioan. Arrakasta izugarria izan zuen Haes-en jokamolde hark. Horrela bada, margotxo honek ez du batere erromantizismo kutsurik. Pintzelkada oso soltea du, bat-batean sortutakoa. Finean, ariketa xume bat, norberari erronka jarri nahiko balio bezala, naturak sortzen dion plazer estetikoa eta xarma irudikatzeko asmoz… bistakoa den bezala, argiak egundoko protagonismoa du eta ukitu zoragarria ematen dio koadro osoari.

Urola ibai bazterra, izenburuaren arabera. Nordik margotua ote? Zein leku ote da? Aztarnarik ere ez. Ez du pista handirik ematen margolariak, ez dakigu ura hona datorren edo hara doan, ez dakigu nongo mendiak diren. Ura bare-bare dago, zuhaitzak berde, zelaia are eta berdeago. Hondartzatxo dotore bat belar edo zuhaixka apur batzuekin. Erdi inguruan, bi lagun, ez dakigu egonean edo belar biltzen ariko ote diren.

Lasaitasuna eta baretasuna transmititzen digu, gure paisaiak zein ederrak diren konturatzeko aukera ematen digu.

 

PD.: Ni neu ez naiz paisaia-pinturaren oso zalea, nahiago ditut beste genero batzuk. Nire lagun Vicente Dávila bai, hark ikaragarri estimatzen ditu paisaia-margolariak eta asko gustatzen zaio bazterrei argazkiak ateratzea. Erdi konfinatuta egon garen hilabete hauetan, paseo ugari egin ditugu elkarrekin, eta paisaiaren edertasuna dastatzen ikasi dut, berari esker. Guri, baserrian eta natur gunean bizi garenoi, guztiz arrunta eta egunerokoa egiten zaigu askotan paisaia, eta estimatzeari utzi egiten diogu. Askotan hiriko saltsak erakartzen gaitu gehiago. Hilabete hauetan, ordea, konturatu naiz nolako altxorra daukagun edozein bazterretan, eta pazientzia hartu eta astiro dastatzea merezi duela. Horixe bera erakusten digu koadro honek ere.

 

Argazkia: http://www.fundacionamarica.com




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide