221. Epidurala

Makina bat aldiz aipatzen dugu denok anestesia epidurala, eta nahiz eta gehienetan erditzearekin lotzen dugun, beste kasu askotan erabili ohi da, esate baterako, hanketako ebakuntzetan… Baina zer du ikustekorik epiduralak Zestoarekin? Asko ez bada ere, badu nolabaiteko lotura.

Goazen pixkanaka. Fidel Pagés Miravé (Hueska, 1886 – Burgos, 1923) jotzen da anestesia epiduralaren asmatzailetzat. Garai hartako zirujauen eredu izan omen zen, balio anitzekoa, nekaezina, urte haietan medikuntzan irekitzen ari ziren aukerez oso interesatua… Armadaren mediku taldean sartu zen 1908an eta Melillara bidali zuten berehala. Rifeko gerra garaia zen, eta hango tribuek Espainia eta Frantziako inperio kolonialei aurre egin zieten, eta larrialdi ugari eragin ere bai. Zerbitzu medikuak inora iritsi ezinean, eta Pagési esker lortu omen zen egoera hura nolabait konpontzea, mendiko anbulantzien material azpiegitura eta mediku kopurua handituz. Izugarrizko esperientzia lortu zuen han larrialdiko kirurgia lanetan.

Handik urte gutxira, gure medikua, alemanez bazekienez, Lehen Mundu Gerran ikuskatzaile-mediku gisa ibili zen Austria aldean. Han ebakuntza ugari egin omen zituen eta kirurgilari europar frankoren berri izan zuen.

Pagés XIX. mendean kirurgiak izan zituen aurrerapenen ondorioa zen. Zoragarria da –baita “letretakoak” garenontzat ere– garai hartako medikuntzaren ibilbidea irakurtzea. Bukaeran gomendatuko dizuet artikulu bat. XIX. mendearen hasieran, inhalazio bidezko anestesia erabat sartua zegoen ospitaletan eta beste anestesia teknikak eta produktuak ere hobetzen ari ziren; asepsiari buruzko teknikak bere bidea egiten ari ziren; hemostasia, hau da, odoljarioa geratzeko teknikak, martxan zeuden; odol transfusioak egiteari ekin zitzaion odol taldeak deskubritu zirenean… Kirurgiaren ikaragarrizko aurrerapena begi bistakoa zen.

1920ko hamarkada hasieran, anestesia epiduralari buruz idatzi zuen Pagések, eta teknika hori erabiliz egindako 43 ebakuntza aipatzen zituen. Honela deskribatzen du teknika bere argitalpenetan: “Joan den urteko azaroan, bizkarrezurreko anestesia bat egin nuenean, kanula bide erdian geratzeko ideia izan nuen, duramaterra zeharkatu baino lehen, eta proposatu nuen sustraiak blokeatzea eremu meningeotik kanpo, eta juntagailu-zuloak zeharkatu baino lehen, orratzaren puntak dagokion lotailu horia zeharkatu baitzuen. Prest nuen estovaina [anestesia klase bat] alde batera utzi nuen, eta kapsula irakin batean “a” serieko (375 mg novocaina) hiru novocaina tableta serum fisiologikoko 25 cc-tan disolbatu nituen, eta berehala injektatu nuen 2. eta 3. gerrialdeko ornoen artean zegoen kanularen bidez.
Sentikortasuna aztertuz, jabetu ginen handik bost minutura hipoestesia [lokartzea] hasten zela sabeleko zilbor-azpialdean, zeina beheko gorputz-adarren kanpoaldeko aurpegira hedatzen baitzen (…); hipoestesia areagotu egin zen pixkanaka, eta injekzioa sartu eta hogei minutura, segurua iruditu zitzaigun ebakuntzari ekitea, eskuineko iztai-herniako sendabide erradikala praktikatuz, gaixoari inolako eragozpenik sortu gabe.” (Ez da nirea itzulpenaren meritua baizik-eta, Interneten jarri berria duten itzultzaile neuronalarena; neuk ukitu batzuk eginda, jakina).

1920an Madrilgo Larrialdietako Ospitale Militarrean egin zuen lana, Melillan ere bai Annualen (Maroko), Espainiak jasan zuen porrot garaian. 1922an, Komandante mediku izendatua izan zen.

Etorkizun handiko medikua zen, beraz, garai hartan Fidel Pagés. 1923ko abuztuan, 37 urte zituelarik, baimena eskatu zuen gurera, Zestoako bainuetxera, oporrak pasatzera etortzeko bere familiarekin batera. Abuztuaren 24an irten ziren Madrildik Zestoara. Paseatuko zuten gure bazterretatik; Loiola, kostaldea eta Donostialdea bisitatuko zituzten; bainuetxeko handikiekin hitz aspertu ederrak egingo zituen; agian, Varela jeneralak urte batzuk beranduago bezala, gure herriko zekorketak ikusiko zituen… Eta irailaren erdi aldera udazkenarekin batera giroa freskatzen hasi zenean, maletak prestatzen hasiko zen, berriro Madrilera joateko.

Zestoan, bainuetxean, ostatu hartuta zegoela, Donostiako Ospitale Militarreko kirurgia gelak inauguratu zituen, eta ebakuntza bat baino gehiago egin ere bai bertan, epiduralarekin edo orokorrarekin, nork daki. Madrilera irten bezperan, egin zuen azken ebakuntza Donostian. Ondo joango ote zitzaion. Bukatutakoan, gure herrian pasako zuen azken gaua, eta irailaren 21ean, ostiralez, Madrilera bidean jarriko ziren denak.

Quintanapallan, hain zuzen ere Saezmiera Maixuak Zestoara etortzeko, umetan, lehenengo aldiz, trena hartu zuen herrian, hangoxe Cuesta de la brújula delakoan, Fidel Pagés-en autoak derrapatu, bizpahiru kanpai-buelta eman eta zuhaitz baten kontra jo zuen. 37 urte zituela, gure mediku ospetsua, anestesia epiduralaren asmatzailea, komunikabideen titular bilakatu zen: “Grave accidente de automóvil. El suceso. Desde San Sebastián venían a Madrid, en un hermoso automóvil Hispano-Suiza, el reputado médico militar don Fidel Pagés Miravé, su esposa doña Concepción Bergman Quirós, cinco niños del matrimonio, la servidumbre y el «chauffeur»; total, diez personas. Parece que venía al volante el propio señor Pagés.” (Diario de Burgos. 1923-09-21). Buru-hezurra hautsita geratu omen zen gure zirujaua.

Murió muy joven”, dio artikulugile batek. Humphrey Bogartek esan omen zuen bezala, “Azkar bizi, gazterik hil eta hilotz dotorea utzi” zuen, alegia. Hemendik aurrera, epidurala jartzen digutenean, beti izango dugu gogoan Fidel, eta zein ondo pasako zituen bere azken egunak… Zestoan.

Argazkia: Mundo Gráfico (1923-09-26. 9. orrialdea)

Informazio osagarria: Velázquez Rivera I. Aproximación a la obra científica del Comandante médico Fidel Pagés Miravé. Sanidad Militar, 67, 1, Madril, 2011 hemen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide