227. ‘Iristen da egun berri bat eta ni pozak txoratzen’

Arraroa badirudi ere, jende askok hasten du eguna irakurketarekin. Erri de Luca idazleak, esate baterako, igeltsero izan zen garaian, lanera joan baino ordubete lehenago Bibliako Itun Zaharra irakurtzen omen zuen. Gero, hausnarrean jarduten omen zuen irakurtzen zituen esaldi haiekin, eta lanorduetan zehar konpainia egiten omen zieten. “Oliba bat jan eta hezurra ahoan gordetzen duzunean bezala; gustua geratzen zaizu”, dio berak.

Beste batzuek –jende klase hori ugariagoa da (“zen” esan beharko ote dugu?)– egunkaria leituz hasten dute eguna. Ez dakigu horiek oliba hezurra bezala bueltaka ibiltzen ote dituzten albisteak buruan, baina tira.

Azkenik, bada (noizbehinka bada ere) goizean goiz poesia irakurtzen duen jendea, eta halaxe egin nuen neuk pasa den igandean. Ostiral arratsaldean erosita han neukan, kotxean, Pako Aristiren “Ni eta Gu. Zazpigarren uhina” eta zuhaizpe eder batera joan eta han ekin nion irakurtzeari. Antzinako Historia ikasitakoa izaki, lehenengo lerrotik bertatik sentitu nuen erakarpena: “Greziarrek zazpi urteko arotan / banatzen zuten gizakiaren bizitza. / Lehen zazpikoa haurtzaroa zen, / hurrengo biak, gaztaro, / ondorengo lau, helduaro, / hortik aurrera, zahartzaro.”

Antzinako Grezian, Pitagorasek (K. a. VI. mendea) eta beste hainbatek zenbaki perfektua kontsideratzen zuten zazpia, eta zazpiarekin lotzen ditu Aristik ere, hitzaurreko poeman, lanperna bilatzaileak, amodiotik bizitzea merezi duen edertasuna, munduko mirariak, Egiptoko izurriteak, Erromako muinoak, bekatu larriak, Liz Taylorren senarrak edo/eta Meliton Manzanas. “Eta hau nire zazpigarren poema liburua duzu, nire haurtzaroko azkena”, dio, hitzaurrea bukatu eta liburua zabaltzeko, Aristik.

Ez dagokit niri “Ni eta Gu”-ren literatur kritikarik egitea, bai, ordea, irakurle eta zestoar gisa nire poza adieraztea. Adituek naturaltasuna azpimarratzen dute bere poesiaren ezaugarrien artean. Erraz iristen da irakurlearengana. Ez du formak obsesionatzen. Bere poesian ez dago behar ez den edergailurik, azukrezko gehigarri lirikorik, baina oso iradokitzailea da bere xumean. Poesia narratiboa da, akzioak dauka garrantzia, pertsonaien ibiliek eta esanek. Kontakizunak transzenditu egiten du, ordea: kontatzen duen horrek indar berri bat hartzen du, unibertsalagoa. Badago, azkenik, galdutakoaren aroari buruzko nostalgia sentipenik ere. (Aristiren poesiaz sakondu nahi duenak material franko du Interneteko Armiarma/Literaturaren Zubitegian).

Liburuak dioen bezala, ni eta gu, gizakiak bizitza osoan duen dikotomiaz, hitz egiten dute poemok. Guztiaren lekuko erraldoia itsasoa da, eta haren inguruan umotu diren bizitzen presentzia.

Lehentxeago esan dudan bezala, poztu egin naiz argitalpen berri horrekin, irakurle eta zestoar naizen partetik. Aurreko batean Joxean Agirreri buruz esaten nuen bezala, Aristi ere gure herria literaturara eraman duten klub berezian sartu da poema liburu honekin, eta Baroja, Azorin, Unamuno, Barrensoro, Etxepare, Uztapide, Saezmiera eta gazteago batzuen mahaikide da dagoeneko. Egia esateko, lehen ere bazen talde berezi horretako partaide, bai behintzat Ekaini poema eder hura eskaini zionetik: “Ekaingo haitzuloan margolaria / lotara joan zen, / eta hogeita hamar mila urte geroago / ‘neoia’ deituko zuten / argi batekin egin zuen amets: / sua baino biziagoa litzatekeen / izotzaren antzeko dirdira bat.” (Oherako hitzak).

Orain, ordea, beste urrats bat eman du. Hemen aipatzen ari garen “Ni eta Gu. Zazpigarren uhina” liburuan bizpahiru poema idatzi ditu zuzenean gure herria edo herritarrak aipatuz. Lehendabizikoa taberna bat eta bertako pertsonei buruzkoa da (ez diot pista gehiago emango irakurleari): “(…) Albak ateratzen nau ohetik, / egunsentiaren irrika hutsa / da niretzat gaua. / Ez dut jada musikarik behar / –Van Morrison, mila esker!–,/ argiaren tirainak narama / oinatzik gabeko kaleetara.”

Hurrengoa terraza bat (“Terrazara ateratzea aski dut / munduaren lau puntu kardinalak ikusteko” eta etxeko terrazan erratza astintzen edo arropa esekitzen ari den ezezaguna (“Irri egiten didazu, / eskuarekin diosal. / Eguzkirik ez denean, / zure soa da niretzat eguzki, / zure irribarrea, / hona iritsi nintzeneko / egunetan ongietorri.”).

Azkenik, 50. zenbakia daraman poema ezaguna dugu, lerro batzuen aurrerapena, protagonistak berak irakurrita, Interneteko bideo baten bidez izan genuelako: “Juanillo da herriaren arima. / Basoan katagorri bat nola / ikusten duzu kantoi / eta arkupeetan badoala, / egun berri bat iragarriz / kaleetan sigi-saga”.

Mutatis mutandis handi bat jarrita, Baroja ekarri dit gogora Aristik zenbait gauzatan. Biek ala biek, kanpotik etorrita toki berri bat esploratzen ari direla idatzi dituzte euren burutazioak. Biak beldur edo erreparo pixka batekin, bata medikuntzan eta bestea arrantzuan asko zaildu gabe daudelako (“Barkamena eskatu behar dizuet / mende guztietako arrantzaleei, / itsasoaren garratzik / ezagutu gabe / itsasoaz idaztera / ausartzen naizelako.”). Biak Mari Beltxa-ren ipuinaren tankeran: Baserri ilunaren atarian bakarrik geratzen zarenean, neba txikia besoetan duzula, urrutiko mendiei eta zeru urdinkarari so eginez, nora joaten da, Mari Beltxa, zure gogoa?” dio Barojak, eta Aristik, berriz, (…) Eta eskuinerago, zu, / terrazan erratza astintzen / edo arropa esekitzen. / Irri egiten didazu, / eskuarekin diosal. / Eguzkirik ez denean, / zure soa da niretzat eguzki, / zure irribarrea, / hona iritsi nintzeneko / egunetan ongietorri.

Biek ala biek gure herriko pertsona apalak bistaratzen dituzte: Barojak Bisiño, litxarreria saltzailea, koloregabeko bata zuriz jantzia eta alanbrez lotutako betaurrekoduna; Pitxia, epaile eta gozogile liberala; Parodi Bergarako maisu ohia eta abar luze bat. Aristik, berriz, tabernaria, bezeroak, etxekoandreak, kaleko jendea… Pertsonaia xumeak, apenas karakterizatuak, konturatu gabe poematan edo ipuinetan sartu eta irteten direnak baina bizitzak berak duen aniztasuna ematen dietenak literaturari.

Tira, irakurle bakoitzari ideia, hausnarketa, lotura, amets… bakoitzari bereak ateratzen zaizkio liburua esku artean hartzen duenean, eta niri goiko horiek atera zaizkit. Baina, jakina, hori dena baino askoz aberatsagoa da Aristiren lana eta, beraz, segi ezazu, irakurle, aleren baten bila. Portale elkartean esan didate aurkezpentxoa prestatzekotan direla. Zain geratzen gara.

Eta Pakori, on egin dagiola gure herriak eta inspirazio iturri ona izan dadila. Eta eskerrik asko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide