216. Ihes egin zuen txoria

Hau da orduak eta orduak begira egon zintezkeen postal erakargarri horietako bat. Ehun urte pasatxo, eta kontatzeko gauza asko.

Etxeak. Ezkerretik hasiko gara. Lehendabizi Zelaikoa; ez dugu ikusten ezkerretara zegoen “plazatxoa”, dena erreka-harriz lauzatua, baina ez dira hainbeste urte desagertu zela. Hurrengo, postetxea, Antonio Cortazar arkitekto ospetsuak (1823-1884) diseinatua 1855ean, eskola eta etxebizitza bat eraikitzeko. Gogoratu Cortazar ez zela nolanahiko arkitektoa. Berak diseinatuak dira, besteak beste, Donostiako zabalgune osoaren (gaur egun “zentroa” deitzen duguna) antolaketa-planoa eta Urumea ibaiaren gainean Santa Katalina zubia. Erreparatu behea eta solairu bakarra zituela garai hartan. Botatzekoa omen dute orain. “Jainkoagatik mantendu ezazue behintzat Cortazarren fatxadatxoa” esan diet agintariei. Baiezkoa agindu didate. Bikain.

Hurrengo etxea Elortza, 1907an eraikia. Eder askoa, herriko fatxadarik ederrena ez bada. Gero, Portalekoa, Erdi Aroko portalea izan zenaren aztarna horiekin, arkuaren abiagunearekin hain zuzen. Hondo-ondoan, gero botika izango zena.

Hemendik, berriz, Alkortaren bi eraikuntzak (bat eraiki berri samarra), Ramon Izeta Pitxia epailearen etxea, Eztiola, Parrokia eta abar. Etxe gehienek bere baratzetxoa edota etxe-abereak zituzten eta horregatik daude harriz hesituta lursailak.

Betiko nekazari mundua nagusitzen da argazkian, eta horrek ematen dio itxura pintoreskoa eta bizitasuna inguruari. Esan beharrik ez dago, horretxek erakarriko zuela argazkilariaren arreta eta, jakina, baita gero postalak erosiko zituzten urzaleen arreta ere. Lehen planoan gurdia, idi edo behi parearekin ibiltzeko gurdia. Horrek, beste ezeren beharrik gabe, exotismoa ematen dio irudiari, jakinekoa da-eta Gaztela aldean-eta zaldia edo mandoa erabiltzen dela garraio lanetarako, eta hemen, berriz, behi-hazienda. Gero, berriz, asto bat baino gehiago ikusten dira beren asto-otarrekin. Mugimendu handiko goiza da zalantzarik gabe. Alonderoko aldapan lotuta imajinatu behar ditugu astoak, nagusiak erosketak egin eta tragoxka bat hartu bitartean. Zumarragatik Arroara doan diligentzia ere hortxe dagoela dirudi, Blasen ostatu ondoan.

Nekazari giro pintoresko honetan gauza bat dago berria eta hemen aipatu beharrekoa: hor ikusten den kalea, garai hartan “Calle Correo”, geroago “Natividad” eta orain “Gesalaga” (erreparatu izenen aldaketari: Correo, XIX. mendeko izpiritu liberalaren seinale; Natividad, tradizioa eta Eliza; Gesalaga, berriz, herriaren oroitzapena), kale hori Azpeititik Zumaiarako errepide nagusia zen, postalaren garaian, hau da 1917 inguruan egina. Artetxe aldetik etorri eta herritik barrena, tren geltokitik eta Artzubiaga ondotik pasatzen zena. Ez zen zabalegia baina zenbat kotxe pasako ziren ba garai hartan Zestoatik? Hala ere, hori izan zen errepide bakarra 1959an bariantea egin zen arte eta herri barruari lasaitasuna eman zitzaion arte.

Tximinia bat ikusten da ketan, etxeko goxotasunaren seinale, eta arropak zintzilika Zestoa Napoli txiki bat bailitzan. Baina ez gara nostalgiko jarriko. Antonio Galak aspaldi zioen bezala, “badakit, hala ere, alferrikakoa dela atzoko loreak iraunaraztea; egun bakoitzak bereak ekarriko dituela, eta bere bizinahia. Baina, ihes egin zuten txoriak, lehortu ziren hostoak, egiazki joan eta pasa egiten dena, nork ahal izango du atxiki? Zein kaiolatan eduki dezakegu gatibu?

Bada horixe: aprobetxatu eremu gorrian sartu garela eta disfrutatu gure postal ederrei begira eta atzoko Zestoa imaginatzen. On egin dagigula!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide