214. Jaiotzak

Orain dela lauzpabost urte. Donostiako Morlans pasealekua. Egunkari zahar batzuk botatzera edukiontzira. Bertan, kartoi bat: Baguette, la auténtica miga. Más esponjosa, más alveolada y suave. La auténtica Baguette. Eta ertz batean errotuladore beltzez idatzita “En el portal de Belén ha nacido el niño Dios. Mely”; eta bihotz bat. Eta kartoiaren bestaldean, Jesus haurtxoa, begi berdexkekin eta azazkalak beltzez pintatuta. Hunkigarria iruditu zitzaidan, eta pena eman zidan han birziklatzeko uzteak eta etxera ekarri nuen. Badauka zerbait, bere xumetasunean, oso erakargarri egiten duena. 40 bat zentimetro izango ditu altueran, ia benetako haurtxoaren tamaina.

Gaur egun ez dago modan, nonbait, jaiotza. Egun hauetan bertan, aita santuak San Pedro plazan esana da kontsumismoak “bahitu” egin dituela Gabonak eta ondoren esan zuen: “Ez dago kontsumismorik Belengo askan, baizik eta errealitatea, pobrezia eta maitasuna”. Ernst Bloch filosofo marxista eta ateoak, berriz, honelako zerbait esan zuen, Manuel Fraijó-ren hitzetan: “Ukuilua izan zen hasieran eta gurutziltzaketa bukaeran; eta tartean, hori ere esaten du Bloch-ek, etengabeko harremana ‘jende xumearekin’, desberdintasunaren eta lur honetako ondasunen banaketa bidegabearen biktimekin. Ez da Gabonen gorazarre ateo txarra”.

Zorionez, modatik pasata egon arren, hainbat bazterretan eutsi egiten diote jaiotza egitearen tradizioari, eta hor ikusten ditugu, xumeak zein handinahiagoak, Zestoako hainbat txokotan. Gustukoak ditut nik jaiotzak, betiere, era aurrerakoian eta emantzipatzailean interpretatuta.

Ertxinako jaiotza. Aspaldi, egunkari batean A. E. siglekin izenpetzen zuen norbaitek, nik egingo nukeen baino askoz hobeto irudikatu zuen Ertxinako jaiotza: “Bertako harkaitz baten barne-zuloa burniz eta kristalez osaturiko ate batez itxia dago. Eta han barruan, estalpean, Belenen bezala Jaiotza bat dago kokatua: haurraren eta gurasoen irudiak, abereak, tresabia… Hau hemen ezarri duen herriak badaki lurra apaintzen, gizakien ametsak jasotzen, festarik hunkigarrienak ospatzen”.

Aizarnakoa. Hura ere nahiko jaiotza berezia da. Aizarnako elizako triptiko flamenkoko irudi nagusia da, XVI. mendekoa. Han ageri dira, besteak beste, estalpea, San Jose, Maria, ume txikia, beste hainbat pertsona, aingerutxoak nonahi. Baina zoragarriena da irudi horien atzean ageri den paisaia, berde-berdea izan arren guretzat oso exotikoa. Eta oraindik eta exotikoagoa da paisaiaren ondoan hiri handi samar bat margotu izana. Izan ere, guk beti paisai edo ingurune bukoliko edo naturalekin lotzen baitugu jaiotza, inoiz ez hiri handi eta zalapartatsuekin.

Lasaokoa. Derrigor aipatu behar jaiotza klasikoak, etxe gehienetan ikusi ohi ziren jaiotza klasiko haiek. Urtetan eta urtetan, Lasaoko San Martin de Tours elizan, nazimentu bikaina jarri izan dute Arroitaonandia familiakoek. Aspaldiko figura klasikoak, urrea eta zilar pixka bat, goroldioa, zuhaitz azal eta adaska ihartuak, jaiotzako irudiak harpea edo kobazulo eder batean babestuta… Aurten ere jarriko al zuten! Merezi du ikustea. Jaiotza bikaina, benetan!

Amilibia aldekoa. Iraetatik Aizarnazabal aldera goazela, Amilibia baserriak pasa eta laster, han ikusi ohi dira urtero, pago baten babesean, sustraipean, material xumez –aurten egurrez– egindako irudiak. Ez dago, gelditu ere egin beharrik: kotxez zoazela ikusteko moduko irudiak dira; ez dute, beraz, xehetasun handiegirik, baina hala ere oso ikusgarriak dira. Alde batetik, ustekabean harrapatzen zaituztelako (ez duzu espero leku hartan jaiotzarekin topo egiterik); bestalde, halako giro magiko bat ekartzen digute burura: irudiak, basoa, aterpetxoa zuhaizpean… , denak hada edo maitagarrien mundura eramaten gaitu.

Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi hemen hainbat etxetako jaiotza anonimo horiek. Sinesmenetik harago, ehunka urtetako tradizio baten azken katebegiak dira. Ez ditzala kontsumismoak eta ultra-arrazionalismoak guztiz menderatu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide