222. Corpus Christi

Gogoan dut, mutil koskorra nintzela, zein ederra iruditzen zitzaidan Zestoako Corpus Christiko prozesioa. Nahiz eta ordurako Vatikano II Kontzilioak desagerrarazi zituen handinahikeria asko (urrez jositako arropak, palioa…) hala ere, baziren artean prozesio hura liluragarria egiten zuten hainbat xehetasun. Esate baterako, prozesioaren ibilbide guztia ihiaz edota belar usaintsuz estalita egoten zen, Plazatik hasi eta Blasa hotel ingururaino. Horrez gain, distira egiten zuen apaizak eramaten zuen kustodia urre-kolorekoak. Erantsi iezaiozu horri, irakurle, musika bandaren soinu gozoa, jendearen solemnitatea ibileran eta janzkeran, gu bezalako mutil koskorrok genuen irudimena… eta berehala konturatuko zara zertaz ari naizen.

Hori dena falta zaigu hemen, ordea. Argazkia, beste gauza denak bezala, beti da une edo zati baten aukeraketa, eta hemen ere, argazkilariak ez digu prozesio osoa erakutsi, zati txiki bat baizik. Ikaragarrizko argazkia da, hala ere. Zer falta zaigu? Musika eta koloreaz aparte esan nahi dut. Apaiza, paliopean, laguntzaile eta akolitoekin. Ondoren, gizonezko kuadrilla osoa, denak beltzez jantzita. Eta haien atzetik, musika banda. Banda izango zela pentsatzen dut, izan ere, bigarren argazkian, ezker aldean tronpeta edo antzeko zerbait jotzen ikusten baitugu mutil gazte bat, eta atzerago klarinete batzuk-edo (eskuarekin hartzeko moduak ez du ematen txistulariak direnik).

Baina argazkiak –eta meritu handia da hori– emakumeengan jartzen du arreta osoa. Bistan denez, emakumeak joaten ziren azkena prozesioan baina, era berean, emakumeek ziurtatzen zuten kristau sinismenaren transmisioa gizaldiz gizaldi. Argazkian, neska gazteak ageri dira lehendabizi beren misalekin, tartean umeak, eta den-dena zaintzen baleude bezala, beldurtzeko moduan beltz-beltz jantzitako emakume helduak, horiek ere misala eskuetan dutela. Baten bat euritakoarekin ere badoa, aurreko apaizen palioa oroitu nahiko balu bezala. Balkoi denak dotore-dotore eta zorua belarrez estalita.

Corpus eguna garrantzia handiko festa eguna izaten zen Gipuzkoa osoan eta, jakina, gure herrian ere bai. Aizarnan oso antzinako ohitura izan behar zuen, eta herriko txistularien bandak obligazioa zeukan urtero hara joateko eta “ohitura den bezala, girotzeko”. Zestoan, berriz, 1910etik aurrera, txistulariena ez ezik bandarena ere izango zen ardura hori, paper zaharretan ageri denez: “Corpus Christi, procesión y tarde”. Bistakoa denez, beraz, eguerdi partean ateratako argazkia dugu hau. Dena den, hoztasuna bakarrik eransten diote datu lehor hauek hain argazki ederrari eta segi dezagun aurrera.

Alde ederrean uztartzen dira argazkiko giroarekin andereño Pepita Iriondok (1906-2000) umetan bizitakoak:Gorputzetan prozesioa egiten zen, Gurutzea oso apain-apain jartzen zuten: loreak, zumitzak… oso dotore. Behin egundoko euriak egin zituen, zaparrada handiak eta Gurutzearen aurrean putzu handi bat egin zen. Amak prozesiorako dotore jantzi gintuen soineko berri-berriarekin eta bagoaz Gurutze aldera. Hemen Zestoan, bazen Basilio Txanbolein izena zuen oso mutil okerra, bihurria. Etorri zen han ingurura eta dotore jantzita geunden neska-mutilei esan zigun: Etorri, etorri hona! Beitu ze eederki ikusiko geran, ispiluan bezelaxe! Putzura begira jarri ginen, putzua arbasta batekin jo… eta soineko guztia zikindu zigun. Gu negarrez etxera joan ginen. (Nire pausoak).

Argazkia 1916ko Corpus Christi egunean aterea da. Urte hartan, ekainaren 22an, ostegunean, egokitu zen. Tomas Gómez Bosch (1883-1980) da egilea. Las Palmas Kanaria Handikoan sortua, enpresari familia bateko semea, enpresa-gizona berau ere eta, horrez gain, margolari eta argazkilari oso emankorra. Beste batzuk ere atera zituen gure herrian baina kontserbatu direnetatik hau da zoragarriena dudarik gabe.

Azkenerako utzi dut argazkiaren kokapena. Niri ikaragarri kosta zait nondik aterata dagoen asmatzea. Zuk ere, ariketa egin nahiko bazenu, irakurle, eten ezazu oraintxe bertan irakurketa eta itzuli lerro hauetara asmatzen duzunean. Edo errendituta geratzen zarenean.

Kosta zitzaidan, bai, tankera ematea. Argazkia atzekoz aurrera zegoen gainera (konturatuko zara letrak aldrebes idatzita daudela orain) eta horrek are eta nahasmen handiagoa sortzen zidan. Txoko Txikiko atari ingurutik aterata dago. Eskuin aldeko etxea Artano familia bizi den etxea da (edozeinek emango ziok tankera orain, Artano!). Ezkerraldekoa, berriz, Pagioneko etxearen atzealdea (horri ere har iezaion ba tankera, Bergara!). Eta, azkenik, argazkiaren atze-atzean (horri errazago eman dakioke tankera) Blas Alkortaren ostatua, esan nahi baita gaur egun Sabadell bankua dagoen etxea.

Luze joango litzaidake balorazioetan sartzea eta ez naiz hasiko ederragoak zein ziren baloratzen, ordukoak edo gaur egungoak. Bakar bakarrik bi gauza: batetik, bikain ikusten da nolakoa zen gure herriko etxe gehienen estetika XIX. mende bukaeran. Bestetik, ez nuke polemikarik sortu nahi, baina errepara iezaiozue, Laranjadi plazari. Konturatuko zara oraintxe bezalakoa zela, alegia, eskailerarik gabekoa, plaza laua. Esana geratzen da.

Argazkia: Procesión del Corpus en Cestona. Gómez Bosch, Tomás. FEDAC: Archivo de Fotografía Histórica de Canarias. Kopia digitala: Ministerio de Educación, Cultura y Deporte. Subdirección General de Coordinación Bibliotecaria, Madril, 2015




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide