225. Lehengoen edo gure aurrekoen aitortza

Garai berezi hauetan, ezagutza den-dena Interneten dagoela uste dugun garai hauetan, zaila egiten zaigu jabetzea zenbat altxor dagoen betiko paper zaharretan ezkutatuta, hemen lurrean, laino digital “zerutiar” horietatik aparte. Entziklopedia ikaragarri bat osatuko genuke Zestoari buruz idatzi dutenen artikuluak, prentsan eta aldizkarietan zabalduak eta ahanzturaren mende daudenak, bilduko bagenitu. Batzuk apartatzearren, Joan Erentxunen lanak, Jose Luis Arrizabalaga “Potxolo” eta gainerako kazetarien lanak, Juan Jose Saezmierarenak, Jose Sagarzazurenak, Iñaki Azkunerenak, Xabier Unanuerenak… Eta, jakina, gaur hona dakarkidan Jose Maria Zunzunegiren altxorrak. Ia esango nuke azken horiexek ditudala maiteenak, izan ere, besteek denek dituzte beren jarraitzaileak baina, susmoa dut, Zunzunegiri, jorratzen dituen gaiak (erlijioa) edo sakontasuna tarteko, ahate itsusiaren papera eman diogula zestoarrok.

Zunzunegik badu, nolanahi ere, alderdi bat, nola esan, ulertzen errazagoa eta “atseginagoa”, gehiago ezagutarazi beharko litzatekeena: Euskal Herriko zein Zestoako historiari buruzko lanak. Bere ibilbidean zehar, beti izan zuen sentsibilitate handia historiarekin, eta, batez ere, artearekin eta horren adibide hamaika artikulu idatzi zituen.

Arroa Goia, abrazo intergeneracional” dauka izenburu nik aztarkarako aukeratu dudanak (El Diario Vasco, 2003-12-26). “No era famosa esta iglesia –dio Zunzunegik–. Pero, graciosa, merece mención en las guías turísticas. Esta oquedad sagrada guarda temblores y auras telúricas”. Ez da edozein moduzko hasiera, hain eliza “apala” izateko. Eta batez ere, han zoruan gordetzen diren hilobiek ematen diote hizpidea apaizari: “Hemen gordetzen dira 129 hilobi, 1750ean, Jose Antonio Irurek, parrokiako maiordomoak, aipatzen dituenak; esaten du, Iruñeko gotzainak azken bisitaldi pastoralean agindutakoari jarraituz eraiki zirela”. Lanak Juan Bautista de Kereixaetak egin omen zituen. “Ya desde fechas mucho anteriores este suelo ha sido siempre cementerio de Arroa”, dio Zunzunegik. “Hilobiak anonimoak dira, bakoitzak bere zenbakia dauka bakarrik. 38.a da inskripzioa daukana: Martizena, oraindik tente irauten duen baserria; eta 74.ak bere egurrezko tapan “U” sendo bat darama, Uztapide esan nahi duena”. Ondoren, antzinako obrak zirela-eta agirietan kontserbatu diren hainbat arroarren izenak ematen dizkigu Zunzunegik, eta herritar haiek eliza eraikitzeko egin zituzten lanak eta eman zituzten dirulaguntzak aipatzen ditu.

Baina benetako idazle sena arroar haien kezkak eta gertakariak azaltzerakoan pizten zaio: “Guretzat bezala, haientzako ere ez zen izan beti erraza ongi bidea. Burua joan zitzaien behin baino gehiagotan. Ez zuten beti jokatu Arroako etorkizun onaren alde. Eliza honetan bertan ere, artean guztiz eraiki gabe zelarik, igandeko meza bete-betean, ikaragarrizko zailtasunak izan zituzten ongirako, 1614ko abuztuaren 31 hartan bezala, zeinetan Arroako eliztar batek, Esteban izenekoak, bere daga sartu zion bularrean bere komunitateko beste kristau bati, Martin izeneko bati, eta hil egin zuen.”

Zunzunegik kristau errukitsu on gisa, nahiago du, ordea, pasarte argitsuagoak kontatu, eta hala jarraitzen du: “Hori bai, askoz gehiagotan asmatu zuten on egiten, bizitzaren eta etorkizunaren alde egiten. Egia esan, ez ditugu mitifikatu behar kritikoki [akritikoki?] gure aurrekoak. Baina, apalak edo apartekoak izan, zenbat hobetze ekintza, eskuzabaltasun ekintza, egin zituzten ondorengoen komunitatea bere baliabide material eta espiritualekin errealitate izan zedin.” Eta adibideak jartzen hasita, Zesareo Erentxun, Joanen eta Eloyren aita, aipatzen du.

Askok ez dute jakingo Zesareo zein zen ere eta hemen Zunzunegiren pasartea: “Zesareo Erentxun jaunak hemen Arroan organista kargua izan zuen berrogeita zazpi urtean eta berrogeita bian maisu zeregina. Organista ez da jubilatzen. Bi gauzek nabarmentzen zuten gizon txukun hura, janzkera ezin garbiagoarekin, bizarra ondo moztua, arretatsua, txorien laguna. Erentxun ez zen etxetik ateratzen poltsikoan txanpon xehe batzuk gabe, garai haietako kobrezko txanpon xehe onuragarri haiek gabe, bidean behartsu batekin topo egiten bazuen edo. Eta beste karitate berezi bat ere jarraitzen zuen: ez zuen onartzen bere aurrean inorengandik gaizki hitz egiterik. Bere organoaren teklatuan hil zen, San Migel egun batean, Victimae Paschali-aren zati bat jotzen ari zelarik. Muturrez aurrera erori zen kontsola gainera, gero atzera berriz jaiki zen, kostata, begirada jada galdurik, instant batean auskalo zer nota sublime eta ulergaitz jotzen jarraitzeko, eta berriro erortzeko, oraingoan betirako. Nik pentsatzen dut heriotza miresgarri hori, imajina litekeen heriotzarik ederrena, ez zela izango bakarra.”

Eta bukatzeko beste gizon eredugarri batzuk gogoratzen ditu, eta amaiera ematen dio artikuluari. Arroako elizaren zaharberritzea egin zeneko artikulua denez, Zunzunegik esaten du lan haiek egiten ari diren bitartean, hildako kristau haiek han daudela eta nolabait berpiztu egin direla sentitu duela behin baino gehiagotan (“he sentido más de una vez que nobles ejemplares de humanidad y fe cristiana de Arroa, desde su condición paradisíaca, nos han acompañado y han florecido aquí de nuevo”).

Sinesmenak alde batera utzita, lehengoen, gure aurrekoen, aitortza egiten du Zunzunegik artikuluan, iragana ahaztu eta orainaldi etengabe bat defendatzen duen gizarte umetu honetan.

Argazkia: Bizente Dávila, “Zestoa Patrimonio Histórico-Artístico”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide