213. Gabon jai atseginak eta Urte Berri on!

Gainean ditugu Gabon jaiak, aurten nahiko desberdinak. Hemen duzu, irakurle, urtean zehar eskuartean ibili izan ditudan gai, irakurketa eta materialekin egindako Gabon postala (beti bezala, egin klik irudian handiagoa ikusi nahi baduzu).

Aurtengo ideia konfinamenduak piztu dit eta, zehazki, ostalaritzaren itxierak. Urrian Okzitaniako Tolosan, euria egin berritan, terraza bateko mahaiei ateratako argazkia aukeratu dut. Orain begiratuta, konfinamendu garaiko ostalaritzaren itxiera eta bakardadea ekarri didate burura, eta horregatik jarri diot izenburua “Tolosako Saint-Sernin plazako mahaiak euri-negarrez”. Txilikuk dio (Zarauzko Hitza, 2016-11-17) izan badugula hitz-zaparrada euriaren ingurua xehetasunez betetzeko, eta hark aipatzen du “euri-negarra”; pasadakoan euri-tanta batzuk uzten dituen lainoari euri-negarra omen dario. Irudi bikaina iruditu zait postalerako.

Negarraren kontuak Juan Kruz Igerabiderengana eraman nau, eta aproposa iruditu zait horko aingeruen aipamen hori Gabonetarako. Baina hori baino askoz mami handiagoa dute hitzok. Jakin dudanez (Juan Kruz Igerabide: korapiloak deskorapilatzen. Idazlea itzultzaileen lantegian, 2013, www.eizie.eus), poema honen atzean ezkutatzen den irudia 10 urterekin seminariora joandako mutikoak sentitzen zuen babes falta omen dugu. Poemaren bi bertsio ageri ditugu hemen baina lehenengo bertsioan islatzen den irudia gogorragoa da, beldurra ere ematen du haur dohakabe horren negarrak.

Ez al du Igerabide txikiaren babes falta hark, ordea, Jesus txikiak Belengo paraje haietan pairatuko zuen egoera larriagoa gogora ekartzen? Ume txikia Herodesen hilketatik ihesi? Ez al du horrek denak gaurko etorkinen (are gehiago umeen) babes falta larriarekin zerikusirik?

Eta horrek eraman nau Erri de Lucarengana. Oso idazle gustukoa dut De Luca. Idazle izan aurretik igeltseroa, goizean lanera joan aurretik, sinestuna ez izan arren, Biblia irakurtzera eta italierara itzultzera jaikitzen zen; laguntza humanitarioko kamioilaria Balkanetan; gazte garaian, Lotta Continuan (ezker iraultzailearen erakunde militantea) ibilitakoa; eskalatzailea; Alpetan egiten ari diren abiadura handiko trenaren aurkako aktibista eta epaitua… Baina denaren gainetik, idazle bikain-bikaina da nire iritzirako De Luca.

Ez omen du poesia idazten, esaten du berak, baizik-eta gauza xumeagoa, lerroak edo ideiak elkarren segidan jartzea, eta hori ez omen da beretzat poesia. Baina niri Solo Andata (Bide bakarra) liburuko poesiak zirrara ikaragarria eragin zidaten.

XXI. mendeko arazorik larriena du hizpide: muga artean gertatzen ari den krisi humanitarioa. Itsasontzitan gosez eta egarriz hiltzen diren umeak, naufragioak, irteteko itsasontziak bakarrik dituzten kostaldeak baina ez itzultzekoak, hilotzak ekartzen dituzten olatuak, mugak aurrez aurre…

Postaleko poema honetan, nolabaiteko hondamendi baten hurrengo eguna irudikatzen duela ematen du. Guk geuk gizakiok geure mundua txikitzen duguneko hurrengo eguna. Gutxi salbatuko gara, bai

Ezer inporta ez baligu bezala jokatzen dugu, hala ere. Azal gogorra, ardagaia baino gogorragoa, egin zaigu. Ez dio inporta. Jan eta edan lepo, Zoroperia nola ospatu (ilegalki bada ere), erosi eta erosi eta erosi… horiexek gure lehentasun nagusiak (askorentzat bai behintzat).

Bueno, Gabon jai atseginak pasa eta Urte Berri on!

Eurijasa:

Haurra negarrez,

Estalpe beharrez.

 

Euria goian-behean;

Haur bat negarrean;

Aingeru doinua airean.

Juan Kruz Igerabide (Begi-niniaren poemak)

 

Ez bunkerrekoak,

ez janari erreserbak dauzkatenak, inor ez hirikoa,

salbatuko dira indioak, kaxmirrak, masaiak,

haizetik babestutako beduinoak, zaldizko mongolak;

baita Vesuvion ezkutatutako Napoliko bat ere,

eta hitzezko multzoan bildutako judutar bat (…)

Emakume gehiago salbatuko dira gizonezkoak baino,

arrain gehiago ugaztunak baino,

desagertu egingo da rock-and-rolla, geratuko dira otoitzak,

desagertu egingo da dirua, eta maskorrak itzuliko dira.

Gizateria gutxi izango dira, mestizoak, nomadak, ijitoak

eta oinez ibiliko dira. Eta altxorra, bizitza

seme-alabei utz dakiokeen ondasunik bikainena.

Erri de Luca (Dopo, Solo andata)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide