224. Heroi gazte eta suharrak
— 2021-03-22Akilesek, Troiako heroi gazte eta suhar greziarrak, nahiago izan zuen bizitza laburra, betirako ospea, bizitza luze eta gatzgabea baino. Hark bazekien, Troiako gerran parte hartzen bazuen ez zela inoiz itzuliko, baina hala eta guztiz ere konbentzituta zegoen bera bezalako heroi gazte batentzako xederik onena horixe zela, gazterik hiltzea borrokan.
Akilesen antza hartu nien, atzo arratsaldean ikusi nuen “Mendian hil, hirian hil” dokumentaleko protagonistei, mendian hildako hainbat belaunalditako gazte haiei. Aukeratu, ez zuten aukeratu gazterik hiltzea borrokan, baina hala suertatu zitzaien, eta horretaz hitz egiten digute beren adiskideek eta familiarrek pelikulan.
“Mendi tontor elurtuan edo/eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe?”, dio promozio testuak. “Maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzea nola bizi ditugu. Iraganean errotutako etorkizunak eragiten duen itxaropen, joan zirenak gogora ekartzea…”.
Iñaki Peñak zuzentzen du filma. Zainketa aringarrietako medikua omen da, ofizioz, eta bistan da gaia ondo ezagutzen duela.
“Hildako pertsona horien senideen adierazpenak, gertatutakoaren onarpena, oroimen mingarria gainditzeko itxaropena…”, hori guztia adieraztea omen da Iñaki Peñarentzat, dokumentalaren helburuetako bat. “Transmititu nahi izan dut badela itxaropena horrelako heriotza mingarrien ondoren, eta oroimen hori da erakutsi nahi izan duguna. Hala, mendian hil diren zenbait pertsonaren historiak jaso ditugu”. Besteak beste, 2017an Pirinioetan hildako Mikel Cresporen senideen hitzak, edo eta Xabier Ormazabalen senideen adierazpenak jaso dituzte (Cho Oyun 2014an hildako mendizalea).
Xumea da filma eta horregatik bakarrik askoz gehiago merezi du ikustea. Nola hurbil daiteke, ba, bestela, heriotzaren min ikaragarrira xumetasunarekin ez bada? Neuri, pertsonalki, boladatan, azukre koxkorra ematea iruditu zait orain hain modan dauden drone bidezko ikuspegi mordoxka horiek agertzea, baina, egia esan, ikuspegi panteista batekin lotzeko aukera ere ematen dute irudi ederregiok, baita, filmean Xabier Ormazabalen anaiak kontatzen duen xehetasun batekin lotzeko ere: hain zuzen ere, Xabier, gailurrera iristen zenean, bi besoak zabaldu eta hanka baten gainean jartzen omen zen mendi puntan, hegan egitera bazihoan bezala.
Besteak beste, dolua nola landu aipatzen da dokumentalean, eta heriotza gure bizitzatik kanporatzeko dagoen joera erabat baztertzen da. Sakonki hitz egiten dute senideek, sentimenduak adierazten dira eta ez formula estandarizatuak. Normala den bezala, ez dago batere morborik. Sosegua transmititzen dute hurbilekoen hitzek. Indar ikaragarria ematen du ikusteak senide horiek gai izan direla dolua “behar den bezala” egiteko eta, are gehiago, zenbait kasutan hildako haiek festaren bidez omentzeko.
Noizbehinka, bizitzaren hastapenetan, hogeita gutxi urterekin, geratu ziren mendizale haien argazkiak ateratzen dira, haien irribarreak, haien gaztetasuna, haien askatasuna… eta galdutakoaren neurriaz jabetzen zara. Laboak zioen bezala, “bizitza da haundiena; galtzea, litzake galtzea dena”.
Segundo batzuetan, Santa Engraziako erlojua ageri da dokumentalean, eta niri Urruñako beste inskripzio hartara joan zait burua: “omnes vulnerant, ultima necat”, alegia, denek zauritzen dute, azkenekoak hil. Santa Engraziako atarian, atzean zeru zuria dutelarik, Arantxa Gurrutxagak eta Sukuk hitz egin dute. 2001ean Pumorin hildako Beñat Arrue, 22 urteko gaztea gogoan. Suku, erori-eroria ikusi genuen Santa Engraziako erlojua konpondu eta festa egin zen egun hartan, etorri berritan (2017). Orain, ebakuntza egin berria izan arren, poza ematen du, orduko gain hartan bertan, bere burutazioak eta Katmandu aldeko gorabeherak euskaraz kontatzen ikustea, eta, gero, Felipe Uriarterekin Sukuren ama hizkuntzan hitz egiten.
Arantxak, momentu batean esaten du mendizale gazte horiek, hil aurretik, nolabaiteko eredu zirela herriko gazteentzako, heroi modukoak. Akiles bezala, heroi gazte eta suharrak.
Rita Levi-Montalcini (1909-2012), neurologian espezializatutako zientzialari italiarra, 102 urte bizi izan zen. Hark esana da honako esaldi hau: “Bizitzea edo hiltzea gauza bera da. Zeren, jakina, bizitza ez baitago gorputz txiki honetan. Garrantzitsuena da nola bizi izan garen eta zer mezu utzi dugun. Hori da bizirik irauten duena. Hori da hilezkortasuna” (El País, 2008/10/24). Gazte haiek nolakoak ziren, gazte haien mezua, haien bizitzeko grina… etengabe zabaltzen ari zaretenoi, bejondeizuela! Eta iraun dezala.
Eta zuri, irakurle, laster etorriko al da dokumentala Urola aldera, eta ez galdu, merezi du-eta. Poztuko nintzateke laster Aizarnan ikusteko aukera balitz. Hala bedi…
Argazkia: Suku eta Felipe Uriarte hizketan
Egin zaitez bazkide