226. Gure aurrekoek merezi ez duten mespretxua

Zestoako plazak pena ematen dit”, dio gure Jonek bere txokoan (Zuri-beltzean, lehen eta orain). Ez du arrazoi faltarik, eta esku-eskura jarri dit aukera hau irakurri nahi duenari pare bat gauza esateko.

Duela ez urte askora arte gure gune historikoak estaltzen zituzten zoru harriztatuak –las hermosas alfombras pétreas, irakurri dut Interneten– ia guztiz desagertu dira. Urrutira joan gabe, askok izango dute gogoan Zelaiakoa etxeak, kanpoko plazatxoan eta sarreran, zeukan errekarrizko zorua baina ez zen bakarra. Gaur egun, San Joan ermitaren atarian daukagu perla bikainena, hondatzen ari dena eta baztertuta utzi beharrean ondo kontu egin beharko litzaiokeena. Eta, jakina, Zestoako plazan (Arroakoa, garai berekoa, bidali zuten haizea hartzera inor asko aztoratu gabe).

Ingurua nolakoa zen, hau da, aldapa zen, laua zen eta abar, eta materiala lortzeko erraztasunak izaten zuten eragina, batez ere, herri bakoitzean aurkituko genuen zoruaren ezaugarriekin. Printzipioz, merkeagoa zen errekarrizkoa harlanduzkoa baino. Askoz lan gehiago zuen errekarria jartzeak, hori bai, baina garai haietan eskulana merkea zenez, merezi izaten zuen. Nolanahi ere, ibilgailuak ibiltzen ziren tokietan (kaleetan, espaloietan…) erabiliagoa zen galtzada-harria (adokina). Idi-probatarako eta, egokiagoa da, berriz, errekarria eta horixe izango zen, seguruenik, plazarako material hori aukeratzearen arrazoia. Ezin jakin, labur mintzatzen dira-eta orduko paper zaharrak plazako zorua berritzeko arrazoiak ematerakoan.

Urtero bezala, udalak atera zuen lehiaketara zekorketak antolatu eta barrerak muntatzeko deialdia, eskatu zitzaion Gobernadoreari festak egiteko baimena, ospatu ziren festak, barrerak ateratakoan hasiko zen euria orduan ere, iritsi zen udazkena eta 1893ko urriaren lehenean hartu zuten erabakia udal gizonek: “Incontinenti, se tomó el acuerdo de satisfacer desde luego las obras del nuevo empedramiento de la plaza de Arrona, llevadas a cabo recientemente, y proceder inmediatamente a las del también nuevo empedramiento de la plaza mayor de esta Villa y costrucción del paso comprendido entre la alhóndiga y la casa llamada Illarraga.” Ikusten den bezala, aurrena Arroagoiko plazako zorua egin zuten eta, itxura denez, zestoarroi gustatu nola geratu zen, eta gurean ere antzeko zerbait egitea erabaki zuten.

Gure plaza harriztatzen egin zuten lana ondorengo ez-jakinontzat ondo jasota uzteko asmoarekin edo, xehetasun handiz daude jasota orduko diru-kontuak Jose Ramon Elorzari esker, eta merezi du hemen pixka bat kontatzea. Guztira 4.387,39 pezeta kosta ziren lan haiek. Atera kontu, garai haietan, esate baterako, herriko medikuak 1.500 pezeta irabazten zituela urtean. Eman dezagun xehetasun gehiago:

  • Migel Antiari, 906,35 metro karratu harri Zumaiatik Zestoako plazara ekartzeagatik: 764,24 pezeta.
  • Sebastian Alkortari, 57 gurdikada harri xehe, Zumaia eta Zarautz artean biltzeagatik: 835,83 pezeta.
  • Manuel Maria Aizpururi, 202,90 metro karratu galtzada-harrirengatik: 710,15 pezeta.
  • Jose Leon Etxeberriari, Zumaiatik ekarritako 29 gurdikada hondar: 130,50 pezeta.
  • Jose Maria Mitxelenari, Zumaiatik ekarritako 40 gurdikada hondar: 180,50 pezeta.
  • Jose Unanueri (hargina), 76 eguneko lanagatik: 266 pezeta.
  • Patrizio Muruari (pioia), 19 egun eta erdiko lanagatik: 29,25 pezeta.
  • Benito Zubimendiri (pioia), 9 eguneko lanagatik: 18 pezeta.
  • Jose Antonio Urbietari (pioia), 49 eguneko lanagatik: 80,25 pezeta.
  • Jose Zulaikari (pioia), 71 eta erdiko lanagatik: 143 pezeta.
  • Joan Maria Zulaikari (pioia), 31 egun eta hiru laurdeneko lanagatik: 63,50 pezeta.
  • Frantzisko Aizpururi (garraiolaria), 12 eguneko lanagatik: 72 pezeta.
  • Jose Manuel Odriozolari (garraiolaria), egunaren hiru laurdeneko lanagatik: 4 pezeta.
  • Jose Maria Kerejetari (hargina), 85 egun eta erdiko lanagatik: 320,50 pezeta.
  • Pedro Kerejetari, 85 egun eta erdiko lanagatik: 165 pezeta.
  • Roman Elustondori (pioia), 57 egun eta erdiko lanagatik: 115 pezeta.
  • Nizeto Regili (garraiolaria), 15 egun eta erdiko lanagatik: 93 pezeta.
  • Jose Manuel Iruretari (pioia), 29 egun eta laurdeneko lanagatik: 43,87 pezeta.
  • Ramon Aldalurri (pioia), 29 egun eta laurdeneko lanagatik: 20 pezeta.
  • Jabier Odriozolari, zortzi harri (buruzuriak?) kokatu eta konpontzeagatik: 86 pezeta.
  • Jose Migel Azpillagari, errementari lanagatik: 49 pezeta.
  • Benito Egigureni, plazako langileei emandako ardo eta ogi errazioengatik: 198,30 pezeta.

Datu asko dira baina lanaren garrantzia ikusteko nahikoa da gauza orokor batzuei erreparatzea. Esate baterako, material guztiari: ia 1.000 metro karratu harri, 57 gurdikada harri xehe, 202,90 metro karratu galtzada-harri, 69 gurdikada hondar.

Garrantzitsua da, baita ere, langile denen artean egindako lana. 85 egun inguru iraun zuten lanek, baina langile denen jarduera batuz gero, 567 egun inguru ateratzen zaizkit niri.

Gero erantsi behar zaio obra horietan ibilitako langileak, harria saldu zuten hiru zumaiarrak izan ezik, denak zestoarrak zirela. Bistakoa da beren lana ordaindu ziotela, baina pentsatzekoa da ilusio ikaragarriarekin egingo zutela lan hura bere herria edertzeko helburuz.

Delitu ikaragarria litzateke, beraz, 1893 hartako zestoarrek, ahalegin handiz, izerdi franko aterata, baina inguruko plazarik ederrena egiten ari ziren ilusioz, eraiki zuten hura guk orain mespretxuz hartzea eta abandonu bizian uztea. Alferrik da agerraldi guztietan atzean pankarta handi bat dugula ateratzea (“Izan zirelako gara; garelako izango dira”) gero gure aurretik izan zirenei begirune gehixeago ez badiogu. Eta ez naiz ari udalaz bakarrik, udalaz aparte herritar ugari baitago gure plaza begien aurrean ikusi nahi ez duena.

Datuak plazaratu ditugu. Han ibilitakoen izen eta apellidoak, egindako lanak eta pasatako egunak, eta abar ekarri ditugu. Ikusi dugu gure birraitona-amonek eraiki zutela inguruko herrietako plazarik ederrena den hori. Ea ba begirunez jokatzen hasten garen. Badago zeregina…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide